Espainiako Estatuak torturatzaileak saritzen dituela salatu du Zabalzaren familiak

  • Mikel Zabalza Gogoan ekimenak Espainiako Estatuari leporatu dio tortura saritzea. Arturo Espejo Intxaurrondoko tenientea zen orbaizetarra torturatu eta hil zutenean, eta gaur egun Guardia Zibileko teniente jenerala da.


2023ko apirilaren 14an - 10:04
Azken eguneraketa: 12:25

Mikel Zabalza Gogoan ekimenak Arturo Espejo guardia zibila postuz igo izana salatu du, eta Espainiako Estatuari tortura saritzea leporatu dio, ostegunean Orbaizetan egindako prentsaurrekoan. Hil honen hasieran eman zuen jakitera Naiz-ek Arturo Espejo, 1985ean Mikel Zabalzaren tortura eta hilketa kasuekin inplikatutako guardia zibiletako bat, erakunde militarraren posturik altuenetan dagoela egun

Familiak gogoratu du duela bi urte Nafarroako Parlamentuak Zabalza auziaren ikerketa sakona exijitu zuela, Zabalza torturatu egin zutela erakusten zuten audioa filtratu ondoren. Handik gutxira, 2022ko otsailean, Eusko Jaurlaritzak estatu indarkeriaren biktima gisa aitortu zuen orbaizetarra. "Adierazpen horiek guztiek gertakariak erabat argitzeko bide guztiak berriz aktibatzea eskatzen du, eta hala badagokio, Espainiako Estatuari erantzukizunak bere gain hartzeko". Gaineratu du bazirudiela adostasuna zegoela "egiaren, justiziaren eta erreparazioaren" bilaketan, baina Arturo Espejo Guardia Zibileko teniente jeneral izendatzeak erakusten duela "orain dela 37 urte geunden leku berean" gaudela. 

Familiak salatu du Espainiako Gobernuak nahiago izan duela "Estatuko gertakari ilunenekin" zerikusia duten pertsonei aholkuak, konfiantza, sariak eta boterea eman, Nazio Batuek biktimen inguruan dituzten printzipioekin lerratu beharrean. Adierazi du torturatzaileek "erabateko inpunitatea" dutela eta horrek ez diola mesederik egiten elkarbizitzari. "Hitzetatik ekintzetara" pasatzeko ordua dela azpimarratu dute, eta kasua argitzen lagun dezaketen dokumentu sekretuak desklasifikatzeko eskatu.

Nafarroako Torturatuen sareak adierazi du ez dela "etikoa" mina aitortzea, torturatzaileak postuz igotzen eta kondekoratzen dituzten bitartean. Gaineratu du Nafarroan elkarbizitza posible izateko orain arteko indarkeria politikoa aitortu behar dela, eta arduradun politiko eta instituzionalei egoerak eskatzen duen erantzuna ematea eskatu die.

Zabalzaren hilketa

1985eko azaroaren 26an, Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaizetarra atxilotu zuen Altzan. Intxaurrondora eraman eta torturatuta hil zuten, hainbat frogek erakusten dutenez.  Garai hartan Intxaurrondoko tenientea zen Arturo Espejo.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guda zikina
Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu

Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.


2023-09-26 | Axier Lopez
Xabier Kalparsororen hilketa argitzen laguntzeko egitasmo herritarra aurkeztu dute

Gaur 30 urte Espainiako Poliziaren eskuetan hil zen Xabier Kalparsoro Golmaio militante zumaiarra. Anuk.eus webgunea zabaltzearekin batera ekitaldia egingo dute gaur, irailak 26 . Ekimena bultzatu duen Hegiak elkarteak dioenez, urteak beste zalantza daude Anuken heriotza... [+]


Gobernura iristean tortura geldiarazteko agindu zuela dio Belloch ministro ohiak

1993an Barne Ministro ere izendatu zuten Juan Alberto Belloch ordura arteko Justizia Ministroa zena. Orduan Guardia Zibilaren buruzagia deitu zuela esaten du El Periódico de Aragón-en egindako elkarrizketan, eta agindu zuela “sarera ihes egitea” bukatu... [+]


Hondarribiko Asturiagako segadan eraildakoak omenduko dituzte larunbatean

Larunbatean 49 urte beteko dira Espainiako poliziak eta Guardia Zibilak Jose Luis Mondragon eta Roke Mendez Asturiaga hondartzan hil zituztenetik. Omenaldia egingo dute hondartzan.


Eguneraketa berriak daude