Gazara laguntza medikoa sartzeko “korridore humanitario segurua” eskatu du Palestinako Osasun Ministerioak

  • Israelek jarraitzen du bonbardatzen, eta Gazan “erabateko blokeoa” ezarriko dutela iragarri du Israelgo Defentsa ministroak: debekatu egingo dute janaria, sendagaiak, argindarra edota erregaia sartzea.


2023ko urriaren 10an - 12:05
704 palestinar hil eta 4.000 zauritu dituzte Gazako bonbardaketetan. Israelen 900 hildako eta 2.600 zauritu daude. / Argazkia: Belal Al Sabbagh, AP.

Gaza setiatuta daukate Israelgo indarrek, eta bonbardaketek etengabe jarraitzen dute. Gutxienez 704 palestinar hil eta 4.000 zauritu dituzte Gazako erasoek, eta beste aldean, gutxienez 900 israeldar hil eta 2.600 zauritu dituzte, Al Jazeera hedabideak jaso duenez. Zisjordanian ere erasoak egin ditu Israelek, eta gutxienez hildako 17 palestinar eta 90 zauritu eragin ditu. Azken erasoaldian Israelek Gazako bi errefuxiatu kanpalekuri egin die eraso.

Halaber, Gazako Osasun Ministerioak Israeli leporatu dio ospitaleen aurka egitea, eta eskatu du “korridore humanitario seguru bat” ireki dezatela, Gazara larrialdiko laguntza medikoa sar dadin ahalbidetzeko.

Izan ere, Gazan “erabateko setioa” ezarriko zutela esan zuen astelehenean Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallant-ek, eta gehitu zuen “animaliak diren gizakien aurka” ari direla borrokan eta erantzuna horren araberakoa izaten ari dela.

Setioa egiteko, argindarra moztu dute, eta debekatu egin dute ura, janaria, sendagaiak eta erregaia sartzea. 2,3 milioi pertsona baino gehiago bizi dira bertan. Ez da berria Israelek Gaza bakartzeko neurriak hartzea, eta NBEk salatu izan du gerra krimena dela herritarrengan gosetea eragitea. 2007. urtetik Israelek Gazaren gaineko kontrol handia dauka, eta horregatik deitzen diote munduko kartzelarik handiena.

Israelek berriro hartu ditu galdutako eremuak

Hamasek, Jihad Islamikoaren laguntzaz, larunbat goizaldean “aurrekaririk gabeko” erasoa egin zion Israeli, ezustean, eta 5.000 suziri jaurtita lortu zuten Gazako hesia pasatu eta aire, lur eta itsasotik Israelgo zenbait herri kolonotara igarotzea. 130 zibil eta militar israeldar bahituta dituztela ziurtatu du Hamasek, eta preso palestinarrak askatzea lortzeko baliatu nahi dituzte bahitutako pertsona horiek.

Ordutik Israelen erantzuna bortitza izan da, eta gerra deklaratu du. Israelgo armadaren bozeramaile Daniel Hagari-k baieztatu duenez, berreskuratu dituzte palestinar miliziek larunbatean hartutako eremu gehienak. Israelgo Gobernuaren arabera, “ehunka” miliziano palestinar hil dituzte. Hamasek Israelgo Gobernuari gogorarazi dio israeldar zibilak bahituta dituztela, eta haiek hiltzen hasiko direla, baldin eta bonbak etxebizitzetara jaurtitzen jarraitzen badute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


Hezkuntza komunitateak protestara deitu du Palestinako haur eta nerabeen alde

Gasteizko dozena bat ikastetxe eta institutuk pasa den astean egin zuten publiko komunikatua, eta astelehen honetan Bilboko beste hogei eskola batu zaizkie, publiko zein Ikastola. ELA, LAB eta Steilas sindikatuak ere tartean daude. Sinadura bilketa abiatu dute.


2024-04-28 | Axier Lopez
Zazana, zerutik dena dakusan begi itsua

Hainbestekoa da Gazan droneek eguneroko bizitzan eta iruditegi kolektiboan daukaten eragina ezen hitz propio bat asmatu dutela droneentzat: Zazana. Hitz onomatopeikoa da, gazako dialektoan.

The Drone Eats With Me: A Gaza Diary  liburuan (Droneak nirekin jaten du: Gazako... [+]


Eguneraketa berriak daude