Asteazkenean, bi astetan laugarren aldiz, Mercedeseko greba orokorrak produkzio katea gelditu zuen. Enpresa batzordean %45eko ordezkaritza duten ELA, LAB eta ESKk deituta, langileen %95ak egin zuen greba. Ostegun eta ostiralean ere greba dago deituta, eta ostegun goizean bilera berria dute sindikatuek eta zuzendaritzak. Ezin jakin oraindik zertan amaituko den lan hitzarmen berriaren negoziazioa, baina nabaria da bi asteotan indar harremana langileen alde eraldatu dela. Gatazkaren egoeraz eta langileen borrokaz hitz egin dugu enpresa batzordeko eta LABeko kide Mikel Díaz de Aldarekin. Enpresaren sarreratik erantzun ditu gure galderak, asteazken gaueko piketean dagoela.
Asteazkeneko greba ia erabatekoa izan da laugarrenez, nahiz eta %55eko ordezkaritza duten sindikatuek (UGT, CCOO, Ekintza, PIM) aurreko egunean deialdia bertan behera utzi. Nola azaltzen da arrakasta?
Argi geratu da langileak ez daudela ados enpresak eskaintzen duenarekin. Enpresak asteartean proposamen berria egin zuen: UGT eta CCOOk baloratu zuten aurrerapausoak daudela; ELAk, LABek eta ESK-k ez dugu ikusten inongo aurrerabiderik; eta langileek ere ez. Langileek ikusi dute kalean jarraitzea garrantzitsua dela enpresaren jarrera ez delako ona, horregatik mantendu ditugu aste honetako hiru greba egunak. Langileak indartsu daude, eta aldarrikapenak lortzeko gogotsu.
Une konplikatu batean heldu dira aste honetako grebak. Asteartean patronalak proposamen berria egin zuen. Zer eskaini du zuzendaritzak?
Ez du ia-ia ezer aldatu. 2022rako %5eko soldata igoera eskaintzen du, 2021 urtean zero, ordainsari bat soilik. Aurrerapen txiki bakarra ordezkapen kontratuetan dago, fase aktiboa hilabete eta erdi murrizten duelako. Ez da nahikoa, inondik inora.
Zuek kontra azaldu zarete argiro, zein da UGT, CCOO, Ekintza, eta PIMen jarrera?
"Borrokan jarraitzeko indarrez sentitzen dira langileak"
Astearteko bileraren ostean esan zuten denbora behar zutela enpresaren proposamena aztertzeko, pentsatzen dugu beste proposamen bat eramango dutela gaurko (osteguna) bilerara, baina guri ez digute ezer esan. Halere, ikusita beren afiliatuak ere irten direla grebara, bai sindikatu horiek bai enpresak mugimenduren bat egitera behartuta daude.
"Malgutasuna"-ren truk 1.200 milioiko inbertsioa iragarri zenetik hona eragileen posizioak aldatu egin dira: zuzendaritzak adierazi zuen ez zela sindikatuekin bilduko greba deialdiak zeuden bitartean, baina aste honetan bi aldiz behintzat bilduko da; Jaurlaritza enpresaren alde lerratu zen nabarmen, eta atzo Tapiak bi aldeei eskatu zien “malgutasuna”; patronalaren ondoan egon ohi diren sindikatuak jokoz kanpo daudela ematen du... Langileen irmotasunak ezustean harrapatu du jende guztia?
Enpresak eta sindikatu horiek ez zuten horrelako erantzunik espero, jokoz kanpo harrapatu ditu. Iragan astean egin genituen asanblada eta mobilizazioetan langileek oso argi utzi zuten ez dutela nahi seigarren gaua, eta soldataren igoera KPIari lotuta egon behar duela. Baita gauza gehiago ere, baina bi horiek dira nagusiak.
Lorgarriak ikusten dituzue bi aldarrikapen nagusi horiek?
Bai. Soldatari dagokionez, enpresak urtero irabazi handiak ditu eta langileon soldata ez da kostuen %6ra ailegatzen. Malgutasunari dagokionez, ez dago gehiagoren beharrik, gure proposamenak frogatzen du egun dugun malgutasunarekin urtean 170.000 furgoneta egin daitezkeela. Bi horiez gain uste dugu gainontzeko aldarrikapenak ere lorgarriak direla, are gehiago langile guztien babesarekin.
Aurreko astean langileen asanblada orokorra deitu zenuten, sindikatuen arteko banaketak sortzen duen blokeoa desblokeatzeko asmoz. Bertan erabaki zen sindikatuek asteazkenerako deituta zuten grebari beste bi egun gehitzea, ostegunekoa eta ostiralekoa. Berriz deituko duzue?
Langileok asanblada orokorra behar dugu, bertan sindikatu guztiek gure proposamenak egin eta erabakiak hartzeko. Baina sindikatu batzuek ez dute hori nahi, uko egiten diote behin eta berriro, nahiz eta langileen gehiengoaren sinadurak lortu ditugun deitu dadila eskatuz [legez langileen %33aren sinadura nahikoa da asanblada deitzeko]. ELA, LAB eta ESK-k ez diogu zentzurik ikusten asanblada guk bakarrik deitzeari ordezkaritzaren %45a izanda, beste sindikaturik ez bada gehitzen. Iragan astean guk deitu genuen, baina CCOO ere etorri zen bere posizioa azaltzera.
UGT, CCOO, Ekintza eta PIM gehiengoa dira, eta beti leporatzen digute ELA, LAB eta ESKri gutxiengoa izanda deitzea greba, baina argi geratu da langileek zer nahi duten. Guk plantillak eskatutakoari egin diogu kasu, sindikatu horien afiliatuak ere kalean daude, beren sindikatuari esan diote erratu direla, greba egun hauek garrantzitsuak direla eta enpresa dela mugitu behar dena.
Patronalaren, erakundeen eta hedabideen presioa handia izaten ari da. Nola bizi dute langileek, zer giro duzue?
Giro oso ona dago, batez ere ikusten dugulako denak ari garela gelditzen, borrokan jarraitzeko indarrez sentitzen dira langileak.
Ez dugu ulertzen zenbait politikariren jarrera. Ramiro González ahaldun nagusia edo Iñigo Urkullu lehendakaria ez dira gurekin bildu gure aldarrikapenak ezagutzeko, ez dakite zer eskatzen dugun, eta uste dut adierazpen publiko bat egin aurretik garrantzitsua dela behintzat gure partea ere jakitea. Gaur bertan Urkullu Alemanian egon da eta bere adierazpenetan, Eitbn moztu badituzte ere, argi esan du enprearen alde egiten duela. Ulertezina da.
Komunikabideen lerroburuetan dago Mercedes aspaldian. Zer balorazio egiten duzu hedabideen lanaz?
"[Emilio Titos zuzendari orokorra] Maiatzetik hona sindikatu eta enpresa arteko bileretara etorri da UGTk eskatuta, eta ordutik egoerak okerrera egin du"
Batzuetan apenas jasotzen da gure ahotsa, tartean Jaurlaritzaren komunikabideetan. Halere, azkenaldian toki gehiago ematea lortzen ari gara, nahiz eta enpresaren bertsioak pisu handiagoa izaten jarraitu. Beste batzuk ari zarete gure aldarrikapenak kontutan hartzen.
Emilio Titos Mercedeseko betiereko zuzendari ahalguztidunaren irudia du, gatazkaren hasieran adierazi zuen langileak berarekin zeudela, jarraian etorri ziren grebak. Bere botere posizioa aldatu da?
Uste dugu jokoz kanpo dagoela. Maiatzetik hona sindikatu eta enpresa arteko bileretara etorri da UGTk eskatuta, eta ordutik egoerak okerrera egin du. Ez dakigu enpresa barruan indarra galtzen ari den, negoziazioan sartu denetik lau greba orokor izan ditugu eta negoziazioak atzera egin du. Baina bere irudia kaltetuta dago.
Zeintzuk dira hurrengo urratsak?
Ostegun goizean bilera dago enpresa eta sindikatuon artean [elkarrizketa asteazken gauean egina dago, bilera horretan zuzendaritzak negoziazioa bertan behera utzi du]. Baina ostegunean eta ostiralean greba deituta dago, eta deialdi horiek mantenduko ditugu seguru, jendeak hori eskatu digulako. Bileran gertatzen denaren arabera mugimenduak egon daitezke, baina horretarako enpresa asko mugitu behar da bere egungo posiziotik, eta negoziatzeko borondatea erakutsi. Hurrengo astean ELA, LAB eta ESK-k beste hiru greba egun ditugu komunikatuta, asteazkenetik ostiralera. Nahiago genuke egin behar ez izatea, jendearentzat ez delako erraza, baina enpresa eta beste sindikatuak ez badira mugitzen mobilizazioekin jarraituko dugu eta saiatuko gara auto bakar bat ere ez dadin egin. Gaur goizean asanblada txikia egin dugu, eta egunotako berrien arabera berriz ere deituko dugu, hartzen ditugun erabakietan langileen babesa izateko. Plantillak markatu behar du bidea.
Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak arautzen dituen 97/2024 Foru Dekretuaren bi artikulu utzi ditu bertan behera Nafarroako Auzitegi Gorenak. Argudiatu denez, euskararen balorazioari muga jartzen zioten, eta ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren balorazioei ez.
Munduan barrena 1.100 langile baino gehiago dituen multinazionaleko enpresariek 39 lagun kaleratu nahi dituzte” Laudion, horrelako kasuetan ohiko bilakatu den hitz magikoaren izenean “produktibitatea hobetzeko”. Egur fabrikako langileek greba mugagabearen... [+]
Haurreskoletatik unibertsitateraino, hezkuntza sistema osoan egun osoko grebara deitu dute sindikatuek Hego Euskal Herrian, Palestinarekin elkartasunez. Urriaren 15erako lantokietan deitu dituzten lanuzte eta mobilizazioak indartzera dator deialdia.
Astelehenean elkartu ziren berriro langileen ordezkariak eta Garnica taldeko zuzendaritzako kideak eta, nahiz eta proposamen ezberdinak aurkeztu, konpainiak berretsi zuen bere asmoa dela 39 behargin kaleratzea.
Araban izan den grebarik luzeenetakoa izan da Gasteizko lorezainek egindakoa. Asteartean amaitu da, udalak azpikontratatutako Enviser enpresak eta langileen ordezkariek (LAB, ELA eta ESK) akordioa lortuta. Martxoaren 26an hasi zuten greba lorezainek, soldata duinak... [+]
1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketak sindikatuaren 50 urteko lana biltzen zuen, eta Tuterako alkateak Alejandro Toquero (UPN) bertan behera utzi du zenbait panelek "terrorismoa gorazartzen" zutelakoan.
Frantziako Gobernuaren aurrekontua fintzen ari diren honetan, "justizia soziala eta fiskala" aldarrikatu dute karrikatik. Irailaren 18ko mobilizazioak baino jarraipen ahulagoa ukan du osteguneko greba deialdiak.
Sei hilabete bete dituzte Gasteizko lorezainak greba mugagabean. Hamaika mobilizazio eta Enviser enpresarekin zein Udalarekin eginiko bilera batzuen ostean “epe laburrean” akordiorik lortu ezean borrokarako fase berri batean sartuko direla iragarri dute langileek... [+]
Flotillari Israelek eraso eginez gero, greba orokorra antolatzeko prest zeudela adierazia zuen Italiako sindikatu handiena den CGIL-eko buruak, Il Messaggero egunkariak jaso duenez. Asteazken gauean, deialdia jada publiko egin dute: ostiralean greba orokorra.
Armadoreak salatu zuen hamasei arrantzaletik hamabi matxinatu egin zirela, eta Guardia Zibilak artatu eta gero, Asturiasen egon da amarratuta. Asteazken goizaldean heldu da Getariako portura.
Enplegua Erregulatzeko Espedientearen kontsulta epe barruan zuten adostuta batzarra Langile Batzordearekin, baina enpresariak ez dira agertu.
Ostiral honetan manifestazioa antolatu dute Gasteizko lorezainek, greba mugagabea hasi zutenetik sei hilabete beteko diren egunean. “Gatazka konpontzeko aurrerapausoak urriak izan dira”, salatu du enpresa batzordeak aste hasieran. Irtenbide bakarra “soldata... [+]
Garnica taldeak egin nahi dituen 39 kaleratzeen aurka hasi dute greba mugagabea Laudioko egur fabrikako langileek. Goizean bilera izan du Enpresa Batzordeak Garnicako zuzendaritzako kideekin, eta langileek txistu artean jaso dituzte.