GAL

Felipe González prest egon zen GALen erantzukizun politikoa hartzeko, baina erantzukizun penala ez

  • Javier Chicote eta Juan Fernández-Miranda kazetariek El jefe de los espías (Espioien burua) liburua argitaratu berri dute. ABC espainiar egunkariko kazetariak dira biak, lehena ikerketa taldekoa eta bigarrena ABCko zuzendariaren albokoa. Hamalau urtez Espainiako zerbitzu sekretuetako buru (orduan CESID, egun CNI) izandako Emilio Alonso Manglano zenaren artxiboetan oinarrituta dago liburua. Esaten da, besteak beste, Felipe González 1997an prest zegoela GALen erantzukizun politikoa bere gain hartzeko, baina penala ez.


2021eko abenduaren 13an - 13:29
Azken eguneraketa: 14:42

Espainiako Estatuko estoldetako paisaia ezaguna erakusten du liburuko informazioak, hemen GAL, han PSOE eta Felipe González edo, haratago, Espainiako errege ohi Borboiko Juan Carlos. Javier Chicotek Diario de Noticias-en egindako elkarrizketan azaltzen duenez, Manglanoren familiak jo zuen haiengana, aitaren biografia bat egiteko eskatuz eta horretarako haren artxiboa utziz.

Liburuan aipatzen da –ABC-n ere argitaratu zen lehenago– nola Antoni Asunción sasoiko Barne ministroak kontatu zion Manglanori Espainiako Barne Ministerioak bonba-gutunak bidali zizkiela HBko kideei. PSOEko Felipe Gonzálezen gobernu garaian izan zen eta José Luis Corcuera barne ministro zela, 1988 eta 1993a artean. Gutun-bonba haietako batek hil zuen 22 urteko José Antonio Cardosa postaria 1989an Errenterian. Barne Ministerioak ETAri egotzi zion atentatua eta kasua oraindik argitzeke dauden hilketen artean dago.

Chicote kazetariak harrigarritzat jotzen du Cardosaren auzia artxibatua egotea, Corcueraren ondorengo Barne ministroak CESIDeko egoitzara jo eta hango buruari bonba-gutunena nola izan zen kontatzen dionean: “Eta hori grabatu egin zen, transkribatu eta Manglanok artxibatu egin zuen”. Horrez gain, bere ustez, harrigarria da halako informazioek ez izatea oihartzun handiagorik Espainiako hedabideetan.

Liburuan esaten denez, Manglanok 1994an jakinarazi zion José María Aznar PPko buruari “GAL estatu auzia zela”. Aznar 1996an iritsi zen Moncloara, eta Manglanok aitortzen du berak nahiago zuela –eta Espainiako erregeak ere bai– Felipe Gonzálezek jarraitzea. Gero 1997an, González bildu zen Manglanorekin, GALeko epaiketen aurrean bide-orria finkatzeko, eta jakinarazi zion GALen erantzukizun politikoa hartzeko prest zegoela, baina ez erantzukizun penalik.

Margarita Robles

Estatuaren estoldetatik bideratutako beste hainbat kontu ere aipatzen dira elkarrizketan, besteak beste diru ordainketak, bai Rafael Vera Estatu Segurtasuneko idazkari ohiari egin zitzaizkionak edo Espainiako erregearen amorante izan ei zen Barbara Rey aktoreari bideratutakoak. Ordainketa hauetan, gainera, egun Defentsa Ministro den Margarita Robles ere aipatzen da. Esaten da Robles Estatuko Segurtasunerako idazkaria zenean, bere bidez 600 milioi pezetako ordainketak (3,6 milioi euro inguru) egin zitzaizkiola Errege Etxeari, honek Barbara Rey-ren isiltasuna ordain zezan. Manglanoren esanetan, Gonzálezek GAL kontuen garbiketa egiteko ekarri zuen Margarita Robles gobernura.

Manglanok aipatzen duenez, CESID behatzaile gisa zegoen GALeko aferetan. Espioien buruak artxiboko ohar batean dioenez, une batean Felipe Gonzálezekin hitz egin zuen ETAko buruzagitzak Iparraldean izan behar zuen bilera bati buruz. Oharrean aipatzen da zuzendaritza atxilotzeko aginduaz, baina ez da aipatzen nola egingo den. Juan José Millás El País-eko kazetariak ere gaiaz hitz egin zuen 2010ean argitaratutako erreportajean eta hartan, Gonzálezek aitortzen du bere esku egon zela bilera hori lehergailuz lehertu ala ez erabakitzea; eta ezetz erabaki zuela. Chicotek dio ez dagoela garbi Gonzálezek eta Manglanok aipatzen duten bilera bera den.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: GAL
Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu

Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.


Gobernura iristean tortura geldiarazteko agindu zuela dio Belloch ministro ohiak

1993an Barne Ministro ere izendatu zuten Juan Alberto Belloch ordura arteko Justizia Ministroa zena. Orduan Guardia Zibilaren buruzagia deitu zuela esaten du El Periódico de Aragón-en egindako elkarrizketan, eta agindu zuela “sarera ihes egitea” bukatu... [+]


2022-12-05 | Leire Artola Arin
Euskal herritarrak torturatzeko Espainiako Barne Ministerioaren baimena zuen Galindok, Belloch ministro ohiak aitortu duenez

Juan Alberto Belloch Espainiako Barne eta Justizia ministroa izan zen Felipe Gonzálezen agintaldiko azken urteetan. Elkarrizketa batean adierazi du Galindo "onena" zela "terrorismoaren aurkako borrokan", eta bere ideia izan zela Guardia Zibilaren... [+]


Barrionuevoren adierazpenen harira, "eragindako minak aitortzea" eskatu dio Espainiako Gobernuari Egiari Zor fundazioak

Prentsaurrekoa egin berri du Espainiako eta Frantziako Estatuen indarkeriaren biktimak biltzen dituen Egiari Zor fundazioak. GALek hildako Santi Brouarden alaba Edurne Brouardek eta Xabier Galdeanoren alaba Begoña Galdeanok egin dituzte adierazpenak. Espainiako Gobernuak... [+]


2022-11-07 | Leire Artola Arin
Erreakzio bilduma
Hautsak harrotu ditu Barrionuevoren aitortzak

Espainiako Gobernuak gerra zikina egin zuela aitortu du José Barrionuevok, Felipe Gonzálezen PSOEren gobernuan Barne ministro izan zenak (1982-1988), El País egunkariari emandako elkarrizketa batean. Zenbait agintarik eta elkartek larritzat jo dute... [+]


Eguneraketa berriak daude