Gazako genozidioa gelditzea eta Israelekin harreman komertzialak haustea eskatu dituzte Iruñean

  • Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak antolatutako martxan milaka manifestarik “berehalako su-eten iraunkorra” eskatu dute. Halaber, Espainiako Estatuari exijitu diote Israelekin dituen harreman komertzialak eta diplomatikoak bertan behera uztea.


2024ko apirilaren 22an - 10:07
Azken eguneraketa: 14:26
3.000tik gora herritar bildu ziren larunbatean Iruñean. Argazkia: Ekinklik.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Nafarroako Gobernu Ordezkaritzaren arabera, 3.500 herritar bildu dira apirilaren 21ean Iruñeko kaleetan. Manifestazioa hasi aurretik, Maitane Melero antolatzaileen ordezkariak adierazpenak egin ditu. Ahotsa.info hedabideak jaso ditu bere hitzak. Melerok Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezi eskatu dio nazioarteko zuzenbidea betetzea eta Israelekin harreman diplomatikoak, komertzialak, eta akademiakok haustea, baita kirol eta erlijio harremanak ere. Melerok adierazi du Israel “genozidioa egiten” ari dela, “etengabeko sarraskia”. Horren aurrean, “berehalako su-eten iraunkorra”, “Gazaren blokeoa amaitzea” eta “laguntza humanitarioa berehala sartzea” eskatu du.

Bandera palestinarrak eta giltzak

Manifestariek bandera palestinarrak astindu dituzte eta hainbatek giltza handi erakutsi dituzte. Giltzok palestinarren etxeetakoak irudikatzen dituzte. Palestinar askoren etxeak suntsitu dituzte eta milakari haien etxeak kendu dizkiete.

Manifestazio buruko pankartak zioen: Geldi dezagun genozidioa Palestinan. Yala goazen. Manifestarien artean lelo hauek entzun dira: “Estatu sionista, estatu terrorista”, “Lapurtutako lurrak berreskuratuko dituzte”, “Israeli boikota”, “Non zaude, ez dira ikusten Israeli jarritako boikotak”.

Argazkia: Ekinklik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
Eguneraketa berriak daude