Francisco Sagarzazu Sagarzazu Hondarribiko alkatearen familiaren "dohaintzak" eztabaida piztu du

  • Sagarzazu Sagarzazuren hainbat dokumentu eta objektu udalarenak direla azaleratu zuen Abotsanitzek; «dohaintza» edo «itzulpena» ote den mahaigaineratu zuen udal taldeak.


2021eko abuztuaren 17an - 08:58
Azken eguneraketa: 11:01
Sagarzazu Sagarzazu eskuinean militarrez jantzita eta Falangeko ikurrekin.

Ezohiko osoko bilkura egin zuen joan den astean Hondarribiko Udalbatzak. Eguneko aztergaian bildutako puntuen artean, hamabi kale asfaltatzeko kontratazio plegua onartu zuen udalbatzak EAJren botoekin; baita lorezaintza zerbitzua Elai Serbitzuak SL enpresari esleitzea ere jeltzaleen eta EH Bilduren botoei esker. Abotsanitz bietan abstenitu zen eta PSE-EEko zinegotziek ezin izan zuten bilkuran parte hartu. Aztergaiaren hirugarren puntuak piztu zuen udalkideen arteko eztabaida, hain zuzen, Francisco Sagarzazu Sagarzazuren familiaren dohaintza onartzeko proposamenarekin.

Txomin Sagarzazu alkateak hartu zuen hitza lehenbizi dohaintzaren eta Sagarzazu Sagarzazuren ibilbidearen nondik norakoak azaltzeko. Abotsanitzen udal taldeko Aitzol Arroyo zinegotziak txanda eskatu zuen ondoren, eta hark emandako datuen arabera, «Francisco Sagarzazu Sagarzazu Hondarribiko alkate izan zen 1925etik 1929ra, eta 1942tik 1958ra. Primo de Riveraren diktaduran lehenik, eta Francorenean ondoren». Are gehiago: «1938an Falange Españolako Prentsa eta Propaganda arduraduna izan zen».

Ustelkeria eta lapurreta

Eskuin muturraren ordezkari izan zela Sagarzazu Sagarzazu argi utzi zuen Arroyok, eta ustelkeriaz zein lapurretaz akusatu zuen ondoren. Hala, haren lehen agintaldian Sagarzazuk Hondarribia «kiebra» egoeran utzi zuela adierazi zuen zinegotziak, eta erantsi zuenez, 1931n Espainiako Bigarren Errepublika iritsi zenean «udal-ogasunen txosten ekonomikoak egin ziren udalerri guztietan. Hondarribikoak azalarazi zuen Francisco Sagarzazuren agintaldian, 1925 eta 1929 artean, Hondarribiko Udalak 2.000.000 pezetako zorra pilatu zuela. Gaur egunera ekarrita, 150 milioi eurotik gorako zorra litzateke».

Ustelkeria kasuekin bukatuta, lapurreta zantzuak iritsi zen. Bienabe Artia margolari irundarrak Sagarzazu Sagarzazuren erretratu bat margotzeko enkargua jaso zuen Hondarribiko Udalaren eskariz seme kuttun izendapena jasotzearekin batera. Margolana inoiz ez zen udaletxeko areto nagusiko hormetan zintzilikatzera iritsi. Eta hala jasotzen du 1932ko iraileko osoko bilkurako aktak. 1.000 pezeta ordaindu zituen udalak koadroarengatik, dokumentazioak azaleratu duenez. Abotsanitzek egindako ikerketa, bertan.

Dohaintza edo itzulpena

Abotsanitzeko udalkideek zalantzak agertu zituzten Sagarzazu Sagarzazuren «dohaintza» onartzearekin, horren zati bat Hondarribiko Udalaren jabetzakoa dela demostratzen dutelako dokumentuek. Ez soilik margolana. Arroyok azaldu zuenez, gainontzeko txosten eta dokumentuek signatura delakoa dute, hau da, soilik administrazio publikoak artxibatutako eta sailkatutako dokumentuek jasotako kode modukoa. Hortaz, dokumentuak udalaren jabetzakoak ere direla ondorioztatu zuen zinegotziak.

Hori horrela, idazkari andreak zalantzak agertu zituen forma juridikoarekin. Azaldu zuenez, udalaren jabetzakoa dena ezin zaio udalari dohaintzan eman, eta puntu hori alboratzea eta denboraz aztertzea gomendatu zuen.

Egoera ikusirik, haserre mintzatu zen alkatea denekin. Lana «txukun» ez egiteaz akusatu zituen udalkide eta udal langileak, eta halako ikerketak aurkezteko leku egokia ez dela udalbatza egotzi zion Abotsanitzi. Igor Enparan herri batzarreko bozeramaileak Udalerria Batzordean euren zalantzak helarazi zizkiotela Maria Serrano zinegotziari erantsi zuen, nahiz eta ez zen horren gaineko azalpen gehiegirik eman. Gaia aztertzeko erabakia hartu zuten azkenean.

Bertan ikus daiteke atzoko osoko bilkuraren bideoa. Sagarzazu Sagarzazuri dagokion hirugarren puntua 21:35 minututik aurrera ikus daiteke.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Tefia, homosexualak zigortzeko eremua

Fuerteventura (Kanariar Uharteak), 1954ko otsailaren 11. Tefiako Nekazaritza Kolonia abian jarri zuten uharteko aireportu abandonatuan, basamortuaren erdian. Nekazaritza kolonia eufemismoaren atzean, praktikan, kontzentrazio eremua izan zen Tefia, nagusiki LGBTI komunitateko... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude