“Euskararen errealitatea hori baita!” Zenbat aldiz ez dugun entzun azken garaian euskaldunok baieztapen hori. Hitz ezberdinekin, toki ezberdinetan (epaitegien sententziatan, instituzioen erabakitan, politikarien diskurtsotan, iritzi-artikulutan…). Finean pellokeria bat besterik ez den baieztapena, karga politiko handia eta ondorio larriak izan ditzakeen posizio politikoan bilakatzen ari da. Zeren eta ustezko errealitate objektibo berberaz irakurketa oso ezberdinak egin daitezke. Eta are garrantzitsuagoa dena, errealitate horren aurrean zer egin erabakitzen denaren arabera, jarduera politiko ezberdinak garatuko dira, eragin eta ondorio batzuekin ala besteekin. Errealitatea bere horretan iraunarazteko erabakiak har litezke, ala, aldiz, errealitate hori eraldatzeko erabakiak hartu. Eta zapalkuntzez, injustiziez eta eskubide urraketez ari bagara, ez da gauza bera horiek bere horretan iraunaraztea ala horiei aurre egitea berdintasuna eta justizia ezartzeko.
Irungo udaltzaingorako lan-deialdiaren epaian irakurri daitekeenez, Irungo errealitate soziolinguistikoari men eginez, udaltzain izateko euskara eskatzea “diskriminatzailea da gaztelera hiztunentzat”. Epaitegiaren aburuz, nahikoa da udaltzainen plantillan baten batek euskara ezagutzea, herritarren bat euskaraz artatua izan nahi duenaren pelmadarekin baletor hark artatu dezan. Nahiz eta Irungo beste puntan egon eta herritarrak egun osoa zain egon behar. Laster, itzultzaile automatikoak izaten ari diren garapenarekin, hurrengo epaian gehituko dute nahikoa dela langile publiko bakoitzak horrelako bat poltsikoan izatea euskaraz zuzenduko zaion herritarrarekin komunikatu ahal izateko (herritar astuna hau ere, euskaraz hitz egin nahi izate horrekin). Bestela denbora testigu!
Euskararen egoera halakoxea delako, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako haurrei beraien herriaren hizkuntza transmititu ahal izateko baimena Parisen galdegin behar dugu. Eta ikusi berri dugun bezala, Frantziako Asanbleak horretarako baimena emanez gero, Konstituzio Kontseilua gertu dago botere legegilearen labainkada zuzentzeko. Auzi honekin gertatutakoa, herri gisa bizi dugun menderakuntzaren adierazle oso argia da. Kolonia arrunt baten moduan, euskal herritarrok gure haurrei euskara irakatsi ahal izatea metropoliari erregutu beharrean aurkitzen gara, kasik belauniko, eta Asanbleak manupekooi amoina eman digunean eskerrak eman beharrean aurkitzen gara.
Euskararen egoera halakoxea delako, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako haurrei beraien herriaren hizkuntza transmititu ahal izateko baimena Parisen galdegin behar dugu
Baina, antzeko esaldia entzun dezakegu ere Nafarroako Gobernuaren eta bertako politikari gehienen ahotan: “Nafarroako errealitate soziolinguistikoa hori da”. Esaldi horrek euskaldunon eskubideak Nafarroan hiru zonatan banatzea justifikatzen omen du (parekorik ez duena ez beste arlotan ezta Europa osoan ere). Esaldi horrek lan-deialdietan alemaniera ezagutzea meritu gisa puntuatzea dakar, euskara ezagutzea hutsaren hurrengo puntuazioa emateaz gain, ia kaltegarri ere kontsideratzeraino. Hori gutxi ez eta esaldi horrek Nafarroako milaka euskaldun gutxi batzuk ehunka mila ez-euskaldunen zapaltzaile gisa aurkeztea dakar.
Sakonean dagoen arazoa errealitate politiko-sozialak fenomeno naturalak ez direna da. Errealitate horiek eraikiak dira, gainontzeko egitura sozial guztiak bezala. Eta eraikuntza hori botere-lehia bidez gertatzen da. Ez baitira naturalki suertatu “La langue de la République est le français” izatea eta “El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla” agintzea; horiek eguzkia eta ilargia egotea bezain natural balira bezala, batzuetan horrela transmititu nahi diguten arren frantziar eta espainiar estatuek. Garai ez urrutietan isunen eta eraztunaren bitartez, egun epai eta arauekin. Lehen erregelarekin jipoitzen, orain, “demokrazian” bizi garenez, sententziekin. Baina beti, lehen eta orain, inposizioaren bidez eraiki dute eta etengabe berreraikitzen ari dira errealitate soziolinguistiko zehatz bat.
