Eskola, erreformatu ala eraldatu?

DOM CAMPISTRON
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Heziketan egin beharreko aldaketak etengabe dira hizpide, gizarte-eraldaketari begira heziketak duen garrantziaz jakitun, horra begira jarri beharra duelako modu batean ala bestean bizitza-eredua aldatu nahi duen edozeinek. Eginkizun horretara jarritakoan, baina, curriculumaz ari izan ohi gara, haurrek eta gazteek jaso beharko luketen informazioaz, alegia. Eta hori garrantzitsua dela ukaezina izanik ere, hain esplizitua ez den baina asko eta sakonki eragiten duen eduki mota bati ere begiratu beharko genioke: eskolaren curriculum ezkutukoa osatzen duenari.

Eskolak duen funtzio ideologiko eta psikologikoan eragina du, noski, eduki esplizituak, baina formateo lana beste elementu batzuen bidez lortzen da, nagusiki. Hortaz, gure helburua ez baldin bada eskolaren erreforma hutsa, baizik eta eskola benetan beste zerbait bilakatzea, elementu horiek zein diren identifikatu behar da, eskolatik erauzi ditzagun, moldatu baino. Ezagutzen dugun eskola hainbeste naturalizatu dugu, non eskola-kontzeptu berri bat irudikatzea bera kosta egiten zaigun, baina eskola den hori auzitan jarriz baizik ez dugu lortuko benetan berria den eskola diseinatzea.

Eskola definitzen duten ezaugarri batzuei heldu baino lehenago, eskolak gizartean duen gehiegizko funtzioari eta botereari erreparatu nahi nieke, aitortu zaion (edo diogun) zilegitasuna urrutiegi doala uste baitut, eta horrek dakartzan ondorioak ez ditugulako oraindik behar bezala neurtu. Aipatzekoa da, adibidez, nola lan mundurako behar ditugun tituluak eskolaren bitartez lortu behar diren –edo hala dela uste izaten dugu, bederen–, eta horrek bakarrik (ia) derrigorrezko bilakatzen duela eskolatzea, eskola-eredu zehatz samarrean, gainera.

Eskola barruko bizitza ez da bizitzarekin oso bateragarria. Erritmo bizia eta estresagarria ezartzen du berez lasaia beharko lukeen ikasketaren eremuan

Eskolaren derrigorrezkotasunak komunitatean duen eraginaz ez dugu nahikoa gogoeta egin, baina honetaz ohartu beharko ginateke: eremu naturaletik ateratzen dituenean, eskolak haurrak "bahitu" egiten dituela, nolabait. Hori gutxi balitz bezala, ume eta gazteen denbora guztiaren jabe bilakatzen da eskola, dagokion denbora-tarte horretaz gain –jada asko dena–, etxerako lanak eta memorizatu beharreko edukiak agintzen dizkielako haurrei, eta beren bizitza osoa kolonizatu.

Eskola barruko bizitza ez da bizitzarekin oso bateragarria. Erritmo bizia eta estresagarria ezartzen du berez lasaia beharko lukeen ikasketaren eremuan, eta bizitza kanpoan uzten du, ikasketarekin bateragarria ez dela zeharka iradokita. Pertsonen motibazio eta jakin-min naturala itzaltzen du, gure benetako interesak beste norbaiti interesatzen zaizkion edukiengatik ordezkatuta. Gugandik deskonektarazten gaitu, ikas dezagun beste batek gugandik lortu nahi duena ematen. Ohartu al zarete ikasleek eskolan igarotzen duten egun tipiko batean ez dutela ezer erabakitzen ahal, eta ezin diotela ezeri ezetz esan? Ezin dute zerbait nola egin nahi duten probatu, noren ondoan eseri nahi duten hautatu, eta dena zaie kanpotik ezarria, antolatua, bideratua eta gidatua.

Gero, inozente diruditen baina guztiz ideologikoak diren eskolaren ezaugarriak daude. Kalifikazioak, denerako baimena eskatzea (ikasleek), irakaslea autoritate izatea eta denak hari begira eta adi egon beharra, intelektoa-zientzia-teknologia hobestea, obedientzia eta lehiakortasuna. Bai, badakit, beldur pixka bat ematen du kontuak hala begiratuta, baina mesfidantza pixka bat ez da txarra. Eskola ez delako ez hain aingerutarra, ez hain neutroa, ezta hain askatzailea ere. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude