Etengabe esperimentatzen, lurrari begira beti

  • Sagastietako bioaniztasunaz informazioa biltzeko telefono dei bat egin dugu. “Elgoibarko Lizagasar sagardotegiko Asierrekin hitz egin behar duzue”, diosku bestaldekoak, “gaiaz interesa du eta badauzka jarriak txorientzako egurrezko habiak, sagastietan gauza diferenteak probatzen dabil... izango du zer kontatua”. Deitu diogu, bada. Dei laburra behar luke, Elgoibarren hitzordua lotzeko beste. Ia ordu erdiz aritu zaigu Asier Lizarralde hizketan, txoriak direla, hontzak direla, saguzarrak, mantangorriak, sitsak, sagar-harrak, erleak, erromeroa, sabia… “Lurrari gehiago begiratu behar diogu, ahaztua izan dugu urteetan”, esan digu. Eskegi eta Dani gure argazkilariari mezua: “Ostegunean Elgoibarrera joateko prest? Emankorra izango da goiza”.

Hegaztientzako habiaK, Elgoibarko Lizagasarren.
Hegaztientzako habiaK, Elgoibarko Lizagasarren.DANI BLANCO / ARGIA CC BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Elgoibarko (Gipuzkoa) San Roke ermita atzean utzita heldu gara, sigi-saga, Lizagasar sagartokixera. Asier eta haren aita sagarrak garbitu eta sailkatzen ari dira, eta horiek txikitzeko makinatxo berria probatzen. “Gauza ahalik eta gehien mekanizatu nahi ditugu, eta sagarrak sailkatzeko, adibidez, hiru kamera baliatzen dituen makina baliatuko dugu etorkizunean”, kontatu digu, mugikorrean makina horren irudiak erakusten dizkigun bitartean. Ofizioz delineatzailea da Asier, hamaika bat urtean makina-erremintaren eta eraikuntzaren sektoreetan aritu da lanean, nabari zaio irrikitan dela tramankulu berriak probatu eta bere beharretara egokitzeko, etengabe ikertu eta esperimentatzeko, ez soilik teknologiarekin, baita sagastiarekin berarekin ere.

2020an eraiki zuten Lizagasar, huts-hutsetik. Eta landatu zituzten hiru hektarea sagarrondo, 2.100 bat arbola orotara, 60 ilaratan jarriak. Badira hamabost-hamasei barietate, autoktonoak denak, horiei balioa eman nahi izan dietelako: Moko sagarra, Patzolua, Txalaka, Mozoloa, Urtebi txiki eta handia... Apur bat goraxeago, Errezila. Eta inguruan egurrezko hiru habia mota, txorientzako batzuk, hontzentzat besteak, eta xaguxarrentzat bereziago batzuk. “Gero, barrura auskalo zein animalia sartuko diren, intsektuak-edo, baina izatez, haientzat dira”, azaldu digu Asierrek. Laborantza ekologikoa egiten dute erabat, eta Elgoibarkoaz gain, badituzte sagastiak beste dozena erdi lekutan, Elosun, Azkoitian eta Azpeitian, adibidez.

Jalea, jaki

Hainbatetan aritu gara ARGIAren Sagarrondotik gehigarrian bioaniztasunaz. Iñaki Sanz-Azkue biologoak, adibidez, azaldu digu sagastian fauna zenbat eta anitzagoa, orduan eta aukera gehiago izango dela uzta hobea izateko, izurriteak gutxituko direlako eta polinizazioa handitu. Bestalde, sagastiaren itxurak eta inguratzen duen paisaiaren egiturak erlazio zuzena du bertan egongo den fauna aberastasunarekin. Bioaniztasunak, hortaz, sagastiari mesede egingo dio; eta sagastiak gure lurraldearen bioaniztasunari lagun diezaioke. “Sanzen hainbat artikulu irakurri ditut, Ander Izagirre, Jakoba Errekondo, podcastak entzuten ditut, mintzaldietara joan...”, etengabe ari da Lizarralde informazioa bildu eta ikasitakoa haren sagastian aplikatzen.

Karakate magalean dago Lizagasar. Handik hurbil xamar, Sallobente-Ermuaran auzoko Azaola baserrian, amonaren jaiotetxean, hasi zen duela hamabost bat urte Asier Lizarralde kuadrillakoekin sagardoa egiten. / DANI BLANCO - ARGIA CC BY-SA

Izurriteez galdetuta, esan digu hasi zirenean beraiek ez zekitela ia ezer, sagarrarekin sagardoa eta zukua egiten zutela, horiek saldu eta listo. “Denborarekin joan gara ikasten zer-nola landatu, noiz kimatu, alanbreak nola jarri, zutoinak... Duela urte batzuk zorriak agertu zitzaizkigun, eta teknikari batek esan zigun ekologikoan onartua dagoen plagizida bat baliatzeko. Matabi motxila-pulberizatzaileak hartu eta hor hasi ginen Ane [Munin] bikotekidea eta biok sagastian gora eta behera, fris, fris, fris dena bustitzen. Baina bosgarren ilaran gindoazela esan nion, ‘hau ez da nik nahi dudana, ez da nire filosofia’”. Matabiak laga eta Intertenen hasi zen bila, ea zorria nola kontrola zitekeen beste modu batera, animaliaren batek jango zituela-eta. Orduan deskubritu zuen: “Ostia, mantangorriek jaten dituzte! Ados, eta nola erakarriko dugu mantangorria? Zer gustatzen zaio? Bale, bai, zorriak. Zer gehiago? Loreak behar ditu, belar altu xamarra bertan ezkutatzeko...”. Lehen urtean belar ia guztia moztu zuten, baina ondoren jakin zuten txandakako mozketa eginez gero (ilara batean belarra lepo moztu, hurrengoan ez…), agian mantangorria etorriko zela. “Egin genuen txandakakoa, eta etorri zenean zorria, sagarrondoen adar bakoitzean mantangorriak ikusi genituen jo eta su zorriak jaten”. Dozenaka irentsi ditzake mantangorri batek egunean.

Dozenaka intsektu irentsi ditzakeen bezala gauero-gauero saguzarrak. Horregatik jarri dituzte sagastian haientzako hainbat habia. Badira beste batzuk hontz eta txorientzat. Hamazazpi habia orotara, eurek egindakoak zein Gipuzkoako Diputazioak banatutakoak. Horietako bat ireki du, ez dago hegaztirik barruan, baina agerikoa da txoriren bat apopilo egon dela bertan. Desinfektatu egingo dute orain, udaberri alderako berriro prest izateko. “Hontzak ere hortxe egoten dira, zutoinetan kieto, saguak noiz agertuko, baita zapelaitz bikote bi ere, eta inguruko katuak”. Amilotx edota kaskabeltz txoriak, bestalde, lore-gurgurioen etsai nagusietakoak dira.

Intsektuentzako uhartetxo eta hotelak

Irekitako habiaren oinetan erromero eta sabia landareak daude, eta metro batzuk harago hortentxiak, guztiak propio landatuak leku horietan. Hortentxiari kosta egiten zaio haztea, baina txori zein zomorroentzako ezkutaleku eta bizitoki ederra izango dira aurki. Intsektuentzat egurrezko “hotel” handi samar bat ere badute gorago eta, gainera, zomorroentzat hainbat lore eta landare motarekin irlatxoak osatu dituzte sagasti inguruan. Intsektuak 25 metroko tartean mugitu ohi dira, eta distantzia hori aintzat hartuta jarri dituzte irlatxoak, erlastarrak, erleak eta beste erakartzeko. Izurriteen kontra egin eta polinizazioa hobetzeko ahalik eta intsektu kopururik handiena erakarri behar da, baina kantitatea ez da nahikoa. Dibertsitatea behar da, alegia, ahalik eta espezie gehien, ahalik eta kantitate handienean erakartzea sagastietara. Helburu horrekin, urmaeltxoa ere jarri nahi du Elgoibarko sagardogileak. Orkatzak ez, horiek ez dira ongi-etorriak, horregatik sagastia inguratzen duen hesia.

“Modu naturalean egin badezaket, zertarako bota plagizidarik? Jendeari galdetzen diot: 'Honi tragorik eman diezaioket? Ez, ezta? Ba orduan ez diet landareei botako”.
ASIER LIZARRALDE

Izurriteen kontra borrokatzeko antzarrak ere onak dira, ttak, ttak, ttak, lur azpian gorderik dauden zomorroak mokoka akabatzen dituzte. Hantxe egoten baitira izurriteak ezkutaturik, une egokia heltzean landareari eraso egiteko prest. Oiloek ere egin dezakete plagizida lana. “Agian oilotegi mugikor bat sortuko dut, eguzki-plaken bidez mugitzen joango dena apurka-apurka, bera bakarrik”. Inbentore sena aspalditik datorkio Lizarralderi: “Txikitan, garbigunetik mikrouhin-labe bat hartu, motorra atera eta inkubagailu bat egin nuen. Makinak sortu nahi ditut, robotak-eta”.

Esan dugu lehenago, teknologiarekin soilik ez, sagastiak bil dezakeen unibertsoko elementuekin esperimentatzea ere gustuko du Lizarraldek.

Lurrari, merezi duen garrantzia

Nekazaritza birsortzaileak lurzorua organismo bizitzat hartzen du, eta haren helburuetako bat da, hain zuzen ere, lurraren emankortasun eta bioaniztasuna birsortu eta mantentzea, horretarako ahalik eta bizitzarik anitz edo oparoena izan dezan saiatuta. Horretan murgildurik dabil Lizarralde, lurrari merezi duen garrantzia ematea helburu, nekazaritza birsortzaileari buruzko artikuluak irakurtzen ditu, bideoak ikusi, podcastak entzun, geroz eta gehiago ikasteko bertan dauden zelula edo onddoez, besteak besteak. Esaterako, intentzioa du sagastitik hurbil dagoen pagadira joan, arboletatik eroritako hosto mordoa bildu –“konpost onena hori da”–, eta organismo hori guztia sagarrondoen oinetan zabaltzeko, ea zer gertatzen den.

Loreak ere zabaldu nahi ditu lurzoruan, eta arrabolaz zanpatu, poliki-poliki usteltzen joan daitezen. Eta lore-bandak landatu, fauna auxiliarra, mantangorriak-eta, erakartzeko. “Gauzak probatzea da kontua”. Lizarraldek esan digu denbora luzean lurra bera ez dela kontuan hartu, ez dela ongi zaindua izan: “Lurrarekin ahaztu egin gara. Baserrietan sagarra hartzen zen, eta sagardoa egin, baina lehen sagarra zaintzen zen, eta uste dut urte luzez ez zaiola kasurik egin, ateratzen zen eta kitto. Sagarrak, ordea, lanketa behar du”. 

Kontatu digu inguruko baserrietan sagasti asko egon direla, baina batzuk abandonaturik daudela jada, gaixotzen ari direla... “Nekazaritza ez da lanbide erraza, 24/7 lan-jarduna dauka, jende bat animatzen da urratsa ematera, baina epe luzera... funtzionarioa izatea politagoa da”. Gainera, uste du industria handia “sektorea hiltzen” ari dela, prezioak azpiratzen dituela-eta. Laguntzak badira, baina Lizarraldek dio “erraztasunak” direla benetan eman beharrekoak. Industria handiaren eragina, Diputazioko Ogasun teknikarien kontrolak, osasun ikuskariena, elikagai ekologikoen ziurtagiriak banatzen dituen ENEEk erakundearena, banketxearen presioa... Aditzera eman digu, beharrezko baimen guztiak eguneratuta izateko, paper artean atzera-aurrera ibiltzea nekagarria izan daitekeela. Hain justu, bisitan joan gatzaizkionean teknikari bat etorri da inspekzioa egitera, bigarrena da denbora gutxian, “niri tokatu zait eta pasa egin behar, edozein momentutan deitu ahal dizute”. Ziklismoan egiten diren dopinaren aurkako ausazko kontrolak etorri zaizkigu gogora.

DANI BLANCO / ARGIA CC BY-SA

Tranparik ez, ordea, Lizagasar sagartokixan. Sagardo “zaharra” egiten dutela azaldu digu Lizarraldek, sagarrak erori ahala jasotzen dituztela, sagardoak izan dezan azukre puntu optimoa. “Gozo puntu handiagoa du gure sagardoak, Bizkaian are gozoagoa egiten dute, Astigarragan-eta fuerteagoak...”. Bakoitzak bere izaera topatu behar duela dio Elgoibargo sagardogileak. Bederatzi produktu merkaturatzen dituzte gaur egun (lizagasar.com webgunean ikus ditzakezue), eta aurki helduko dira gehiago, konbutxa eta barra energetikoak, adibidez.

Bisitaldia amaitzear dela –Diputazioko teknikaria heldu da jada–, sagardoaren prezioaz-eta hitz egiten hasi gara. Zukua euro batean saltzen dute eurek, sagardo botila bi euro eta erdian, sei botilako kaxa 14-15 euroan... “Prezio berean, zenbait sagardogile ari dira hamabi botilako kaxak saltzen!”, esan digu Lizarraldek. “Eta, hala ere, gureak ez dira prezio batzuk ez dakit nolakoak... Pentsa nola dagoen merkatua”.

Argazki-sesioa amaituta, Diputazioko teknikariarekin bildu da Asier. Joan aurretik, baina, haren aitak –eta ia uneoro alboan izan ditugun hiru txakurrek– Lizagasar Sagartokixeko instalakuntza guztiak erakutsi dizkigute. Anfitrioi onak izan ditugu. 

Ilargiari begira, baina neurrian

Kimatzean-eta ilargiari begiratzen ote dioten galdetu diogu Lizarralderi. “Gu pudienteak gara”, erantzun digu, “ahal denean egiten dugu, kar, kar, kar”. Baina, botilaratzean bai, begiratzen diote: “Probak egin ditugu, eta konturatu gara ilargiaren arabera sagardoak gauza arraroak egiten dituela, pertsonek bezala. Ilargi betearekin, adibidez, oliotara egiten du. Gauza bizia baita sagardoa. Sagar zukua hilda dago, pasteurizatu egiten dugu, bakterioak hil, baina sagardoak fermentatzen jarraitzen du”


Eguneraketa berriak daude