Nafarroako odol emaileen elkartea da Adona. Juan Antonio Castrok, elkarteko presidenteak, ohartarazi du odol eta plasma eskaria “handitzen” ari dela, eta eskaintza ez dela aski.
Ia hirurogeita hamar urte daramatza Adonak, Nafarroako odol emaileen elkarteak, odola ematearen garrantzia sustatzen. Juan Antonio Castro elkarteko presidentea da, eta urte amaierarako 5.000 plasma-emate lortu nahi ditu. Ohartarazi du urtez urte odol eta plasma eskaria “handitzen” ari dela, eta emaile “fidelak” eta “erregularrak” behar dituztela: “Biztanleria zahartzen ari da, eta gazteen erantzuna ez da aski. Pertsona gazteak eta osasuntsuak eta bizitasuna duten pertsonak behar ditugu”.
Oro har, hiru edo lau hilabetean behin eman daiteke odola, eta astebeteko tartean bitan plasma. Odola likidoz eta solidoz osaturiko ehun bizia da. Odolaren parte solidoak globulu gorriak, zuriak eta plaketak ditu. Parte likidoaren edo plasmaren %90 ura da, eta gainerakoa gatz mineralak eta proteinak. Plasma eskuratzean globulu gorririk hartzen ez denez, bi teknikak uztartu daitezke. Hortaz, hilabete batean bi plasma emate egin daitezke edo plasma eta odol emate bana.
"Biztanleria zahartzen ari da, eta gazteen erantzuna ez da aski. Pertsona gazteak eta osasuntsuak behar ditugu"
Plasman dauden proteinak, esate baterako albumina, terapia medikuetarako erabiltzen dituzte. Horregatik, hala nola nahasmendu autoimmuneak, nahasmendu hemorragikoak, traumatismoak edota koagulazio nahasmenduak dituzten pertsonen tratamendurako erabiltzen da plasma.
Plasma edota odola emateko baldintzak igualak dira, baina aldaketa txiki batzuekin. Adibidez, odolaren kasuan 50 kg baino gehiago pisatu behar dira, eta plasmarako 55 kg. Lehen gehienezko adina 65 urte ziren, baina egun, medikuaren baimena duen edonork eman dezake. Plasma emateko prozesua luzeagoa denez, ia ordubetekoa, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da. Horretako, Adonaren webgunea, aplikazioa edota 848 422 500 eta 848 422 490 telefono zenbakiak erabili daitezke. Nafarroako odol bankuak Iruñean eta Tuteran ditu egoitza nagusiak, baina herriz herri ibiltzen dira furgoneta batekin.
Segurua eta erraza
Plasmaferesis izeneko teknika erabiltzen dute plasma eskuratzeko. Makina baten bidez odola atera, beharrezkoak diren osagaiak hartu, eta gainerakoa odol emaileari bultzatzen zaio. Adibidez, hilekoarekin dauden pertsonen kasuan ez dago arazorik plasma emateko, ez dituztelako globulu gorriak galtzen. Plasmaren berriztatzea “azkarra” da; 48 ordutan ohiko egoerara itzultzen da.
Castrok azpimarratu du plasma ematea “segurua” eta “erraza” dela, eta “gizatasun” keinu bat dela: “Bizitza eta heriotzaren arteko desberdintasuna odol edo plasma poltsa batean dago”. Besteen osasunean eragina izateaz gain, emaileen “kontzientzia handitu” eta “arduratsuagoak” egiten dituela dio.