Akuarioa kudeatzeko esleipena daraman enpresak (Disetecmar SL) langile bi kaleratu ditu (horietako bat ELA sindikatuko ordezkaria). Era berean, greban dauden akuarioko beharginek deitoratu dute enpresako zuzendaritzak ez duela dagokion hitzarmena "behar bezala" aplikatzen. Enpresako zuzendariak, aldiz, hartutako erabaki "denak" defendatu ditu.
Kirol Portuan dagoen Getxo Aquariumeko bost langileetatik hiruk greba mugagabeari ekin zioten joan den urriaren 14an, zentroaren zuzendaritzaz arduratzen den Disetecmar SL enpresak behargin bi kaleratu ondoren. Javier Urkijo da despeditu duten horietako bat, baita ELA sindikatuko ordezkaria ere. Berak azaldu digunez, akuarioko langileak urte bitan aldarrikatu diote zuzendaritzari eurei dagokien lan-hitzarmena ezartzea, orain arte ez baitute "inolako hitzarmenik" izan. "Adituek esan ziguten guri Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko Hitzarmen Kolektiboa dagokigula, museoek dutena, alegia", azaldu du Urkijok. Hala, horren berri eman zioten zuzendaritzari, "baina honek ez zuen onartu nahi izan; aitzitik, itsas akuikulturarena ezarri zigun". Kontuak horrela, lan-gatazka kolektiboaren prozedura abiatu zuen ELA sindikatuak eta joan den maiatzean EAEko Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien langileei; ondorioz, ekainetik aurrera hitzarmen hori aplikatu duela azaldu du Javier Sainz enpresako zuzendariak. Hala ere, beharginek lan-kategorien inguruan eztabaidatzen hasi ziren enpresagaz, hitzarmenaren aplikazio "okerraren ondorioz" zuzendaritzak ezarritakoak "baxuegiak" direlakoan: "den-denak laguntzaile moduan gaude, eta hori ezinezkoa da".
Horrez gainera, langileen artean ezinegona sortu duen beste gaietako bat da lan-arriskuen prebentziorako plana. Grebalarien arabera, "akuarioan hainbat arrisku daude, biologikoak, eta zuzendaritzak ez ditu plan horren arabera bete beharrezkoak diren pausoak betetzen". Horri denari erantzunez, hartutako erabakiak defendatu ditu Sainzek, "gure ustez lan-hitzarmena ondo ezarrita dago eta lan-arriskuen prebentziorako plana azpikontratatutako enpresa batek darama". Langileen kategorien harira, enpresako zuzendariak dio laguntzaile eta mantenurako izaera izan behar dutela: "ezin dute komisario edo hezitzaileen kategoria izan, ez dutelako horretarako beharrezkoa den formakuntza jaso". Grebalariek, aldiz, gogoratu dute ez dutela akuarioen mantenu soila egiten, "eskolekin ibilbide gidatuak egiten ditugu, eta heziketa-planak prestatzen ditugu baita ere".
Tentsio-une horien denen artean, joan den urriaren 1ean, zuzendaritzak langile bi kaleratu zituen, horietako bat ELAko sindikatuaren ordezkaria zela. Enpresaren arabera, diziplinazko iraizpenak izan dira horiek; grebalariek, aldiz, deitoratu dute "asmatutako aitzakiak" erabili dituztela kaleratzeak justifikatzeko. Izan ere, ELAko ordezkariak gogoratu duenez, 2018an antzeko egoera bat eman zen lan-hitzarmena aldarrikatzeari ekin ziotenean. "Ordezkari sindikala aukeratzeko hauteskundeak egin genituenean, zuzendariak prozesu hori desegiten saiatu zen. Ez zuen lortu eta segituan langile bat kaleratzen saiatu zen, diziplinazko iraizpena zelakoan. Une horretan greba mugagabea abiatuko genuela esan genuen eta, azkenean, akordioa lortu ondoren, ez zen kaleratzerik egon". Horren denaren harira, Disetecmar SL enpresako arduraduna eta Getxo Aquarium-eko zuzendariak azaldu duenez, "bide judizialean konponduko da dena".
Langileak kaleratu eta greba abiatu zenetik beste langile bi daude lanean Getxo Aquarium-ean, eta horiek biek ez dute grebagaz bat egin. Lehenengoa oporraldiak betetzeko kontratatu zuten, "eta greba dela eta, kontratua luzatu egin dio zuzendaritzak arratsaldeetan eta aste-akabuetan akuarioa zabaldu ahal izateko", grebalariek azaldu dutenez. Bigarrena, aldiz, kaleratzeak gauzatu ondoren kontratatu dute.
Kontratazio bi horiek ere ezinegona eragin die grebalariei, Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoak euren gain gelditu direlako: "zuzendaritzak gure grebarako eskubidearen kontra egin du eta zerbitzu minimoak nahasi egin ditu". Ezarritako zerbitzu minimo horiek akuarioen mantentze-lanetan oinarritzen dira batez ere; hala ere, grebalariek deitoratu dutenez, "Biologia atalean jarduten dugunok betetzen ditugu zerbitzuok, eta ez grebara batu ez diren biek".