Errealitate soziolinguistiko bat, euskaldunok, egoskorrak izaki, behin eta berriz gainditzen saiatzen garena. Funtsean salaketa hori baitago bateko eta besteko epaietan, legeetan eta adierazpenetan: euskaldunak urrunegi joaten ari zarete. Gu, Frantzia eta Espainia, mundua (baita zuek euskaldun basatiak ere) zibilizatu dugun estatu moderno eta nazioetan gorenak, eskuzabal utzi dizuegu bizirauten, sukalde bazterrean euskaraz hitz egiten, eremu publikoan euskara neurri batean erabiltzen. Baina zuek euskaldunak ez, temati euskara noranahiko bilakatu nahian jarraitzen duzue, “normalizatu” nahian, “Euskararen Herria” asmakizun hori eraiki nahian. Gure pribilejioak zuek ere zuentzat nahi dituzue. Bada aski dela esaten dizuegu.
Aski dela erabaki dute estatuek eta kontrarreformaren bidea hartu dute. Orain, euskaldunoi dagokigu inboluzio horren aurrean nola jokatuko dugun erabakitzea.
Euskal Herrian Euskarazek hamarkada darama esaten azken 40-50 urteetan “euskararen alde” egiteko erabili den paradigmak eman beharrekoa eman duela; indarrean egon diren hizkuntza-politikek goia jo dutela. Aurreratu dugula zalantzarik ez, baina ez da aski, euskarak egoera zaurgarrian jarraitzen du. Une honetako erronka hortxe dugu: normalizazio-prozesuan jauzi egin eta euskaltzaleon borrokari esker euskararen berreskurapenean eskuratutakoa irabazpidean jarri, ala, hori egin ezean berriz ere atzerako joeran erori.
Euskararen ezagutza unibertsalizatu behar da, euskal herritar orok euskara ezagutzea betebeharra izan behar delarik; horrek eskatzen du derrigorrezko hezkuntzan irakastereduen sistema gainditzea eta helduen euskalduntzea doakoa izatea
Beraz, jauzia gauzatzeko unea da. Aldarrikapena errealitate bihurtzeko unea da. Horretarako, besteak beste, euskararen ezagutza unibertsalizatu behar da, euskal herritar orok euskara ezagutzea betebeharra izan behar delarik; horrek eskatzen du derrigorrezko hezkuntzan irakastereduen sistema gainditzea eta helduen euskalduntzea doakoa izatea. Administrazio publikoa osoki euskalduna izan behar da behingoz, ez soilik herritarrenganako zerbitzuetan, baita bere funtzionamenduan ere. Hedabide publikoak soilik euskaraz izan behar dira; gazteleraz eta frantsesez milaka kate daude, euskaldunok bakarra dugunean. Lan munduan euskara eskakizunak ezarri behar dira, herritarrentzako zerbitzuetan, publizitatean, administrazioaren kontratuak eskuratu ahal izateko; espainiar eta frantziar estatuek hori inposatzeko inongo lotsarik eta mugarik ez duten bezala, Euskal Herrian ere horrela izan beharko luke. Kulturan, aisian, kirolean eta abarrean euskararen erabilera nagusi izateko neurriak indarrean jarri behar dira.
Baina bistan da programa hori gauzatu ahal izateko burujabetza osoa behar dugula. Estatu bien inolako esku-hartzerik ez dela izan behar. Printzipioa oso erraza baita ulertzen: soilik euskaldunoi dagokigu erabakitzea zein nolako hizkuntza-antolaketa nahi dugun Euskal Herrian, ez beste inori.
Hori guztia lortzeko modu bakarra eragile sozio-politiko euskaltzaleen artean gutxieneko adostasuna lortu eta elkarlana abiatzea da. Ez dago besterik. Horregatik, estatuen oldarraldiaren aurrean, Euskal Herriaren berreuskalduntzean jauzia gauzatzeko, herri akordioa adostu eta abian jartzera dei egiten die EHEk eragile euskaltzaleei.
Euskaltzaleok ez baikaude errealitate hau burumakur onartzeko prest!
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Edozein arlotan, arazo bat suertatzen denean, eta ia inor ados jartzen ez denean, ohiko galdera plazaratzea da onena: Nori egiten dio mesede?
Ez nuke zuen eguna izorratu nahi; ez jende guztia hitz egiten ari denaz hitz egin ere, baina azken asteotan, uda mugitu honen ondoren, sukaldeko leiho ondoko aulkian eseri eta munduari begira jarrita egon naiz. Begiak zabal-zabalik eta isil-isilik begiratu diot munduari bi... [+]
2024ko irailaren 11n, "Lortzear ote gaude?" izeneko artikulua argitaratu ziguten hainbat hedabidetan. Urtebete igaro da eta garbi esan dezakegu: EHUko gobernu aldaketak (Ferreira zen buru, Bengoetxea da orain) ez digu aurrerabiderik ekarri. Orduko zailtasunek zailtasun... [+]
Aurtengo ekainaren 25ean Eutanasiaren legeak laugarren urtemuga bete zuen. Nire iritziz, lege hori hainbat biztanleren lanari esker lortu da, eta, nolabait, pentsa dezakegu merezitako saria izan dela; izan ere, lege hori lortu bitartean pertsona askok erailketa salaketak,... [+]
2023ko uztailean jaso genuen berria antzuolarrok. Irimon bi aerosorgailu erraldoi jartzeko proiektu bat aurrera eramateko eskaera jaso zuela Udalak. Hasieran zalantzak eta galderak: nor zegoen proiektuaren atzean? Zein zen proiektuaren benetako helburua? Zein izango... [+]
Arantzaren buruko loreek ez zuten arantzarik, Arantzaren bizitzak, ordea, asko. Emakume izatearekin batera, jaiotzetik batzuk. Besteak gaztetatik eransten joan zitzaizkion, komisarian torturak ezarriak, Burgosko prozesuan eta kartzelan, arantza horiek denak patriarkatuak... [+]
Aste honetan, etxeko lanak jarriko dizkizuet. Hori gertatzen zaigu urte luzetan irakaskuntzan aritu garenoi: dena bihurtzen dugu arbel, etxeko lan eta ikas-egoera. Demagun euskal jai bat antolatu behar dugula herrian. Zer egitarau proposatuko dugu? Nola ospatu, dantzatu eta... [+]
Bizipen multzoa da gure historia. Esperientziek osatutako atal eta kapituluak. Errutina eta egunerokoa zipriztintzen dituzten gertaerak. Baina adin batera iritsita, bizi izandako momentu batzuk atzenduta geratzen dira, buruaren zokoren batean ostenduta. Ez ahaztuak,... [+]
Ez dira gauza bera. Sistema demokratiko bat, edozein eskalan, parte-hartzailea ez bada ez da demokratikoa. Demos batek ez badu lehentasunik erabakiak hartzerakoan, demokrazia eredu hori hutsala da. Israelgo Estatuan hauteskundeak egiten dira, baina ariketa politiko horrek ez dio... [+]
Trumpen muga-zergen dantza da azken hilabeteetako berri nagusietako bat. Gerra komertziala eta ekonomikoa hedabideen eta analisten ahotan daude oraindik ere. Gehienetan, baina, herritarrei gauzak era oso sinplean azaltzen zaizkie, gutxi-asko esanez Etxe Zurian ero bat dagoela... [+]
Teknologien azken joerengatik galdezka aritu da mastodon.eus-eko erabiltzaile bat, ezagutzen zuenak ez baitzion zirrararik eragiten. Zer pentsatua eman digu zenbaiti, eta jaso dituen erantzunak oso ezberdinak izan dira.
Nik adierazi diot teknologiek gizakion arteko... [+]
Ez dut ikusi nahi gorputza arimaren kartzela gisa. Baina ezin dut saihestu gorputz atletikoak, gazteak, osasuntsuak, ulertzea luxuzko ibilgailuak balira bezala, jabeen eramaile arinak. Gazte (osasuntsu, atletiko) ez garenon gorputzek ere bere jabeok eramaten gaituzte, baina kasu... [+]
Ikasturtearen hasiera, lankideekin, laneko deskantsuan, kafe baten inguruan, atzean utzitako hilabeteen oroimenak mahairatuz. Deskantsua paraje desberdinetan egin izanagatik ez ditugu alboratu gizarte gisa ibiltzen dugun garaia. Distantzia hartu eta geldiunean gaudenean gai gara... [+]
Horixe da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, besteak beste, @lessoulevements edota @bloquonstout atariak.
Izan... [+]