Indarkeria “isilak” agerian uztera eta ardura hartzera deitu dute A25era begira

  • Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunerako kanpaina instituzionalak aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Lehenengoan, azpimarratzen da indarkeria matxista "gizarte osoaren arazoa" dela, eta ez soilik emakumeena; bigarrenak, "indarkeria isilak" agerian uztea bilatuko du.

EAEko kanpainaren aurkezpena @emakundEJGV

2025eko azaroaren 11n - 11:01
Azken eguneraketa: 12:54
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Astelehenean aurkeztu dituzte kanpainak, eta azaroaren 25era arte ikusi eta entzun ahal izango dira telebistan, irratian, prentsan, sare sozialetan eta publizitate euskarrietan. Bilboko markesina batean, “Ez da zure arazoa soilik, gurea ere bada” irakurri ahal izango da, Iruñeko batean, berriz, “Egunerokoan ere ezkutatzen da indarkeria. Ikusaraz dezagun”. 

EAEko kanpaina Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudelek aurkeztu dute. Azpimarratu dute gizarte osoaren inplikazioa berebizikoa dela emakumeen aurkako indarkerian. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak gizarte “aktibo eta kontzientziatua” aldarrikatu du, arazo “soziala eta estrukturala” den heinean, gizarteari baitagokio “erantzutea, laguntzea, ulertzea eta sinistea”. Eudeleko presidenteak eta hiru foru aldundietako berdintasun zuzendariek hurbileko babes sareak nabarmendu dituzte: “Auzokoen arteko loturak, lagunak eta inguru hurbila dira lehen babes ezkutua”, esan du Esther Apraiz Eudeleko presidenteak. Ikusgarri egongo den irudia leloaren eskutik doa, indarkeria matxistaren biktima bat babesten duen pertsona talde bat irudikatzen da bertan, “babesa eta laguntza” ematen dion komunitatea bistaratuz.

Datu kezkagarriak ere plazaratu dituzte. EAEko 4.500 emakumeri egindako Emakumeen aurkako indarkeriari eta pertsonen arteko beste indarkeria-mota batzuei buruzko inkesta 2024 galdeketak agerian utzi zuen gisan, EAEn bizi diren 16 eta 85 urte bitarteko bi emakumetik batek (% 48,2k) noizbait pairatu du indarkeria motaren bat, izan bikote barruan edo kanpoan; eta salaketak kasuen %15 baino ez badira ere, hamar emakumetik zortzik lagunei, senideei edo inguru hurbilari kontatu diete inoiz indarkeria matxista jasan dutela.  

Nafarroako Gobernuak martxan jarri duen kanpainari dagokionez, “indarkeria ezkutukoak eta sotilak” deiturikoak salatzea du helburu. Felix Taberna lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak aurkeztu du. Tabernak adierazi du, askotan, "konturatu gabe" gertatzen direla sozialki justifikatutako “biolentzia isilak”, baina indarkeria matxistaren mota “esplizituagoak eta larriagoak” legitimatzeko haztegi direla.

Kanpainako irudietan herritar anonimoen aurpegiak ageri dira, begiak emakumeen aurkako indarkeria inplikatzen duten mezuekin estalita. Hurrengo mezuak irakurri ahal izango dira: “Horrela janzten bada, ez dadila gero kexatu”, “Ez diet beste batzuei like ematen, haserretu ez dadin”, “Isilik geratzen banaiz eta aurka egiten ez badiot, baretu eta bakean uzten nau” eta “Piropo bat besterik ez zen, ez da hainbesterako ere”. Esaldi horien bitartez herritarrei hausnarketa egitera gonbidatzen da.

Nafarroako kanpainako irudi bat

Indarkeria matxista kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude