ARGIA.eus

2021eko urtarrilaren 19a

Euskara lantzen, eremu afektiboan

  • Lan munduan euskararen erabilera sustatzeko aplikatu diren bi metodologia aplikatu ditu berriki Soziolinguistika Klusterrak Lautadako bost familiarekin eta hiru kuadrilarekin. Pandemia traba izan bada ere, balorazio ona egin dute protagonistek. 

Arabako Alea @ArabakoALEA
2021eko urtarrilaren 05a
Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.
Hizkuntza ohiturak nola aldatzen diren ikasten ari dira hainbat talde. LEK

Hizkuntza batean edo bestean egitearen hautua indibiduala izan daitekeela erakutsi du Euskaraldiak antolatu den bi urteetan, baina ohiturak bakartasunetik aldatzea zein zaila den ere ikasi ahal izan dute herritarrek. Ariguneen bitartez eremu formalean –lantalde eta elkarteetan– taldean ohiturak aldatzeko bidean pausuak ematen ere ikasi dute aurten, rola taldean aurrera eramatea errazagoa dela ikusiz.

Pausu bat aurrerago joanez, Lautadan, primizian, taldekako lanketa hori eremu afektibora (familiara eta kuadrilletara) eraman da. Helburu argiarekin sortu baitzen 2017an Lautadako Euskararen Komunitatea; hizkuntza ohiturak euskararantz aldatzeko helburuarekin alegia, eta helburu horri tinko eusten dio oraindik ere. Hori oinarri harturik, Euskal Herri mailan lehen aldiz egin den ikerketa baten protagonista izaten ari dira Lautadako hainbat familia eta kuadrilla azken hilabeteotan.

"Pandemiak zaildu egin ditu kuadrillen hartu-emanak"

Soziolinguistika Klusterrarekin elkarlanean eta Pello Jauregiren gidaritzapean, etxetik edo lagunartetik hasita, hizkuntza ohiturak nola aldatzen diren ikasten eta ikusten ari dira Lautadako bost familia eta hiru kuadrilla, orain arte lan munduan aplikatu diren Eusle eta Ulerrizketa metodologiak eremu afektibora eraman baitira proiektu aitzindariari esker.

Ulerrizketa metodoa familietan

Ulerrizketa metodoa hiruko taldeetan aplikatu izan da orain arte lan eremuetan; hiru horietatik bat euskaraz ondo moldatzen dena (mintzatzailea), eta beste biak euskaraz aritzeko zailtasun handiagoak dituztenak baina ulertzen dutenak (ulertzaileak). Egunerokoan, horrelako egoeretan erdara nagusitzen da gehienetan, egoerak sortzen duen erosotasun faltagatik. Horrek aurrera egitea oztopatzen duen sorgin-gurpil batean sartzen ditu hiztunak; euskara menperatzen duenak euskaraz aritzeko aukerak galtzen ditu eta besteek ez dute euskaraz aurrerapenik egiten hizkuntza erabiltzen ez dutelako.

Ulerrizketa metodoa lantalde batean martxan jartzen denean mintzatzaileari euskarari eusteko eskatzen zaio, gutxienez hamarretik zazpitan. Ulertzaileek ahalegin berezia egin beharko dute euskaraz zein erdaraz erantzunez arau hori errespeta dadin. Praktikak erakutsi du gutxika euskara gailentzen dela eta, modu honetan, jokaera automatikoak egunerokoan nahigabe sartuz, ohitura bilakatzen direla.

Metodo hau familientzat moldatzerakoan ez da aldaketa handirik egin, ikerketarako aukeraturiko bikoteak lantokietako antzeko patroiarekin aukeratu baitira. Baina funtsezko araua aldatu da: mintzatzaileak euskaraz hitz egiteko joera izan behar du, erdia baino pixka bat gehiago, familia bakoitzak neurtu beharko du noraino irits daitekeen eta zenbat izan daitekeen pixka bat hori.

"Amaierarik gabeko prozesua"

Lautadako bost familia ari dira ikerketan parte hartzen, Ozeta, Mezkia eta Araiako bikote bana eta Aguraingo bi. Araiako Gentzanek komentatzen duen moduan "aspalditik amaierarik gabeko euskalduntzeko prozesu batean sartuta" daudelako eman zioten baiezkoa gehienek parte hartzeko proposamenari, "etengabe elikatu beharreko prozesu bat dela jakinda, etxeko hizkuntza ohitura berriei bultzada bat ematen asko lagundu duelako proiektuak". Bost familiek bat egiten dute proiektuaren garrantzia eta interesarekin, eta baita egunerokoan erdarak hartzen duen geroz eta espazio handiago horri buelta emateko modua dela esaterakoan.

Baina ilusio eta gogoz hasitako ibilbide honetan dena ez da arrosa kolorekoa izan. Aguraingo Nahiarak komentatzen duen moduan errutina aldaketa "gogorra" izan zen. "Euskarari eutsi behar zion pertsona izanda, zaila da norbaiti euskaraz egin eta hark erdaraz erantzunez norberak euskaraz jarraitzea".

Ozetako Anaren ustez, berriz, "erosotasun kontua" da zailtasuna baino gehiago: "Bikoteari mezua ulertzea gehiago kostatuko zaiola jakinda eta ulertuarazteko hitz egiteko modua a datu behar dela kontuan izanda, egunerokotasunaren nekeak erosotasunera eramaten gaitu, eta erdarara jotzen dugu".

Umeak, laguntzaile

Baina familia horietan guztietan umeak daude, eta horiek izan dira aurrera jarraitzeko indarra erakutsi dutenak zenbait kasutan. Aguraingo Edurne eta Alexek 6 eta 9 urteko semeak dauzkate. "Hasieran oso arraroa egiten zitzaien amak aitari euskaraz egitea, ez zuela ulertzen esaten zuten, baina pixkanaka ikusi dute aitak euskaraz ulertzen duela. Beraiei propio eskatu diegu prozesu honetan parte hartzeko, aitak euskaraz hobeto uler dezan eta euskarazko erlazio bat lortzeko gure artean", aipatu du Edurnek.

Mezkiako Rebekak ere semeak aitarekin asko lagundu diola onartu du, eta Aguraingo Nahiararen eta Igorren kasuan seme txikiena izaten zen askotan gurasoak euskaraz egitera bultzatzen zituena. Esperientziarekin eskertuta daude guztiak, eta bat egiten dute denek Mezkiako Rebekarekin: "Hemendik aurrera ere berdin jarraituko dugu, etxean geroz eta euskara gehiago entzuten da, eta hori oso positiboa da".

Eusle metodologia

Eusle metodologia taldeak babestutako jokaera urratzailea da. Izenak dioen bezala, taldeko kide batzuek euskarari eutsi beharko diote beti (euskararen eusleak izango dira) eta gainontzekoek inoiz ezin izango diete eskatu erdaraz hitz egiteko.

Metodologia hau gertuko harremana duten lankideez osatutako lantalde natural eta egonkorretan aplikatu ohi da. Taldearen %75eko adostasuna behar da gutxienez ariketa egin ahal izateko, honek hizkuntza ohiturak aldatzeko babesa ematen duelako. Eusleak zein izango diren ere taldean adosten da, aukeratuak dira eta ez boluntarioak. Errutina horrekin, pixkanaka euskararanzko joera hartzen dela frogatuta dago.

"Etxean geroz eta euskara gehiago entzuten da; oso positiboa da" 

Pello Jauregik azaldu bezala, lan eremutik eremu afektibora moldaketa egiterakoan hartutako erabakirik nabarmenena partaideen rolak definitzerakoan izan da. Lan taldeetan eusleak 5etik 1 izanik, kuadrilletan taldeko kide guztiek rol bat edukitzearen beharra ikusi zuten. Talde afektibo batean gauza guztiak oso argi edukitzea komeni zen, frikziorik edo gaiz- kiulerturik ez sortzeko. Oso ondo definitu zen bakoitzak nola ikusten zuen bestea, denen artean erabaki zuten zein zen euskaraz egiteko gai eta zein ez, denen artean adostuz rolak.

Lantaldeekiko diferentziarik handiena elkarrekin pasatzen duten denbora ere bada, lantalde bateko kideek egunero 7-8 ordu pasatzen baitituzte elkarrekin eta kuadrilla batean hori betetzea zaila delako; interakzioa normalean zaila bada, zer esanik ez aurten pandemia dela eta ez dela. Prozesua amaitzerakoan ikusi beharko da nolako emaitzak ematen dituen honek.

Txipa aldatzeko aukera

Agurainen finkatutako baina ondoko herrietako kideak ere badituzten hiru kuadrilla dira Eusle metodologian parte hartzen ari direnak. Ilusio handiz hartu zuten denek ere proposamena, Txo Txerbel kuadrillakoek dioten moduan: "Kuadrillan gehienok euskaraz jakin arren, normalean gaztelaniaz hitz egiten dugu, eta proiektu honetan parte hartzea proposatu zigutenean aukera ona iruditu zitzaigun ohitura aldatzeko".

Baina prozesua aurrera eramatea ez da erraza izan. Pandemia dela eta jarririko neurriek erabat oztopatu dute kuadrillen jarduna, eta asko antzeman da hori proiektua aurrera eramaterakoan. Unai Martinen kuadrillan gogotsu hasi arren, indarra galtzen hasi ziren pixkanaka: "Pandemiak asko oztopatu zuen metodologia, izan ere, astean behin biltzen ginen giro erabat euskaldun batean afaltzeko, eta mugimendu murrizketekin utzi genion ohitura horri, eta ez dugu eten horri buelta ematerik lortu".

Jon Ruiz de Pinedoren kuadrilla ordea gustura dago: "Guztiok aldaketa nabarmenak ikusi ditugu gure jokaeran, eta denborak esango du, baina aldaketa horiek geratzeko etorri direla uste dugu. Lehendik ahobizi ginenoi papera erraztu zaigu, eta prozesu honek ondorio positiboak ekarriko ditu".

"Kuadrillako guztiok aldaketa nabarmenak ikusi ditugu"

Saio hau beste urte batean egin izan balute, emaitza des- berdina litzatekeela uste dute, baina aurtengo prozesuak ere emaitzak utziko dituela seguru daude denak. "Uste dugu esperientzia honek txipa aldatzen lagunduko digula. Gogotsu gaude, eta hau gure bidearen hasiera dela uste dugu", nabar- mendu dute Txo Txerbel kuadrillako kideek.

Emaitzari itxoin behar

Jauregi ari da 2019ko abenduan mamitzen hasi zen proiektuaren koordinazio lanetan. Onartu du gustura ari dela lanarekin: "Ilusio handiarekin ari naiz bizitzen prozesua. Ohore bat da niretzako Lautadako jendearekin lan egitea; gogo handia, kemena eta jende prestatua aurkitu ditut". Jakinminez dago izango diren emaitzekin, lehen aldia baita metodologia hauek eremu afek- tiboan aplikatzen direna, eta eskertuta existitzen diren dinamikak eremu berrietan aplikatzeko aukera eman zaiolako. Zailtasunak zailtasun, kasu batzuetan hobeto funtzionatu baitu beste batzuetan baino, etorkizuna izan dezakeen esperientzia izan daitekeela uste du Jauregik.

Prozesuaren lehen fasea bete da, eta bi hilabete barru berriro elkartuko dira parte-hartzaileak Jauregirekin, lortutako horiek mantendu diren ikusteko. Datu horiek biltzean egingo da azken balantzea eta jakingo da zein den prozesuaren emankortasun tasa, 10etik zenbatek funtzionatzen duen alegia. Lautada soro emankorrez beteta egonik, jarrai dezagun bada lurra ereiten.

 

 

 

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta Creative Commons BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.
Kanal honetan artxibatua: Euskara

Euskara kanaletik interesatuko zaizu...


Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude