Gaztainondoaren garrantzia aldarrikatuko dute Oñatin azaroaren 16tik 23ra

  • Euskal Herriko isuri atlantiarrean gaztainondoak eta gaztainadiek berebiziko garrantzia eduki zuten nekazarien elikaduran, hemengo paisaiaren elementu nagusi ere izanez. Ez da kasik haien arrastorik geratu, ez behintzat Gipuzkoa eta Bizkaian, batetik gaixotasunek ahuldu eta bestetik pinuak lekua ostuta. Hala gertatu zen Oñatin ere, baina Gure Bazterrak elkarteak herritarren memorian iratzarrazi nahi du gaztainondoa, eta herriko lurretan landatzea sustatu ere bai.


2022ko azaroaren 13an - 23:15
Azken eguneraketa: 2022-11-14 07:15:14

Oñatin ‘Gaztainaren haria’ izendatu duten ekitaldi sorta azaroaren 16an hasiko dute, Hazien Sareko kidea den Joseba Ibarguengoitiaren hitzaldiarekin: “Euskal Herriko Hazien Sarearen gaztainondoei buruzko proiektuak”. Ibarguengoitiak aurkeztuko ditu gaztainondoa eta gaztainaren kultura berreskuratzekok dauden aukerak.

Hitzaldi berean, “Gaztainaren historia eta gaur eguneko egoera. Zertaz mintzo gira?” landuko du Beñat Itoizek. Makeako (Lapurdi) Euskal Gaztain Etxearen sortzailea da Itoiz. Proiektu horretan urtean 15 tona inguru gaztain erosten dituzte Iparraldeko baserrietatik, Makean elaboratu eta merkaturatzeko. Irina, hummusa, gailetak, garagardoa, pasta, txokolatea, ozpina, eztia, gaztaina konfitatuak, odolkia gaztainarekin, piperrada… produktu horiek eta askoz gehiago egiten dituzte Makeako Euskal Gaztain Etxean. 2021eko urrian ARGIAn Garazi Zabaletari esan zionez, “[gaztainaren inguruan] egiazko ekonomia bat sortzeko aukera dago, eta ez atxikitzea soilik gaztainaren oroitzapen doi-doia bizirik. Behar dira arbolak salbatu eta ekonomia berriz abiarazi”.

Azaroaren 19rako antolatu dute Apilaizko (Araba) gaztainadia ezagutzeko bidaia. Apilaiz izango da Hegoaldean gaztainondoen zaintza eta berreskuratzean orain arte eredua markatu duena, Apilaizek landutako ildoa Nafarroako Arantzan ere aplikatzeko ahaleginean ari dira, esate baterako. Oñatiarrek ere bixitan aztertuko dute ea kudeatzeko modu horretatik beren herrira zer eraman dezaketen.

Jardunaldien azken ekitaldia azaroaren 23an izanen da: Oñatiko San Lorentzo auzoan, Eltzia sorkuntza etxearen aurreko parkean gaztainondoari egindako monumentua estreinatuko dute. Antolatzaileek esan dutenez, Olabarrieta auzoko Artatxueta basotik ateratako gaztainondo anportu [ihartu ] bat erabili dute monumentua egiteko. Gaztainondo mugarroaren enbor zabala barrutik usteldua dagoenez, egitura metaliko batez sendotu dute eta aterperik gabe kanpoan iraun dezan tratamendu berezi bat ere eman diote. Bertsolariek girotutako festan, gaztaina erreak banatu eta jango dituzte bertaratuek.

Covid pandemian sortutako taldea da Oñatiko Gure Bazterrak. Etnografian, historian, euskaran, kulturan zein ondarean interesa duten hainbat gaztek osatzen dute. 2021an ‘Erreusak’ proiektua burutzeko boluntario talde handi bat mobilizatu zuten Oñatiko baserriak, tailerrak eta abar bisitatu, bertako lekukoak galdekatu eta etnografia aldetik eduki ditzaketen altxorrak katalogatzeko. Aurten bertan oso bestelako ikerlan bati ekin diote: bi ETAkide –Jon Lizarralde eta Susana Arregi– hilik eta hirugarren bat –German Rubenach– oso larri zauritua suertatu ziren Irunberriko Arroilan, Goardia Zibilak antolatutako sarekada batean, eta gertakizunen egunean han ziren lekukoen esanak jaso nahi dituzte. Antza denez, autobus bete ume zebilen paraje haietan egun hartan Gasteizko Udalak antolatutako bidai batean joanda, eta gaur 25-45 urte eduki behar dituzten pertsona haiek ikusi, entzun eta bizi izandakoa bildu nahi lukete.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fruitu arbolak
2023-09-04 | Jakoba Errekondo
Ahuakateondoa eta xenofobia

Ahuakateondoak ondo emango al du hemen? Ezin konta ahala alditan luzatu didate galdera hori azken urte hauetan. Gure etxean ahuakate arbola (Persea americana) ederki bizi dela erantzuten diet eta Mutrikuko kaian hantxe dago arbola bikaina, eta urte asko da aleak ematen dituela... [+]


2023-05-29 | Garazi Zabaleta
Errota
Hur-olioa eta beste hainbat produktu, Senpereko lurretan sortuak

Vincent Trebessesek sortutako ekimena da Errota, Senperen hurrak ekoizten eta eraldatzen dituen proiektu berezia. 2008an jarri zuen martxan hur-olioa egiteko errota, hasiera hartan Ziburuko bere etxean. Hurrak kanpotik erosten zituen, baina pixkanaka proiektuan sakontzen joan... [+]


2022-10-13 | Jakoba Errekondo
Jan udazkenetik

Udazkena fruituen sasoi nagusia da. Negua elikagaiz osatzeko fruituak eta horien aleak jasotzen ditugu. Fruituak ez direnak ere pilatzen ditugu, patataren tuberkulua (Solanum tuberosum) adibidez, baina haiek dira gehienak: altxasagarrak edo gordesagarrak (Malus domestica),... [+]


Eguneraketa berriak daude