Hilabete honetako borrokaldiaren ondoren, oraindino ez da inolako aurrerapausorik eman lan-gatazkari irtenbidea emateko. Grebalariek diotenez, enpresak "ez du inolako aukerarik" eman akordioa lortzeko, "zuzendariak dio ez dagoela prest negoziatzeko, ezta kaleratutako bi pertsonak berrartzeko ere". Kontuak hala, greban dauden hiru langileek hainbat salaketa jarri dituzte, "atzeratutako soldaten eta kategorien erreklamazioen harirakoak". Kaleratutako langile biek ere salaketa bana jarri diote enpresari, kaleratzearen baliogabetasuna eskatuz. ELAko ordezkariak jakinarazi duenez, "kontziliazioa egiten saiatu gara, baina ez da akordiorako aukerarik egon"; hala, epaiketarako bidean dago gatazka.
Getxoko Udalaren ardura da, 2025era arte, Getxoko Kirol Portuan dagoen akuario horren kudeaketa. Izan ere, 2006ko maiatzean Abra Aquarium zenaz kargutuko zela iragarri zuen Getxoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren laguntzagaz. Ordutik, zentro horren kudeaketa-lanak egiteko lehiaketa publikoak egin ditu Getxoko Udalak; lehenengoa Aquagestión de Equipamientos SL enpresak lortu zuen, "eta horrek Disetecmar SL enpresa azpikontratatu zuen zeregin horretarako", grebalariek azaldu dutenaren arabera. Bigarren lehiaketa, aldiz, azken enpresa horrek irabazi zuen, 2016an. Lizitazioak lau urtekoak dira, beraz, behin-behinean 2020ko otsailera artekoa da enpresa horren ardura, baina hortik aurrera Udalak urtebeteko luzapena egin dezake, birritan gehienez ere.
Hori dena dela eta, grebalariek uste dute Udalak berak ere lan-gatazkaren konponbidean parte hartu beharko lukeela, "are gehiago enpresak Udalarekin sinatutako akordioa betetzen ez duelako". Hala, hainbatetan jarri dira harremanetan Getxoko Gobernu-taldeagaz euren kezkak azaleratzeko eta euren esku-hartzea eskatzeko. Azkenengo harremana urriko osoko bilkuran izan zen. Bertan, grebalariek euren kezken eta lan-gatazkaren egoeraren berri eman zioten Udalbatzari. Eurei erantzunez, Amaia Agirre Getxoko alkateak adierazi zuen Disetecmar SL enpresagaz duten kontratua "berrikusi" egingo zutela, egoera zein den argitu ahal izateko.
Laudioko fabrikako jardunaren zati bat tokialdatu nahi du zuzendaritzak, 39 behargin kaleratuz.
"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.
Horixe da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, besteak beste, @lessoulevements edota @bloquonstout atariak.
Izan... [+]
Greban dira Benito Menni egoitzako langileak joan den abuztuaren 25etik, irailaren 8ra bitarte. Hermanas Hospitalarias enpresak agindutako kaleratzeen eta unitate itxieren aitzinean, Nafarroako Gobernuak ez duela arduratsuki jokatzen ari salatu dute.
2025ean hazkunde ekonomiko txikia (%0,6) ez da gai izango langabezia-tasak %8ko muga gainditzea saihesteko; Zor Publikoak bi bilioi euro (BPGren %115) gainditzen ditu EK-k ezarritako %60aren oso gainetik, eta Gastu Publikoak estratosferan jarraitzen du.
Horri gehitu behar... [+]
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.
Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.
Bilboko Udaltzaingoak kale saltzaileak Bilboko Gas plazatik kanporatu ditu, bertan bizi baitira kale egoeran Aste Nagusian salmentak handitzeko asmoarekin. Bilboko Konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu, eta elkarretaratzea egin dute.
Plantillak astelehenean ekin dio grebari, kaleratzeei ezetz esateko. Espedientearen kontsulta-aldia abuztuan hasi izana salatu du Hego Uribeko LASek, enpresaren asmoa "langileen mobilizazioa eta erantzuna oztopatzea" izan delakoan.
LAB sindikatuak Euskotren enpresaren "koherentzia eza eta erantzukizun sozialaren gabezia" salatu ditu, zezenketen publizitatea zabaltzen ari delako bere ibilgailuetan.
Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu
Plantillak baiezkoa eman dio aurreakordioari, eta, printzipioz, urte hau amaitzean itxiko dute fabrika.
Gasteizko lorezainen grebak lau hilabete bete ditu, langileek salatu dute Enviser enpresak eta Gasteizko Udalak blokeatu dutela auzia, bilera berririk ez dutelako egin uztailaren 7tik.
ELAk eta LABek ez dute lan batzordearen gehiengoak erdietsitako eta langileen gehiengoak onartutako aurreakordioa sinatu: "Ez da 1.000 familiarentzako irtenbiderik planteatzen. Finean, lanpostu askoren galera eta fabrikaren itxiera dakar", adierazi du LAB sindikatuko... [+]
Uztailak 8, 16 eta 21 izan dira greba egiteko ELA eta CCOO sindikatuek aukeratutako egunak. Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) eta soldatak parekatzea eta lanaldiak murriztea eskatzen dute.