Gorpuzkiak ateratzen hasi dira Cuelgamurosetik, tartean dira 40 euskal herritar

  • Ekin dio Espainiako Gobernuak Cuelgamurosetik, Erorien Haranetik, biktimen gorpuzkiak ateratzeari. Guztira, 128 biktimaren gorpuzkiak aterako dituzte eta horietatik 40 euskal herritarrak, gutxienez hamar errepublikarrak eta 23 matxinatuen alde borrokatu zutenak.


2023ko ekainaren 13an - 10:24
Cuelgamuroseko sarrera / Argazkia: Europa Press Cuelgamuroseko sarrera / Argazkia: Europa Press
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

128 biktimaren gorpuzkiak ateratzen hasi da Espainiako Gobernua Cuelgamurosetik, garaiko Erorien Haranetik. Horietatik guztietatik, 40 dira euskal herritarrak, gutxienez hamar errepublikarrak eta 23 matxinatuen alde borrokatu zutenak. Dena dela, Gogora institutuaren esanetan, 1.231 euskal herritar baina gehiago lurperatu zituzten bertan.

Lehen saioa izan da ekainaren 12koa, eta Cuelgamuroseko hainbat zatitan aritu dira, hala nola Santo Sepulcro kaperaren alboko kriptan eta Santisimoaren kaperaren ondokoan. Diktadoreak lau heriotz mota ezarri zituen gorpuak Erorien Haranera eramateko: A, B, C eta D. Letra bat edo beste ezartzen zitzaien biktimei, kriptaren arabera eta kontuan hartuta jakina ote zen hezurrak norenak ziren.

Antza denez, 33.000 gorpuzki baino gehiago daude Cuelgamurosen. Horietako askoren senitartekoek hogei urte baino gehiago daramatzate gorpuzkiak eskatzen. Euskal herrira etorrita, 45 familiak eskatu dituzte biktimen gorpuzkiak ateratzeko, 5 familiari, ordea, ukatu egin zaie.

Berriak argitaratutako informazioaren arabera, Eduardo Ranz abokatuak kexa ofiziala helarazi zion Espainiako arartekoari, Madrilgo gobernua betetzen ari ez den epai judizial batean oinarritua: biktima jakin batzuek senitarteko hilotzak berreskuratzeko eskubidea dutela. Gainera, Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak salatu du faxismoaren biktimen familiek ezin dutela bertatik bertara ikusi gorpuak berreskuratzeko saioa. Kontrara, diktadorearen ondorengoek pribilegio hori izan zutela gaitzetsi du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Eguneraketa berriak daude