Haur eta nerabeen psikiatria zerbitzua berreskuratu du Bidasoa eskualdeak

  • Hilabeteetako aldarrikapena izan da, haur eta gazteentzako psikiatria zerbitzua bertan behera geratu zenetik Donostiara joan behar izan baitute Bidasoaldeko familiek, eta Donostiako zerbitzua gainezka zegoela salatu dute behin baino gehiagotan.

10.000 lagun baino gehiago elkartu ziren joan den ekainean Bidasoa eskualdean, osasun zerbitzuan murrizketak salatzeko. Mikel Garcia

2025eko irailaren 23an - 09:55
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak iragarri dute: Bidasoako eskualdeak haur eta nerabeen psikiatria zerbitzua du berriro ere, estaldura zaileko Enplegu Publikorako Eskaintza (EPE) bideratuta. Irungo Osasun Mentaleko Zentroan emango da zerbitzua. Haur eta nerabeen osasuna “funtsezko lehentasunetako bat” dela adierazi du Jaurlaritzak, eta oso garrantzitsua dela zerbitzua pazienteen ingurune hurbilean eskuragarri egotea. Horrez gain, familia-mediku eta pediatrekin Bidasoaldeko lehen arreta indartu duela gehitu dute Osakidetzatik.

Lehen zegoen psikiatrak lekualdatzea eskatu zuenetik, joan den hilabeteetan Donostiako Parte Zaharreko Osasun Zentrora bideratu dituzte Bidasoako haur eta gazteak. Osasun Bidasoa plataformaren arabera, kontsultak Donostiara bideratzeak eragin du hilabete hauetan haur eta gazte askok hitzordua ezin lotzea, edo lotuz gero hurrengo kontsultarako hilabeteak itxaron behar izatea, Donostiako zerbitzua gainezka dagoela-eta. Aldiz, Jaurlaritzak adierazi du “gorabeherarik gabe, bolumen asistentzialari eutsiz” eta are gehiago, “itxaronaldiak murriztuz” aritu dela zerbitzua Donostian.

Osasun zerbitzu gehiago arriskuan

Joan den ekainean, aspaldian Irunen ikusitako manifestaziorik jendetsuenetakoa egin zen, Bidasoako ospitaleko zerbitzuak desegitearen aurka. Psikiatria zerbitzuaz gain, larrialdi pediatrikoen hutsuneak sortu zuen herritarren haserrerik handienetakoa. Dena den, Osasun Bidasoa plataformak gogoratu zuen murrizketak hainbat espezialitatetan egiten ari direla, ez bakarrik haurren arretan: azken urteetan erradiologiako eta minaren unitateko arreta “nabarmen murriztu” dela adierazi dute, eta traumatologiako eta otorrinolaringologiako itxaron-zerrendak “modu kezkagarrian hazi” direla. ESK sindikatuak ere salatu zuen ospitalearen murrizketa “argia” dela, eta Bidasoaldeko biztanleen osasuna “arriskuan” jartzen ari direla.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Eguneraketa berriak daude