Sagardoa merke… baina noren bizkar?

  • Pasa den uztailean ENBA nekazal sindikatuak sare sozialen bidez salatu zuen Euskal Sagardoa Jatorrizko Izendapenerako sagar ekoizleak galeretan ari zirela lanean. Oharrean ziotenez, ekoizpen kostuak kiloko 0,51 eurokoak izanik, ekoizleei kiloko 0,35 euro ordaindu zizkieten. Ez da berria sagardotarako sagarraren kostuen eta balioaren inguruko eztabaida, baserriko beste produktu gehienekin gertatzen den bezala. Datuen atzean ezkutatzen dena arakatzeko asmoz, Maider Lopetegi Albizu Fruitel elkarteko lehendakari eta sagar ekoizlearekin elkartu gara, eta Euskal Sagardoa deiturako koordinatzaile Unai Agirreri ere luzatu dizkiogu zenbait galdera.

Sagarraren ekoizpen kostua adosteko negoziaketak eta eztabaidak beti egon direla azaldu du Maider Lopetegik, beraz, uztaileko ENBAren salaketan adierazi zuten ezinegona ez da gauza berria sagar ekoizleen artean.
Sagarraren ekoizpen kostua adosteko negoziaketak eta eztabaidak beti egon direla azaldu du Maider Lopetegik, beraz, uztaileko ENBAren salaketan adierazi zuten ezinegona ez da gauza berria sagar ekoizleen artean.DANI BLANCO / ARGIA CC BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren barruan dauden sagardotegiei saltzen diete sagarra Lopetegik eta Fruitel barruko ekoizle gehienek, izan ere, txapelgorria daraman sagardoaren ezaugarri nagusia da horixe, bertako sagarrekin bakarrik ekoiztea. “Bertakoa izatearen garantia da Jatorri Izendapenaren ‘txapelgorria’, beste sagardo gehiena kanpotik ekarritakoarekin egina izaten baita, edo bertako sagar kantitate batekin eta kanpoko beste zati handi batekin”, argitu du elkarrizketa hasieran Lopetegik. 

Kanpoko sagarraren eragina 

Garrantzitsua da Jatorri Deitura aipatzea, 2017an sortu baitzuten proiektua, hain zuzen hemengo sagar ekoizleentzat zorigaiztokoa izan zen urtearen ondoren. “Gipuzkoan sagasti asko dago, eta urte hartan sagardotegiek ez zuten hemengo sagar guztia nahi izan, izugarrizko kantitateak zeudelako. Kilo batzuk hartu zituzten, baina beste asko kanpotik ekarri zuten, merkeago, eta gureak hor gelditu ziren, atera ezinik. Zein zen kontua? Bada, hemen bi urtean behin izaten dela sagar urtea, eta ez-urtean kanpotik ekartzen zutela sagarra sagardotegiek. Baina sagar urtean ere kanpoko zati bat hartu beharra zuten, hornitzaile horiek ez galtzeko”, gogoratu du Lopetegik. 

Aldundiaren laguntzarekin bertako sagarra Asturiasera eta beste zenbait tokitara saltzea lortu zuten azkenean, eta urtea nolabait ‘salbatu’ zuten, baina argi gelditu zen bertako sagarrari balioa emateko zerbait egin beharra zutela. “Testuinguru horretan erabaki zuten Jatorri Deitura sortzea, %100 bertako sagarrarekin egindako sagardoa bultzatzeko”, dio ekoizleak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 248 sagar ekoizlek osatzen dute gaur egun Euskal Sagardoa deitura, eta 48 sagardogilek ekoizten dute txapelgorri sagardoa. Azken horiek, dena den, txapelgorriaz gain beste sagardo motak ere egin ditzakete, Gorenak markakoak edo generikoak, adibidez. 

Fruiteleko lehendakari Maider Lopetegi / EITB

Oraindik, atzerritik milaka sagar kilo ekartzen dira urtero deituratik kanpoko sagardoak egiteko: Normandiatik, Frantziatik… “Hemengoa baino askoz merkeago ekarri izan dute kanpokoa beti, eta horrek asko eragin du bertako sagarraren prezioan”, adierazi du. Azkenaldian, baina, kanpoko sagar esportatzaile asko sagastiak kentzen ari omen da, errentagarritasun falta medio. Ikusi beharko da zer gertatzen den datozen urteetan. 

Sagardogileekin ekoizpen kostua negoziatzen

Sagarraren ekoizpen kostua adosteko negoziaketak eta eztabaidak beti egon direla azaldu du ekoizleak, beraz, uztaileko ENBAren salaketan adierazi zuten ezinegona ez da gauza berria sagar ekoizleen artean. “Deitura barruan ekoizleak eta sagardogileak gaude, eta hor ari gara beti elkarrizketan, negoziaketak modu eraikitzailean egiten saiatzen, bi aldeetako inori ez baitzaigu interesatzen egoerak gainezka egiterik, azkenean, elkarren beharra dugulako”, dio Lopetegik. 

Aurreko urteetan, adostasunak bilatze aldera, bost urteko epealdirako urkila bat zehaztea izan da erabili duten formula. Aldundiak ere parte hartzen zuen negoziaketetan, eta tentsio nabarmenak izan arren, lortzen zuten ekoizpen kostuen urkila adostea. “Kiloaren kostua 24 zentimotan zegoen garaiak ezagutu ditut nik, hori miseria bat zen. Baina, sagar ekoizleak kontuak egiten eta negoziaketetan hasi ginenean, erabaki zen bost urtetarako urkila bat adostea, epealdi horretan kostua zenbat igoko zen zehaztuz”, dio. Horrela, 2022tik 2025ra sagar kiloaren kostua 0,32 eurotik 0,35 eurora igotzea adostu zuten.

DANI BLANCO / ARGIA CC BY-SA

Zenbait urtetarako urkilaren formula horrek, dena den, gabeziak zituela ohartu ziren ekoizleak segituan. “0,35 euroko kostura iristea negoziatu zenean, adostasuna ona zen ekoizleontzat berez, baina zer gertatu zen? Hori itxi berritan pandemia iritsi zela, gasolina  ikaragarri garestitu… eta hori ezin izan genuela aurreikusi”, adierazi du Lopetegik. Gainera, baserri askotan sagar ekoizpena osagarria izan da beti, eta kontu ekonomiko zehatzik ez da egin izan urte askoan. “Orokorrean izan da horrela baserriko funtzionamendua, ez da kalkulu ekonomiko handiegirik egin enpresa ikuspegiarekin, ez sagarrarekin ezta beste ezerekin. Diru bat sartzen da, beste bat ateratzen da, bizirik mantentzea lortzen duzu…”, dio ekoizleak. Horrek ere izan du eraginik sagarra ekoizpen kostutik behera saltzerako orduan. 

Nekazariak, musutruk lanean?

Testuinguru horretan, inflexio puntu garrantzisua egon zen iaz, Eusko Jaurlaritzaren HAZI fundazioak sagardotarako sagar ekoizpenaren kostu taula argitaratu zuenean. “Urtero ateratzen ditu fundazioak kostu taula horiek esparru guztietan: esnearenean, haragiarenean… eta iaz, lehenengoz, sagarraren kostu taula ere kaleratu zuen”, azaldu du Lopetegik. Zein izan da sorpresa? Bada, ordu arte sagar ekoizleek eta sagardogileek adostuta zuten 0,35 euroko kostuaren aldean, HAZIren kalkuluek 0,516 eurotan ezartzen zutela ekoizpen kostua. Hor sartuko lirateke makineriaren amortizazioa, tratamenduen kostuak, seguruak… eta, beste elementu garrantzitsu bat: nekazariaren lanorduak. “Zer gertatu da? HAZIk baserritarraren soldata ere sartu duela kostuetan, eta horrek ikaragarri igo duela zenbakia”, dio. 

Uztailean argitaratu zen txostena, eta momentu horretan sagardogileek eta sagar ekoizleek 0,35 eurotan zuten adostua ekoizpen kostua. “Beranduegi zen negoziatzen hasteko, baina hor ikusi genuen errebisatu beharra zegoela ordura arte adostutakoa. Nolabait, esan genuen: ulertzen dugu aurten honezkero berandu dela, abuztuan ezin garela negoziatzen hasi, baina honetaz hitz egin beharra dago”, azaldu du ekoizleak. Kontzientzia hartzeko balio izan die sagar ekoizleei, izan ere, oinarrizkoa da haien ustez baserritarren soldata ekoizpen kostuetan kontuan izatea. “Dirulaguntzak jasotzen ditugu, eta horrek gauza asko ‘estali’ ditzake itxura batez, baina baserritarrak iraun behar badu, ezinbestekoa da bere soldata kostuetan sartzea”, aldarrikatu du Lopetegik. 

DANI BLANCO / ARGIA CC BY-SA

Fruiteleko lehendakariak gehitu duenez, egokiena sagar ekoizle bakoitzak bere kostu taula propioa izatea litzateke, baina ekoizpen txikietan ez dute horretarako gaitasunik, oso zaila baita sagarrari eskaintzen dizkioten lanorduak zenbatzea bera. “Sagar ekoizle handienek, 120.000 kilo inguru lortzen dituztenek, badituzte haien kostu taulak, zenbaki handiagoez ari baikara. Agian, bidea izan liteke horrelako eredu batzuk hartu eta datu horiek ekoizpen txikiagoetara eramatea…”, dio.

Aurrera begira, zer? 

Fundazioaren kostu taulak agerian utzi du desoreka egon badagoela, eta hori salatzeko, protesta moduan, Donostiako Sagardo Egunean urtero jartzen duten postua ez jartzea erabaki zuten sagar ekoizleek, egoera ikusarazteko asmoz. “Sagardotegi batzuek aurten zertxobait gehiago ordaintzeko borondatea azaldu dute, baina aurrera begira, HAZIren kostu taularen gainean negoziatu nahi genuke guk”, adierazi du. Uztailean argitaratu beharrean, lehenago argitaratzeko eskatuko liokete fundazioari, eta sagardogileentzat igoera kolpez egitea gehiegizkoa izan daitekeela jakitun, urtez urte pixkanaka horretara gerturatzen joatea litzateke haien erronka. “Behintzat, hurrengo negoziaketetan guk ez dugu bost urtetarako kostuen urkila itxia utzi nahi, kostu taula eskutan urtez urte negoziatu nahi genuke. Borondatea behar da sagardogileen partetik”, dio. 

Eta, aldi berean, ekoizleek ere ardura hartu beharra dutela onartu du Lopetegik, ez-sagar urteetan baserri batzuek sagarrik ez biltzea erabakitzen baitute. “Guk ere konpromisoak hartu beharra ditugu zentzu horretan, ez-sagar urtean ere bertako sagarra izatea garrantzitsua baita sagardotegientzat, bi aldeetan behar dugu konpromisoa”, dio. Baina, gaineratu du, momentu honetan, eta beste behin ere, nekazarien bizkar gain gelditzen dela “sagardoa merkea” izatearen zamarik handiena, eta horri pixkanaka buelta eman beharko diotela. “Lotura emozionala dugu gutako askok, maite ditugu gure sagardiak, baina jendea zahartzen eta jubilatzen ari da, eta ondorengoek sagarrarekin segitzeko ezinbestekoa da hor bide posible bat badagoela ikustea”, dio. 
 

“Ez dugu dirulaguntzarik nahi,
sagarra prezio duinean saltzetik bizi nahi dugu”

Instituzioekin eta administrazioarekin hartu-emanean daude Fruiteleko eta Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako kideak, eta nabarmendu dute babesa eta laguntzeko jarrera erakutsi dutela. Aldunditik sagastiak jartzeko laguntzak martxan dituzte eta bestelako dirulaguntzak ere jasotzen dituzte sagar ekoizleek. “Baina guk benetan nahi duguna da sagardoa merkatuan ongi kokatzea eta baloratzea, marjina baldin badago guri ere ongi ordainduko digutelako. Ezin gara dirulaguntzen menpe egon, nik ez dut laguntzarik kobratu nahi, lan handia suposatzen baitu horrek: justifikatu beharra duzu, paperak egin, burokrazia… nik garbi diot, nahi dudana da sagastira joan, sagastia landu eta zaindu, sagarrak bildu, prezio duinean saldu eta horretatik bizi. Hori da gure erronka, eta baserriak hori lortzen ez badu alferrik ariko gara, fantasia bat da”. 

Oso argi adierazi da Lopetegi, eta kontsumitzaileak honetan guztian zeresan handia duela gogorarazi du. “Kontsumitzaileari argi esanen nioke: ‘txapelgorri’ sagardoa kontsumitu, horrekin bertako sagarraren eta sagardien biziraupena bultzatzen dugulako. Eta, ‘sagardoa beti merkea’ ideia horri buelta bat eman behar diogu. Bestela, akabo, Gipuzkoan ikusten ditugun sagasti horiek guztiak galdu egigo dira azkenean”. 

-----------------------------

Unai Agirre, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzailea

“Sagarraren sektoreak nahiz sagardoarenak,
biek aurrera egitea da erronka”

Argazkia: IREKIA

Badira urte batzuk sagarraren kostuen inguruan ezinegona dagoela, zein irakurketa egiten duzue Euskal Sagardoa Jatorri Deituratik? 

Sektoreak aurrera egitea nahi du Euskal Sagardoak, bai sagar sektoreak eta bai sagardo sektoreak. Horretarako erakargarria izan behar du bateko edo besteko ekoizle izateak, eta kostuen gaia ondo aztertuta behar dute bi aldeek. Behatokiaren bidez landu izan dugun gaia da, baina prezioaren inguruan ezin dugu inolako erabakirik hartu Jatorri Deituratik, hori eragileek egin beharreko lana baita. Kontseilu Arautzailean %50 dute sagardogileek eta beste %50 sagargileek, eta guztiok batera egin behar dugu aurrera.

Sagar ekoizleen eta sagardogileen artean adostasunak lortzeko prestutasunik bada? 

Sagardogileak ere sagargile dira eta egoera barru-barrutik ezagutzen dute. Sagarrean potentzial handia dugu hemen, sagardoa egiteko sagar mota ezin hobeak baititugu eta bertara egokituak. Baina teknikoki lan egin behar dugu zaitasunak ere gainditzeko: bi urtean behin emateko joera konpentsatzea, biltzeko moduak egokitzea, produkzioak hobetzea eta abar luze bat.

Kanpoko sagarrarekin ‘lehiatzea’ zaila da gaur egun edo badago nahikoa sentsibilizazio bertakoarekiko? 

Eragile bakoitzak erabaki behar du nola lan egin nahi duen, baina sagardoak etorkizunik izango badu, bertako sagarrarekin izango da, hori garbi dago. Lan egin beharko dugu jendeari erakusten zer den bertakoa eta horren atzean dagoen lana, filosofia, ekonomia, paisaia… Euskaldunok milaka urtean egin dugu sagarra eta sagardoa, historiak gure alde egiten du eta gizarteak hori ulertzen duen heinean, Jatorri Deituraren alde eginen du. Uste dut ondo ari garela, baina denbora behar dugu, jaio berriak baikara.

Elkarlanean dago gakoa, beraz?

Hori da, guztion artean egiten dugun proiektua da hau: sagardogileak, sagargileak, administrazioa, kontsumitzaileak, laster Iparraldeko eta Nafarroako eragileak ere sartuko dira... eta guztiok ‘gure’ sentitzeko egin behar dugu lan. Bada zer egina, baina etorkizun oparoa du Euskal Sagardoak eta helburua garbi izanda, aldian aldiko erantzunak ematen asmatu behar dugu. Eta hori elkarlanean egin behar dugu, konpromisoak hartuta. 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagarrondotik
Eguneraketa berriak daude