Mikel Zabalzaren senideek omenaldia eskaini diote igandean Orbaizetako Lorentxo baserrian. Han izan dira Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak ere. Jaurlaritzak biktima gisa aitortu du Zabalza, senideei legez dagokien kalte ordaina pagatzearekin batera.
Mikel Zabalza zenaren senideek eskatu zioten Jaurlaritzari hura biktima gisa aitortzeko, eta eskaera aztertu duen Balorazio Batzordeak aldeko ebazpena argitaratu du. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, igandean eman dio famliari "1978ko abenduaren 29tik 1999ko abenduaren 31ra bitartean, bizi izandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan, bere giza eskubideak urratzearen biktima dela onartzen duen ebazpena", Jaurlaritzak azaldu duenez.
Balorazio Batzordeak Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari gomendatu die "Estatuko erakundeetara jo dezatela, zentzu berean jardun dezaten, aztertutako gertakarietan Segurtasun Indar eta Kidegoek duten erantzukizuna kontuan hartuta". Artolazabalek Orbaizetan azaldu duenez, "gaur egun oso berezia da, Mikel Zabalzaren egiaren bidean urrats garrantzitsua eman dugulako". Dioenez, "diktamenak hitzez hitz aipatzen duen bezala, behar bezala egiaztatuta geratu direla bai 1985eko azaroaren 26tik abenduaren 15era bitartean gertatutakoak, bai Estatuko eta Guardia Zibileko agenteen inplikazioa".
Senideen ustez, bestalde, aitortzarena "aurrerapauso handi bat". Adierazi dute euren helburu nagusia anaiari buruz "egia jakitea" dela, Berriak jaso duenez: "Ezin dugu orria pasa egiarik ez badago".
Omenaldian izan dira ere Juana Balmaseda Balorazio Batzordeko presidentea, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako sailburu Ana Ollo Hualde, Orbaitzetako Udaleko ordezkariak eta Mikel Zabalza Gogoan plataformako kideak, besteak beste.
Guardia Zibilak 1985eko azaroaren 26ko goizaldean atxilotu zuen Zabalza. Hemeretzi egun desagertu ondoren hilda agertu zen.
Duela hamabost urte desagertu zen euskal militantea. Baionan Tolosarako (Okzitania) trena hartu eta ez zen berriz agertu. Hortik hamaika hilabeteetara atzeman zuten bere gorpua Tolosako (Okzitania) gorputegian. "Egia jakiteko eskubidea" aldarrikatu dute Anza zenaren... [+]
Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.
Gaur 30 urte Espainiako Poliziaren eskuetan hil zen Xabier Kalparsoro Golmaio militante zumaiarra. Anuk.eus webgunea zabaltzearekin batera ekitaldia egingo dute gaur, irailak 26 . Ekimena bultzatu duen Hegiak elkarteak dioenez, urteak beste zalantza daude Anuken heriotza... [+]
1993an Barne Ministro ere izendatu zuten Juan Alberto Belloch ordura arteko Justizia Ministroa zena. Orduan Guardia Zibilaren buruzagia deitu zuela esaten du El Periódico de Aragón-en egindako elkarrizketan, eta agindu zuela “sarera ihes egitea” bukatu... [+]