Baiona Ttipia: babes eta arnasgune

Murala margotzen Patxa plazan Patxa Kolektiboa

2025eko abuztuaren 01ean - 07:05
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ibilbideen serie honetako ezberdinena dirudike Baiona Ttipiak, bere antzinako eraikinei beha jarriz gero: ez blokerik, ez adreilurik, ez maldarik.... herrixkatxo lasai bat da. Aitzitik, Errobi ondoko auzo honen historian barrena eginez gero, konturatuko gara borroka politiko anitz ezkutatzen dituztela kaleok, oraindik ere.

1) Euskal Museoa 

“Burgu berria” deitzen zitzaion aitzinean Baiona Ttipiari. Ofiziale, langile eta etorkinen auzotegi –Toti Martinez Lezeak Hautsi da katea eleberrian deskribatu gisan–, toki bizia izan da beti. Agian, gehiago jakiteko Kortsarioen kaian dagoen Euskal Museora jo dezakegu, bilduma etnografikoak ez ezik hiriaren historiari buruzko atalak biltzen baititu. Edo Gaztelu Berrira joan gaitezke, harresietako Muserola atera, San Andres Elizara... Baina guk nahiago dugu bere kaleetan barrena galdu. 

2) Hôtel Monbar

Pannecau karrikan, bada igarotzean halako hotzikara sortzen duen tokia: Hôtel Monbar. Hor hil zituen lau lagun GALek duela justu 40 urte, herri oroimenak ahaztuko ez duen atentatua: Kortatuk hilezkortu zituen heriotzaren kanpaiak. Baiona Ttipia errepresiotik ihesi zihoazen euskal errefuxiatuen babesgune bilakatu zen 1980ko hamarkadan, baina baita estatuaren guda zikinaren epizentro ere –karrika bereko Des Pyrénées, Etxabe eta Lagunekin tabernak metrailatu zituen GALek sasoi hartan–. Berriki, tour politikoak egin izan dira auzoan, garai gogor hura gogoratzeko. 

Kortatu taldearen diskaren azalean Maritxu Pagola, GALek Monbar hotelean hildako Inaxio Asteasuinzarra errefuxiatu politikoaren ama, ukabila jasota. Kortatu

3) Patxa plaza

Auzoaren bihotzean, memoriarako toki bat da Patxa plaza. Duela gutxi berritua, han ikusten diren muralak Patxa kolektiboak (Zizpa gaztetxea, Patxondo eta Bizi! elkarteak eta Mamitxula talde feminista) auzolanean egin ditu. Joxi eta Joxean hemen bahitu zituzten, eta haien desagerketa –baita Popo-rena eta Jon Anzarena ere– gogoratzen duen mural bat bada. Horma horiek beti egon dira aldarrikapenez josiak, antimilitarismoari keinu egiten diotenak adibidez. Patxa mugimendua gazte batzuek sortu zuten 1980ko hamarkadan, Baiona Ttipiko giro kultural eta soziala biziberritzeko, baita lortu ere. Plaza horretako lokal batean zuten egoitza.

Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu zituzten tokian ekitaldia 1991n, Patxa plazan.

4) Kalostrape ostatua 

Ostatu berezi bat aurkituko dugu Marengo karrikan, Kalostrape. Edari eta jaki goxoak hartzeko ez ezik, erakustaretoa ere badelako. Eta giro euskaldun ezin hobea arnasten delako. Eraikin bereko goiko solairuetan dute egoitza AEK euskaltegiak eta Baionako Gau Eskolak. Izan festetan izan egunerokoan, Baiona Ttipia beti izan da nolabaiteko arnasgunea euskararentzat.

5) Euskoz ordaindu

Elkarte abertzaleak, euskalgintzari loturikoak eta baita eragile sozioekonomikoak ere. Denetarik biltzen du auzo honek. Eusko elkartearen denda Cordeliers karrikan aurkitu duzu. Ez da gauza hutsala: Europako moneta sozial zabalduenaz hari gara. 4.000 norbanako eta 1.500 saltoki eta profesional daude sarean. Ipar Euskal Herriko toki askotan ordaindu daiteke euskoz, baina Baiona Ttipia da dentsitate handiena duena. Ez galdu aukera! 

Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2025 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Eguneraketa berriak daude