Erresonantzia magnetikoen zerbitzuaren lantaldean murrizketak egingo ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta neurri horri uko egiteagatik baztertu dute Cristina Gervás Osatek-eko Gipuzkoako burua. Osakidetzak argudiatu du lantalde murrizketak bilatzen duela “kudeaketa-eredu integratuagoa, arinagoa eta profesionalen zein herritarren premiekin koherenteagoa izatea”.
 
                                                        Erresonantzia magnetikoak egiteaz arduratzen den sozietate publikoa da Osatek, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Gipuzkoako lantaldea murriztu nahi du. Lau lagunek osatzen dute erresonantziak egiteko ohiko lantaldea: erradiologo batek, teknikari batek, laguntzaile batek eta idazkari batek. Osasun Sailak adierazi du baina, laguntzailea edo idazkaria egon ezean, gainerako taldekideek egin beharko dutela hari zegokion lana, falta den langilea ordezkatu gabe. Bizkaian jadanik horrela ari dira lan egiten. Horren kontra agertzeagatik kendu dute kargutik Gervás, Berriak jakinarazi duenez.
Osakidetzak argudiatu du neurri berriarekin “egitura inguruneko eskaeretara” egokituko duela. Gaineratu duenez, neurri horrek “kudeaketa-eredu integratuagoa, arinagoa eta profesionalen zein herritarren premiekin koherenteagoa izatea bilatzen du”, eta “Osateken funtzionamendua homogeneizatu nahi du hiru lurralde historikoetan, bakoitzean identifikatutako jardunbide egokienak aplikatzea sustatuz”.
Gipuzkoan eskasia dago erresonantzia magnetikoen zerbitzuan, otsailean Donostiako Ospitalean makina bat matxuratu zenetik. Orain, sei ekipamendu baino ez daude lurraldean, horietatik lau Donostian —bi Donostiako ospitalean, bat Onkologikoan eta beste bat Amara Berriko osasun zentroan—, eta beste biak Eibarren eta Zumarragan. Ondorioz, erresonantzia magnetikoak egiteko itxaron zerrendak asko handitu dira Gipuzkoan, %15 azken sei hilabeteetan. Gaur egun, ia 15.000 paziente daude zain, erresonantzia egiteko noiz deituko dieten, Berriaren arabera.