Euskaldunok noiz zeharkatu ahal izango ote dugu gure barne frontera?

  • Lehenik Espainiak jakinarazi zuen bere eremura atzerritik sartutako edozein jendek 14 eguneko berrogeialdia nozituko zuela, eta ondoren Frantziak erabaki du neurri bera, nazioarteko ohitura diplomatikoetan erreziprozitateak hala agintzen duelako. Pagaburuak euskaldunok izango gara, eguneroko lanerako baimen berezia dutenez aparte gainerako guztioi eragotziko digulako frontera gainditzea ondorengo deskonfinatze faseetan ere.


2020ko maiatzaren 15an - 11:50
Polizia espainiarrak pasabidea eragozten Behobia eta Pausu arteko mugan. (Javier Etxezarreta)

Egia da Hegoaldeko herritarrok oraingoz muga zeharkatzea pentsatu ere ezin dugu egin... ezin dugu-eta probintzia barruan normaltasunez mugitu! Horretan Iparraldekoek kilometroetako abantaila daramagute, 100 kilometro arte edo departamenduaren eremu osoan zirkulatzeko askatasuna daukatelako inolako justifikagarririk erakutsi barik. Baina itxialdia mundu osoan zabaldu zen bezala urraskako irekitzea ere denetan orokortzen ari denez...

Euskaldunok ez dugu zorterik honetan ere Espainia Frantziarekin. Parisek joan den astean erabaki zuenean atzerritik iritsitako edozein muga zeharkatze hutsagatik 14 egunetarako berrogeialdian jarriko zuela, berehala piztu ziren protestak Europako hainbat aldetatik eta laster batean matizatu zuten ebazpena frantsesek eta auzo inportanteeenekin tratuak argitu –tartean jadanik Europar Batasunako kide ez den Britainia Handiarekin– bateko eta besteko herritarrek ez zezaten mugak zeharkatzean oztopo berezirik eduki, esan nahi baita konfinamendua arintzen joango den hurrengo faseetan.

Edo gertakizunoz ez ziren ohartuko Madrilen, edo zoratuegi dabiltza Pedro Sanchez eta bere ministroak pandemiaren kudeaketaren gainerako atalekin... kontua da orain jakinarazi dutela Espainian sartuko den edozein atzerritarrek 14 eguneko bakarraldia igaro beharko duela. Madrilgo agintariek esan zezaketen neurri hau probisionala izango dela "gauzak Europan Schengeneko herritarrentzako nola egokitzen diren erabaki bitartean", azkenean hori izango baita erabaki eremua. Baina Espainiak beti horrela funtzionatzen duenez, horrelako ñabardurarik gabe plazaratu dute erabakia, turismoarekin lotutako hainbat enpresaren haserrea eraginez... baina ez zalaparta handirik euskal herritarren artean.

Frantziako agintariek prentsari esan diote –espainiarren erabakia ulertzen dutela aditzera emanez– ziurrenik Espainiak ez duela hasi nahi izan bere eremuan sar daitezkeen atzerritarrak jatorriaren arabera galbahetik pasatzeko lan konplikatuan eta horregatik aterako zuela arau orokor hori. Beti horrela izaten da Espainian, esango lukete euskaldun askok.

Justu egun berean Europako Batzordeak aurkeztu zituen Europar Batasunaren barruko mugak zeharkatzea pixkanaka normaltzeko ildo nagusiak, aipatuz deseskalada hiru faseetan egingo dela eta antzeko egoeretan dauden herrialdeen artean segurtasunezko korridoreak bermatuz. Baina hori gauzatzeko erabakien letra txikian ere egon daiteke euskaldunon muga ezin gaindituaren oinarrian, Alemaniak hartutako erabakietan alegia.

Itxialdi orokorra arintzeko bidean orain arte Alemaniak markatu baldin baditu ondoren gainerako herrialde europarrek jarraitzeko urratsak, jakin behar da larunbat honetan bertan –maiatzak 16– hasiko dela Alemania mugetako kontrolak arintzen Luxemburgo, Danimarka, Frantzia, Austria eta Suitzarekin, ekainaren 15etik aurrera Shengen espazioko herrialdeekiko oztopo guztiak ezabatzeraino. Baina ekainaren 15ean ere ez guztiekiko, Alemaniako agintariek garbi utzi dutenez oraindik bereziki arriskutsutzat baitauzkate Italia eta Espainia. Bi herrialdeok ez dute muga egiten lurrez Alemaniarekin eta... hor ere badatza euskaldunon malurra: Alemaniak Frantziarekiko kontrolak ezabatzen baldin baditu, Frantziak kontrolatu beharko ditu Espainiarrak, Hegoaldeko jendeak barne.

Hedabide handiek diotenez, Espainiako turismo konpainia nagusiak ari omen dira lobby lana egiten Alemania eta Espainiaren arteko korridoreak antolatzeko, hain dira inportanteak turista alemanak eguzki bero espainiarraren kontura antolatutako industria guztiarentzako. Miraria beharko luke EAEko eta Nafarroako agintariek –oposizioaz ez galdetu, mesedez– inolako lobby lanik egitea inon Tafallako jendeak Baigorrira eta Itsasukoak Hernanira iritsi ahal izan daitezen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude