Aire zabaleko munduko kartzelarik handiena izateari utzi dio Gazak. Orain 2,3 milioi pertsonen kontzentrazio-, sarraski- eta bortxazko desplazamendu-eremua da. Ia zuzenean ikusten ari gara genozidio bat, Mendebaldeko potentzia nagusien oniritziarekin. Baina hain agerikoa izanik, zergatik egiten dute? Hori da sarri errepikatu den galdera azken asteotan. Sionismoaren barrenean dauden helburu kolonial eta izaera arrazistatik harago, ba al da halako sarraski krudel bat egitera eraman ahal zaituen interes indartsurik? Erantzun posible bat ondo baino hobeto ezagutzen dugu, azken hamarkadetako inbasio eta eraso inperialista gehienetan agertu baita: energia baliabideak. Eta Palestinaren kasuan, gasaz ari gara.
Munduko negozio errentagarrienetako bat, armen, pertsonen eta drogen trafikoarekin batera, energia fosilen ustiaketak izaten jarraitzen du. Eta haren gurpila ezin da gelditu, ezta eraso militar betean egonik ere. Horren froga izan dugu urriaren 30: Israelek 12 lizentzia banatu dizkie sei enpresari gas naturalaren bila esploratzeko. Leviatan izeneko gas-hobi erraldoiaren ondoko bi eremu esploratuko dituzte. Munduko ur sakonetako gas aurkikuntza handienetako bat da Leviatan, 2010ean topatu zuten Haifatik 130 kilometrotara dagoen 87.000 kilometro koadroko “altxorra”.
"Enpresa irabazleek konpromisoa hartu dute gas naturalaren esplorazioan aurrekaririk gabeko inbertsioak egiteko datozen hiru urteetan, gas naturalaren erreserba berriak aurkitzeko itxaropenarekin", adierazi du erakunde sionistako Energia ministro Israel Katzek. Bi partzuergotan banatu dituzte enpresa irabazleak. Talde bat Eni erraldoi italiarrak, Dana Petroleum eskoziarrak eta Ratio Energies israeldarrak osatuko dute, eta bestea BP ingelesak, Azerbaijango Petrolio Enpresa Publikoak (SOCAR) eta NewMed Energy israeldarrak. Helburu nagusiak, Israelen mendekotasun energetikoa konpontzea eta Europaren hornidura bermatzea.
Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak 1.700 milioi petrolio upel berreskuragarri eta 122 bilioi oin kubiko gas aurreikusi ditu Siria, Libano eta Palestina Historikoaren itsasoa eta kostaldearen gehiengoa hartzen duen eremuan –Levant Basin probintzia deituan–. Baliabide horien balio garbia 453.000 milioi dolarrekoa da gas naturalari dagokionez eta 71.000 milioi dolarrekoa petrolioarena. Hau da, 524.000 milioi dolarreko dirutza. Gasari dagokionez, Leviatan eremua da aurkikuntzarik handiena, eta zenbait kalkuluren arabera, Israelen barne-eskaria ase lezake hurrengo 40 urteetako.
Ebasketa koloniala
Baina baliabide eta dirutza hori bereganatzeko Israelek ez du “legezko eskubide esklusiborik”, NBEk 2019an argitaratutako txosten baten arabera. Zergatik? Oso logika errazagatik: baliabide fosil horiek osatzeko milioika urte behar izan ziren. Palestinarrak beren lurretan mende askotatik hona bizi dira. Israel, ordea, duela 75 urte jaio zen, eta potentzia okupatzaile gisa eratu zen. Orduan, norena da baliabide horiek ustiatzeko eskubidea? Gaur egun, zoritxarrez, erantzuna agerikoa da: Israel, okupazio bortitzaren bitartez eta bere bi sustatzaile eta gas erosle nagusien baldintzarik gabeko laguntzaren bidez, AEB eta Europar Batasuna.
Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, gas errusiarra ordezkatzeko beste iturri batzuk lortzeko presiopean, Europar Batasunak Elkar Ulertzeko Memoranduma sinatu zuen 2022ko ekainean erakunde sionistarekin –eta Egiptorekin–, Leviatango aztarnategitik gasa inportatzeko.
Ameriketako Estatu Batuak harago joan dira, eta Israelekin "lankidetza energetikorako" akordioa sinatu zuten. Akordio horren arabera, "Israelek baliabide naturalak ustiatzeak interes estrategikoa” du AEBentzat, eta trukean Israeli "eskualdeko segurtasun kontuetan" lagunduko diola azpimarratu dute. Gas naturala "eskualdeko segurtasunean eragin positiboa" duen baliabidetzat jo dute. Alegia, geopolitikara ekarrita, Ekialde Hurbileko herrialde arabiarrekin merkataritza-zubiak eraikitzea esan nahi du.
GNL gasa (gas natural likidotua) "trantsizio energetikorako erregai" gisa saldu dute multinazionalek eta Mendebaldeko zenbait gobernuk. Ikuspegi logistikotik konplexua eta ingurumenarentzat kaltegarria izanik ere, ikatzak baino %40 karbono dioxido gutxiago isurtzen duela azpimarratzen dute haren defendatzaileek. Haien kalkuluen arabera, erreserbak daude “125 urtez mundua hornitzeko”. Iran, Errusia eta Qatar erreserba horien erdiaren jabe dira.
Amerikako Estatu Batuak GNL ekoizle eta esportatzaile handiena dira munduan gaur egun, eta gas garesti horren aldeko apustu argia egiten du. Europa, 2022an, munduko inportatzaile nagusi bihurtu zen: urte horretan kontsumitu zuen gasaren %40 mota horretakoa izan zen, gehiena izoztuta ekartzen dute itsasontziz.
Ekialdeko Mediterraneoko gasaren ibilbidea
Ekialdeko Mediterraneoko gas-hodiaren (EastMed Pipeline) proiektuak Europako gas-hornitzaileak dibertsifikatzea eta Europar Batasunatik kanpoko herrialdeen mende ez egotea du helburu. Israel izango da kanpoko partaidetza bakarra eta gasbidea handik abiatuko da. Grezia Ekialdeko Mediterraneoarekin lotuko du, eta Greziatik, Poseidon gasbidearekin elkartuta, Italiarekin egingo du lotura. Gasbide horretatik Leviatan eta Zipreko Afrodita eremuetatik ateratako gasa garraiatuko dute nagusiki
Turkia proiektu horren aurka agertu da, gasbidea ez litzatekeelako bere kostaldetik eta uretatik igaroko, eta Europaren hornitzaileak are gehiago dibertsifikatuko lituzkeelako. Horrek talka egiten du Errusia zein Turkiaren interesekin, Transanatoliar gasbidearen bidez (TANAP) azerbaijandar gasa garraiatzen baitute Europara. Horrela agian hobeto ulertzen da Turkia izatea Israelen genozidioa zorrotzen eta gordinen gaitzetsi duen herrialdeetako bat.
Proiektu horren atzean, Ekialdeko Mediterraneoko Gasaren Foroa (EMGF) dago. 2019an sortu zen Egipton, eta 2020an, Kairon egoitza duen nazioarteko gobernuarteko erakunde bihurtu zen. Zipre, Egipto, Frantzia, Grezia, Italia, Jordania, Israel eta, bitxia bada ere, Al-Fatah alderdiak kontrolatutako Palestinako Aginte Nazionala (PAN) dira erakundeko kideak. Bitxia diogu, Palestinatik bertatik handik ateratzeko eskatu dutelako. BDS mugimenduaren Palestinako Batzorde Nazionalak EMGF uzteko eskatu zion PANi 2021ean, erakunde horretan parte hartzeak "Israeli Mediterraneo Itsasoko kostaldean gas naturala lapurtzeko zilegitasuna ematen diolako".
Israelek azken urteotan herrialde arabiarretara egindako hurbilketa nagusietako bat izan da EMGF. Haren ostean, Abraham Akordioak etorri ziren. Arabiar Emirerri Batuen, Bahrainen, Sudanen, Marokoren eta Israelen arteko akordioak dira, AEBek sustatu eta babestutakoak, nola ez. Hitzarmen horiek diote Palestinan "bakea" lortu nahi dutela, baina, beste behin ere, palestinarrak kontuan hartu gabe. Israeli pribilegioak emateaz gain, beste herrialde arabiarrekiko loturak sortu edo sendotzen ditu. Saudi Arabia eskualdeko potentzia gisa bultzatzen du eta, hartara, Iran isolatu. Are gehiago, Saudi Arabiaren diktaduraren eta estatu sionistaren arteko sintonia horren lehen pausoaren ostean, aldebiko akordio bat prestatzeari ekin zioten. Oraindik gauzatu ez dena, eta sarraskiaren ostean zalantzatan geratu dena. Izan ere, Israelek beren interesen zerbitzura zenbait herrialde arabiar gerturatu izana, ziurrenik, erresistentzia palestinarraren urriaren 7ko erasoa egiteko arrazoietako bat izan zen, normalizazio-joera hori hausteko.
Aurrekaria: Gazako gasaren lapurreta
1999an, BG Group (BGG) petrolio multinazional britainiarrak gas hobi handi bat aurkitu zuen Gazako kostaldetik 17 eta 21 itsas milia ingurura. Palestinak eta Israelek 1995ean sinatutako Oslo II akordioen arabera, Gazako kostaldetik 20 itsas miliara arteko jurisdikzioa Palestinarena da. 1999ko azaroan, Palestinako Aginte Nazionalak 25 urteko kontratua sinatu zuen BGGrekin gasa esploratzeko. Erreserba erraldoi horiek, bilioi bat oin kubikotan estimatuak, palestinarren eskaria estaltzeaz gain esportazioa ahalbidetuko lukete. Ehud Barakek, orduan Israelgo lehen ministroa zenak, baimena eman zion BGGri 2000ko uztailean lehen putzua zulatzeko. Palestina eta Israel negoziatzen aritu ziren, baina 2003an lehen ministro Ariel Sharonek jarrera aldatu zuen esanez gasaren etekinak "terrorismo palestinarra" laguntzeko erabil zitezkeela. Israelek Osloko akordioak urratu dituen kasu ugarietako bat izan zen. Hainbat aldaketa, hautsitako akordio eta presio diplomatikoren ondoren, 2008ko abenduan Israelek Gaza inbaditu zuen eta palestinarren gas eremu horiek Israelen kontrolpean jarri zituen, nazioarteko zuzenbideari muzin eginda.
Ordutik, BGG multinazionala Israelgo Gobernuarekin negoziatzen eta elkarlanean aritu da. Palestinarrek milaka milioi dolarreko galerak izan dituztela kalkulatu ditu Nazio Batuen Erakundeak.
Energetikoa da Israelek duen beste arrazoi bat Palestinako herria mapatik desagerrarazi edo Egiptora eta Jordaniara ihesarazi ditzaten, etxeak eta lurrez gain, gasa ere atzean utzita.
Urriaren 15ean Palestinaren aldeko eguna da Hego Euskal Herrian, eta hainbat sindikatuk eta mugimendu herritarrek mobilizazioak, lanuzteak eta grebak deitu dituzte. ARGIAk bat egin du Palestinaren aldeko greba eta lanuzteekin. Hemen aurkituko dituzue egunaren jarraipena eta... [+]
Milaka eta milaka pertsonak parte hartu dute Palestinaren aldeko Gasteizko manifestazio nagusian. Sindikatu deitzaileak oso pozik agertu dira manifestazioak, lanuzteek eta grebak Araban izan duten jarraipenarekin. Nazioarteko zein Euskal Herriko patronalari eta instituzioei... [+]
Torturak eta gehiegikeriak 2023ko urriaren 7tik ugaldu egin direla frogatu dute askatu berri dituzten ehunka palestinarren testigantzek. Nahita eduki dituzte goseak jota, mota askotako torturak pairatu dituzte, eta osasun arta hutsaren hurrengoa izan dela salatu dute. Aske... [+]
Donald Trumpek Gazarako bere su-etena ospatzen jarraitzen duen bitartean, galdera ugari dago etorkizunaren gainean. Democracy Now! hedabideak Khaled Elgindy elkarrizketatu du asteartean [urriak 14], arabiar gaietan aditua eta irakasle bisitaria Georgetown Unibertsitatean, AEBek... [+]
Hezkuntzak egun osoko greba bizi du Hego Euskal Herrian eta jarraipen zabala izaten ari dela adierazi diote ARGIAri langileen eta ikasleen ordezkariek. Jarraipenaren datuak, elkarretaratzeak, zabaldu dituzten mezuak eta deialdi berezituaren arrazoiak jaso ditugu. “Beste... [+]
Igandean indarrean sartu zen su-etenaz geroztik, armada sionistak hiltzen jarraitu du. Gutxienez bederatzi palestinar hil eta beste hiru adin txikiko zauritu dituzte. Droneekin tirokatuta hil dituzte lehenak, eta besteak Al-Shifa ospitaletik gertu zeuden lehertu gabeko... [+]
Gazako zerrenda Egiptorekin lotzen duen Rafah pasabidea zabaltzea eta egunean laguntza humanitarioko 600 kamioiri Gazan sartzen uztea hitzemana zuen Israelek, baina asteartean mehatxu egin zuen 300 kamioi soilik utziko zuela sartzen eta Rafah pasabidea ez zuela zabalduko... [+]
Palestinaren aldeko lanuzteek enpresetan jarraipen zabala izatea aurreikusten zuten sindikatuek, eta hala izaten ari da. Gainera, mobilizazioak lantokietan bertan hasi dira, hiriburuetan egingo diren manifestazio handien atariko.
Urriaren 15ean palestinar herriaren aurkako genozidioa salatzeko geldialdia egingo dugu, indartsu. Itxiko ditugu enpresak, elkarteak, egoitza publiko zein pribatuak, industrialdeak. Zaharren egoitzak edo ospitaleak ez, zerbitzu minimoak %100ean jarri dituztelako, zerbitzu... [+]
Urriaren 15eko asteazkena Palestinaren aldeko eguna da Hego Euskal Herrian, eta hainbat sindikatuk eta mugimendu herritarrek mobilizazioak, lanuzteak eta grebak deitu dituzte. Albiste honetan jaso ditugu deialdiak. ARGIAk bat egiten du Palestinaren aldeko greba eta... [+]
Aurten bigarrenez, Iparraldea Palestinarekin sareak "palestinarrak haien erresistentzian sustengatzeko eta Israel zein bere konplizeen kontra borrokatzera deitzeko eguna" antolatu du azaroaren 15ean Makean (Lapurdi). Halaber, dei egin dute azaroaren 8an Israelekin... [+]
Ohar bateratua argitaratu dute Hamasek, Jihad Islamikoak eta Palestinaren Askapenerako Herri Fronteak. Ñabardurak egin dizkiote itxurazko bake-planari: ez daude ados "nazioarteko tutoretza" edo Gazarako aipatzen den "aldi baterako kanpo-administrazioa"... [+]
Hasi da bahituen trukea Palestinan eta Israelen. AEBetako presidentea heroi baten moduan hartuko dute astelehen eguerdian Tel Aviven, eta Egipton goi-bilera egingo da gero, "Gazaren etorkizunaz gogoetatzeko". Bien bitartean, laguntza humanitarioa indartu bada ere,... [+]
Israel eta Hamas negoziaketa betean dira, Trumpek proposatutako su-etenerako planaren harira. Ekialde Hurbileko zenbait hedabidek informatu dutenez, bahitu israeldarren trukean askatu behar dituen preso palestinarren izenen zerrendan jarri zuten Marwan Barghouti, baina... [+]