Flotilla gelditu du Israelgo armadak, Gazara iritsi aurretik. Ontziak Israelek "arrisku eremu" gisa izendatu duen lekuan dira asteazken goizetik. Iluntzean, 20:30ak pasatxoan heldu dira ontzi militar israeldarrak lehen abordaiak egitera. Flotillako ontzietan zihoazen lau euskaldunak atxilotu ditu Israelgo armadak. Protestak deitu dituzte Euskal Herrian ostegun arratsalderako.
Global Sumud Flotillak salatu duenez, Israelen ontzidiaren aurka egindako erasoa “legez kanpoko bahiketa” da eta “nazioarteko legediaren eta oinarrizko giza eskubideen urraketa zuzena”, Israelek ez baitu aginterik nazioartekoak diren uretan, ezta Gazako kostaldeko uretan ere.
Flotillako ordezkariek azaldutakoaren arabera, Israelgo armadak itsasoan zabaldutako kate gisako batekin geldiarazi ditu flotillako hainbat itsasontzi, eta hori nazioarteko legediaren "guztiz aurkakoa" da.
Arratsaldeko lehen orduan argitara emandako agirian azaltzen denez, Israelgo gerra ontziek “ur kanoiekin eta kutsatutako urarekin” egin dieten eraso eta komunikazio guztiak eten dizkiete. Azpimarratu dute flotillako kideak jarrera baketsuan agertu direla beti eta euren helburu nagusia Gazara giza laguntza ematea zela.
Flotillako ordezkarien esanetan, 450 bat boluntario atxilotu ditu Israelgo armadak, baina haien ordezkaritza juridikoaz arduratzen ari den Adalah abokatuen elkarteak oso informazio gutxi jaso du haien egoeraz. Israelgo armadak bahitutako herritarrak MSC Johannesburg izeneko gerraontzi erraldoian bide doaz, Ashdot hirirantz eta han auzipetzea espero dute: “Legez kanpoko atxiloketa da hori, eta nazioarteko uretan itsasontzi humanitarioen bidea etetea gerra krimena, baina bahituei dagokien legezko laguntza ez emateak eta nora eraman dituzten ezkutatzeak, delitu hori larritzen dute”.
Nazioarteko gobernu eta agintariei eskatu diete egin ditzatela ahaleginik handienak atxilotuei buruzko informazioa lortzeko, haien segurtasuna bermatzeko eta haien berehalako askatasuna exijitzeko. “Gure konpromisoa argia da: Israelen legez kanpoko blokeoa apurtzea eta Palestinako herriaren aurkako genozidioa geldiaraztea. Hori oztopatzeko ahaleginetako bakoitzak gure jarrera are eta irmoagoa egiten du".
Azaldu dutenez, bandera frantsesa duen Mikeno ontzia Palestinako uretan egon liteke jada, baina galduta dute haren kontaktua; bandera poloniarra daraman Marinette ontziarekin, aldiz, Starlinkeko konexioa dute oraindik eta sei bidaiari eramaten ditu Gazarantz.
Israelgo Gobernuak jakinarazi duenez, flotillako itsasontzi guztietako bidaiariak atxilotu dituzte jada.
Palestinako Kanpo Ministerioak Israelgo erasoa gaitzetsi du eta gogorarazi du ez duela eskumenik Palestinako uren gainean: "Palestinako Estatuak berresten du Israelek ez duela Palestinako uren gaineko subiranotasunik, Israel Palestinan egiten ari den okupazioa legez kontrakotzat jo baitu Nazioarteko Justizia Auzitegiak". Ontzietan zihoazen kideen egoerarengatik "ardura" adierazi du Palestinak, eta gogorarazi du flotilla ekimen "baketsu eta zibila" dela, Israel Gazako Zerrendan ezartzen ari den blokeo "anker eta ilegalarekin" amaitzeko.
44 ontziko flotillatik, lau oraindik bere bidean ari dira, zuzeneko seinaleak erakutsi duenez. Marinette, Mikeno, Shireen eta el Summertime Jong dira ontziak, baina azken bi horiek babes legala eskaintzen duten ontziak dira, eta, beraz, Gazarako bidea utzi dute. Gazako portutik hurbilen Mikeno ontzia dago, jada Palestinako uretan sartuta: portutik 7 itsas milara zegoela, ordea, bere GPS seinalea galdu da. Gainontzeko 40 ontziak edo asaltatuta edo "ustez asaltatuta" daude.
Ikama ikasle antolakundeak bat egin du ostegun honetan Gazarako Mugimendu Globalak gaur arratsalderako deitu dituen mobilizazioekin, baita EHUn eta NUPen egingo direnekin ere.
Gainera, urriaren 3an, ostiralarekin, mobilizaziora deitu ditu ikasleak eta ikastetxeetan elkarretaratzeak egingo ditu Genozidioa Gelditu! lelopean: "Euskal Herriko ikasleoi kalera ateratzea dagokigu", azaldu dute.
Flotillako euskal ordezkaritzaren prentsa lantaldeko Ana Casconek ARGIAri baieztatu dio informazioa. Lau euskal herritar abiatu ziren Bartzelonatik Gazara bidean Global Sumud Flotilla nazioarteko ekimenean: Itziar, Jotas, Karim eta Mikelon (euren abizenak ez ematea erabaki dute).
Itziar eta Jotas izan dira soldadu sionistek atxilotu dituzten lehenak, biak Sirius-Haifa ontzian ziren. Asteazkeneko 19:30ean bidali zion Itziarrek audio bat ARGIAri, militarrek ontziak inguratzen ari zirela eta atxiloketa edozein unetan gerta zitekeela ohartarazteko.
Mikelon eta Karimen ontziek gehiago gerturatu ahal izan dute Gazara, baina gelditu egin dituzte asteazkenean bertan ere. Casconek azaldu duenez, Mikelonek mezua bidali zien Inana ontzitik, atxiloketa gertatzear zela abisua emanez, eta pixka bat geroago berbera egin zuen Karimek Meteque ontzitik. Ordutik kontaktua galdu dute biekin.
Mediterraneo inguruko komunikabideetan gertakariak presentzia handia du. Aldiz, Alemanian isiltasun handia dago, eta Erresuma Batuan nahiko atzean ematen dute notizia.
Gorka Peñagarikanoren errepasoa nazioarteko prentsari.
Antolakuntza egiten ari den zuzeneko jarraipenaren arabera, Euskal Herrian 7:00ak direla Global Sumud Flotilla osatzen duten 44 ontzietatik hemeretzi gelditu ditu estatu sionistak, eta beste 25ek nabigatzen jarraitzen dute.
Nazioarteko uretan Israelek atzemandako ontziak “gutxienez” hamahiru zirenean, Al Jazeerak antolakuntzako iturriak aipatuta argitaratu duenez, 37 herrialdetako 200dik gora ekintzaile zeuden atxilotuta. Flotillako bozeramaile Saif Abukeshek-ek adierazi du gainontzekoek “Gazara heltzeko borrokan” jarraitzen dutela.
Nazioarteko BDS mugimenduak, flotillaren bahiketa ikusita, “ekintza baketsu disruptiboak” areagotzeko deia zabaldu du. “Estatu, korporazio eta erakunde konplizeen aurkako” ekintza baketsuak egitera deitu du, “inpunitate osoarekin” amaitzeko.
Gobernuek Israel burutzen ari den genozidioarekin duten konplizitatea eten behar dutela azpimarratu du BDSk, eta gogorarazi du isunak direla genozidioa geldiarazteko eta apartheid erregimena ahultzeko era bakarra. Gobernuek Israelekin duten akordio oro moztu behar dutela gehitu du, “enbargo militar eta energetiko batetik hasita, zentzuzkoa denez”.
Israelek genozidioagatik “ordaindu” behar duela azpimarratu du: “Gazako palestinarrak gosez hiltzen jarraitzen duen egun bakoitzak are beharrezkoago bihurtzen du konplizitatearekin apurtzea eta isunak eskatzea”.
Flotilla asaltoz hartu dutela jakin bezain pronto, nazioartean erreakzioak areagotu dira. Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEko errelatoreak erasoa gaitzetsi du, eta Mendebaldeko gobernuei beren erantzukizuna aurpegiratu die. “Israelen legez kontrako blokeoa apurtzen beren bizitzak arriskuan jarri dituztenak atxilotzen dituzten bitartean, nire burua Gazako jendearengana doa, heriotza esparruetan harrapatuta daudenengana. Mendebaldeko gobernuek lotsatu beharko lukete, beren gelditasun konplizeagatik”.
Euskal Herrira etorrita, EH Bilduk elkartasuna adierazi die bahitutako ekintzaileei eta Palestina babestu eta Israel isolatzeko deia egin du. Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak ere gaitzetsi du erasoa, eta Europar Batasunari eskatu dio Israelekin harremanak moztu ditzala.
Flotillan doan ekintzaile espainiar batek Espainiako Telebista publikoan jakinarazi duenez, ontzidiak aurrera jarraitzen du Gazara bidean, bost korapiloko abiaduran. 110 kilometro inguru falta zaizkie helburura heltzeko. Kide honek azaldu duenez, "bat gelditzen badute, besteok aurrera jarraitzen dugu. Finkatutako helburuaren bila goaz".
Ekintzaileek salatu dute Israelgo armadak Global Sumud Flotillaren aurkako erasoan areagotu egin duela bortizkeria maila. Sare sozialetan zabaldu dutenez, Florida izeneko ontzia propio kolpatu dute eta Yolara, la Meteque eta beste zenbait ontziren aurka ur kainoi indartsuak erabili dituzte. Horrenbestez, desarmatutako misio humanitario baten aurka legez kanpoko ekintzak egitea egotzi diote Israeli.
Bidaiari guztiak onik daudela jakinarazi dute antolakuntzatik.
Kolonbiako presidente Gustavo Petrok asteazken arratsaldean jakinarazi du Israelekin duen merkataritza akordioa bertan behera utzi duela, eta estatu sionistak Kolonbian duen delegazio diplomatiko osoa kaleratuko duela. Erabakia Israelgo armadak flotillan zeuden Kolonbiako bi emakume atxilotu dituela jakin ostean hartu du. Netanyahuri nazioarteko beste krimen internazional bat egitea leporatu dio, eta honela defendatu du hartutako erabakia: “Merkataritza ez da bizitza baino garrantzitsuagoa”.
Ez da lehen aldia Petrok Gazako genozidioaren aurka hitz egin duena. 2024ko maiatzaren 1ean Israelekin harreman diplomatikoak bertan behera utzi zituela jakinarazi zuen; pasa den asteko NBEko bileran, Gazako genozidioa salatu zuen. Azken horren ondorioz, Donald Trump AEBetako presidenteak bisa kendu zion.
Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, Israelgo armadak 51 pertsona hil ditu azken 24 orduetan. Kopuru horretan ez daude jasoak gosez eta gaixotasunen ondorioz hildakoak. Hildakoen artean, laguntza umanitarioa jasotzera joandako lau pertsona daudela zehaztu dute.
Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzarrak jakinarazi du behin behinean operazio guztiak geldiarazi behar izan dituela Gaza hirian, eta bortxaren areagotzeagatik bere langileak berkokatu behar izan dituela.
Yom Kippur jai judua pasatu eta gero –ostegunean amaitzen da– flotillako atxilotuak deportatu egingo dituzte, Danny Danon NBEko Israelgo enbaxadoreak esan duenez. “Ez dugu baimenduko ezein egoera arriskutsu gertatzea gerra eremu batean, gure subiranotasuna zalantza jarri dezakeenik. Israelgo lurraldean legez kontra sartzen ahalegindu diren horiek Yom Kippur pasatu eta berehala deportatuko ditugu”.
Danonek gehitu du flotillak ez duela laguntzea helburu, “probokazioa” baino: “Israelek behin baino gehiagotan eskaini du Gazara laguntza era baketsuan sartzea, baina flotillak ez du interesik izan”.
Israelgo hedabideen arabera, sei dira oraingoz atzemandako ontziak. Hauek dira ontziak: Deir Yassin/Mali, Huga, Spectre, Adara, Alma eta Sirius.
Israelgo soldaduek asaltoz hartu dituzte ontziak eta bertan doazen ekintzaile ugariak atxilotu.
Al Jazeerak informatu duenez, normalean, atxilotuek prozesu legal bati egin behar diote aurre, baina Israelen Yom Kippur jaieguna denez, ia dena itxita dago, baita epaitegiak eta espetxeak ere. Horrek linboan uzten du atxilotuen etorkizun hurbila. Turkiako atzerri ministroak flotillaren atzematea "ekintza terrorista" gisa definitu du.
500 metro inguruko ontzi israeldar bat gerturatu da flotillara, eta bertara eraman dituzte atxilotutako kideak. Israelgo Kanpo Ministerioak baieztatu egin du atxilotutakoak Israelgo portu batera eramango dituztela, X sare sozialean zabaldutako mezuan. Lekualdaketa “era seguruan” egiten ari direla adierazi du. Mezu horretan bertan jakinarazi du Greta Thunberg aktibista atxilotu dutela, eta trufati gehitu: “Greta eta bere lagunak salbu daude”.
Global Summud Flotilla ekimenaren Euskal Herriko ordezkaritzak hainbat mobilizazio antolatu ditu, "flotilla askatzea", Israelekin harremanak haustea eta estatu sionistari armen enbargoa ezartzea aldarrikatzeko.
Goizean EHUn burutuko dituzte mobilizazioak: Gasteizen, 12:30etan eta 18:00etan Letren fakultatearen aurrean; Donostian 11:00etan Carlos Santamarian; Leioan 10:30tan Mikel Laboan. Hego Euskal Herriko hiriburuei dagokienez, manifestazioak 19:00etan izango dira: Gasteizen, Bilbo plazatik hasita; Bilbon, Eusko Jaurlaritzatik; Donostian, Boulevardetik; eta Iruñean, Merindadesetik. Bilbon 13:00etan giza katea ere egingo dute, Gobernu Zibilean.
Gernika Palestina ekimenak bat egin du flotillako deialdiekin eta Palestinarekin Elkartasunak ere bai, eta ordu berean Euskal Herriko udaletxe guztien parean biltzeko deia gehitu du. Urruñan 18:00etan herriko etxearen aurrean biltzera deitu dute. Azkenik, ostegun honetarako ikasle-greba deitua zuen Ikasle Abertzaleak-ek, eta hainbat deialdi daude goizerako.
Flotillaren atzemateak protestak lehertu ditu asteazken gauean bertan. Jarraian zenbait bideo:
Napolin trena eten dute
Berlin
Bruselan
Istanbulen
Bartzelonan
Atenasen
Israelgo armadak zabaldu duen bideoan ikusten denez, Greta Thunberg aktibista ekologista suediarra atxilotu du. Thunberg Alma ontzian zihoan, jada Israelen eskuetan dagoena.
Protestak lehertu dira Italiako hainbat hiritan, Israelgo Armadak flotillako ontziak atzeman dituela jakin berritan.
Napoles hirian adibidez, manifestariak tren geltoki nagusian sartu eta trafikoa eten dute, eta Erroman poliziak tren geltokia inguratu du, manifestariak gerturatzen ari zirenean.
CGIL sindikatuak abisua emana zuen: Israelgo armadak flotillari eraso eginez gero, greba orokorra deituko zuen. Esan eta egin, horretarako deia zabaldu du sindikatuak. Flotillaren abordaiaren berri jakin bezain laster, protestak ugaritu dira Italiako zenbait hiritan: Erromako kaleetako irudi jendetsuak zabaldu dira dagoeneko.
Matteo Salvini Azpiegitura eta Garraio Ministroak grebaren aurkako iritzia eman du sare sozialetan: “Ez dugu baimenduko CGILek eta ezker muturreko militanteek Italiara kaosa ekartzea. Ez dugu inolako greba orokorrik onartzen”.
Kamerak zerbitzurik gabe daudela diote, lineak moztu dizkiotelako, eta militarrak ontzietara sartu direla salatu dute.
ARGIAk harremana galdu du ontzidian doan Itziar euskal herritarrarekin. Dagoeneko atzemandako Sirius-Haifa ontzian doa.
'Alma', 'Sirius' eta 'Adara' ontziak dira, hainbat hedabidek esan dutenez.
Mezu labur bidez jakinarazi dute lehen ontziak atzematen hasi dela Israelgo armada.
Espainiako irrati-telebistak zuzeneko konexioa zabaldu du flotillan doan kide batekin. Esan du 20 metro baino luzeagoko itsasontziak dauzkatela inguruan, baita ontzi arinak ere, txalupak; uste dute azken horietara pasaraziko dituztela eta atxilo eraman. Itsutzeko moduko fokuak jaurti dituztela esan du ontzidiko kideak. Besoak altxatzeko esan diete, argi uzteko ez doazela armaturik, eta uste duenez, argazkiak egin eta pertsonak identifikatzen ere ari dira.
El País egunkarian irakur daitekeenez, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezek "konfiantza" du Israelgo Gobernuarengan. Era berean, hitzeman du "babes diplomatikoa" emango dietela ontzidian doazen espainiartasuna dutenei.
Defentsa ministroak astearte goizean jakinarazi duenez, Espainiako armadaren Furor ontzia, ustez Global Sumud ontzidia babestera joan dena, "ez da arrisku eremuan sartuko", baina "limiteraino" joango da. Margarita Robles ministroaren esanetan, "une honetan balantzan ipini behar dira ardura eta segurtasuna".
Armada sionistak ontzidi humanitarioari ohartarazpena bidali dio irrati bidez. Alma itsasontzikoek erantzun diote ez dutela itzulia emango, helburu humanitarioak dituztelako.
Zenbait drone inguruan dituzte hegan.
19:30ak aurretik, ontzidi humanitarioaren antolakuntzak jakinarazi du hogei itsasontzi baino gehiago gertu
ratzen ari zaizkiela paretik. 20:00ak aldera eguneratu dute informazioa: ez dakite zenbat ontzi diren, eta sei itsas milia ingurura daude.Global Sumud-ek jakinarazpena bidali bezain pronto, flotillan doan Itziar euskal herritarrak ARGIAri jakinarazi dio ontzidiko denak "lasai eta ondo" daudela, eta Gazara heltzeko konpromisoari tinko eusten diotela. Era berean, Israelen jarrera salatu du, Gazan egiten ari den genozidioa, eta ontziditik deia luzatu du azken egunotan luzatu diren greba deialdiekin bat egitera, eta oro har, Palestinaren alde mobilizatzera.
Goizeko 2:30ean eta 5:10ean alarma piztu dute Gazara bidean doan Global Sumud Flotillak ontzietan, Israelgo armada hurbiltzen ari zela eta. Asteartetik asteazkenerako gauean "arrisku eremuan" sartu da Global Sumud Flotilla, Gazako kostaldetik hurbil, eta edozein unetan Israelgo armadaren erasoa gertatu daitekeela ohartarazi dute.
Flotillako euskal ordezkaritzaren prentsa lantaldeko Ana Casconek ARGIAri baieztatu dio informazioa. Lau euskal herritar abiatu ziren Bartzelonatik Gazara bidean Global Sumud Flotilla nazioarteko ekimenean: Itziar, Jotas, Karim eta Mikelon (euren abizenak ez ematea erabaki dute).
Mediterraneo inguruko komunikabideetan gertakariak presentzia handia du. Aldiz, Alemanian isiltasun handia dago, eta Erresuma Batuan nahiko atzean ematen dute notizia.
Arratsaldean herri guztietako udaletxeen aurrean mobilizatzera deitu dute, eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioak egingo dituzte. EHUn ere antolatu dituzte mobilizazioak.
19:30ak aurretik, ontzidi humanitarioaren antolakuntzak jakinarazi du, GPSaren arabera, hogei itsasontzi baino gehiago gerturatzen ari zaizkiela pare-paretik.
Flotillari Israelek eraso eginez gero, greba orokorra antolatzeko prest zeudela adierazia zuen Italiako sindikatu handiena den CGIL-eko buruak, Il Messaggero egunkariak jaso duenez. Asteazken gauean, deialdia jada publiko egin dute: ostiralean greba orokorra.
Ikasturte berriarekin batera, EHU Palestina plataformako kideok berriro batzen hasi gara, ikasgela, ikerketa eta gainerako unibertsitate-jardueretan Palestinan Israel egiten ari den genozidioa eta horren konplizeak salatu eta baztertzeko. Abiatu ginenean oso bakarti sentitu... [+]
Nazioarteko ontzidiak larrialdiko prentsaurrekoa deitu du asteazken goizean, “arrisku eremuan” sartu berritan. Itsasontzietan dauden kideek “intimidazioa” eta “gerra psikologikoa” salatu dituzte Israelen eskutik. Albanese NBEko errelatore... [+]
Hilabetetik gora darama itsasoan Gaza helburu duen Global Sumud flotillak. Mundu osoko ekintzaileak doaz dozenaka ontzik osatutako elkartasun ekimenean, Gazako setioa hautsi eta laguntza humanitarioa eraman asmoz. Tartean dira lau euskaldun. Egun gutxi geratzen zaizkie helmugara... [+]
Goizeko 2:30ean eta 5:10ean alarma piztu dute Gazara bidean doan Global Sumud Flotillak ontzietan, Israelgo armada hurbiltzen ari zela eta. Asteartetik asteazkenerako gauean "arrisku eremuan" sartu da Global Sumud Flotilla, Gazako kostaldetik hurbil, eta edozein unetan... [+]
PAN, Europar Batasuna, Erresuma Batua, Turkia, Qatar, Egipto, Jordania... denek goraipatu dute AEBen eta Israelen Gazarako plana, eta “bi estatuen irtenbidea” ahalbidetzen duela ziurtatu. Baina, batetik, hogei puntuko planak ez du Palestinako Estatuaren sorrera... [+]
Gazako gerra amaitzea helburu, Etxe Zuriak 20 puntuko proposamena aurkeztu du. Besteak beste, Trump bera buru duen batzorde batek ikuskatuko lukeen trantsiziozko gobernua aipatzen da. "Beste kide eta estatuburu batzuek osatuko lukete batzorde hori, Erresuma Batuko lehen... [+]
Europako eta AEBetako hainbat sindikatuk bat egin eta aldarria egin dute: “Zamaketariek ez dute gerrarentzat lan egiten”. Irailaren 27an Genovan (Italia) bildu dira Europako portuetatik Israelera eramaten den material militarra gelditzeko metodoak elkarrekin... [+]