Esku gehiago eta erraminta zorroztu berriak lur emankorra lantzeko

  • Ekainaren 8an Hernanin elkartu dira ARGIAren Bizi Baratzea proiektuan parte hartzen duten 30 kide. 2014an hasi zen guztia ustekabeko liburu batekin, eta geroztik izan duen bilakaera errepasatu dute topaketa honetan, eta azken berritasunak aurkeztu dituzte: kolaboratzaile sare indartua, bizibaratzea.eus webgune berritua, 9.900 hartzailerengana iristen den buletin berritua, Egonarria saioa eta Telegrameko Bizi Baratzea kanala.


2023ko ekainaren 08an - 13:30
Azken eguneraketa: 21:55
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bizi Baratzea proiektua egiten duten kide kopura handitzea eta hauek sortzen dituzten edukiak modu eraginkorragoan zabaltzea izan dira 2023an emandako jauziak. Berritasun horiek aurkezteko, proiektuko kide diren 30 pertsona elkartu dira Hernanin: bertako alkate Xabier Lertxundi eta Ingurumen zinegotzi Mattin Aldaiaren ahotik ezagutu dute lehenik "Hernani burujabe" proiektua; eta ondoren, Bizi Baratzeari buruzko bizipenak eta gogoetak partekatu dituzte. Ezagutu nahi, 2014an piztu zen proiektu honen berritasunak?

Dagoeneko konturatuta egongo zara, ARGIA astekariko Bizi Baratzea saila hiru orrikoa dela martxo bukaeratik: bertan idazten duten kolaboratzaile sarea zabaldu dugu, bakoitzak sektore zehatz baten berri eman dezan. Hauek dira gaur egun sail horretan idazten duten 14 kolaboratzaileak eta bakoitzak lantzen dituen gaiak: Jakoba Errekondo landareez, Garazi Zabaleta elikadura burujabetza esperientziez, Garbiñe Larrea sendabelarrez, Mattin Jauregi eta Inaxio Arin erlezaintzaz, Josebe Blanco artzaintzaz, Aintzira Oñederra eta Goiuri Alberdi elikadura sistemako ikerketez, Marta Barba haziez, Iñigo Arruabarrena baso jangarriez eta permakulturaz, eta boskote hau ekofeminismoaz kolektiboki: Marta Barba, Amanda Dias, Junkal Arruti, Leticia Urretabizkaia eta Mirene Begiristain.

Egile hauek eta ARGIAko kazetariek lurrari eta elikadurari buruz idazten dituzten edukiak zabaltzeko, erraminta hauek garatu ditugu aurtengoan:

bizibaratzea.eus webgune berritua

2016tik martxan den bizibaratzea.eus webgunea berritu dugu, bi funtzio nagusi hauek hobeto betetzeko: batetik, landareei buruzko informazio praktikoa erraz aurkitzea eta bestetik, ingurumen gaiei buruzko albisteen berri izatea.

Webgunearen eskuineko aldean, erabilera praktikorako informazioa eskaintzen da. Garaiaren arabera aste horretan egiteko lanak, ilargiaren informazioa, baratzean egiteko oinarriak, baratzean hasteko zortzi urratsak, hilabete bakoitzean zer erein edo landatu eta zer jaso...

Webgunearen ezkerreko aldean ikusiko ditugu lurrari eta ingurumen gaiei buruzko artikuluak, albisteak eta bideoak. Aktualitateari jarraipena egin nahi dionak hemen du iturri eder bat.

Euskal Herriko ekimenen berri izateko leihoa ere bada webgunea: Euskal Herri osoko agenda bakarra elikatzen du, eragileek aukera dute beraien albisteak ikusgai egon daitezen, eta Garazi Zabaletak astero bere artikuluan azaltzen duen Euskal Herriko esperientzia ere webgunean dago irakurgai.

9.900 hartzaile dituen buletina

2016tik martxan den buletina ere berritu du Bizi Baratzeak (ikusi azkenekoa). Astelehenero goizeko 8:00etan iristen da eta dohainik da. Hau jaso nahi duenak aski du bizitzaratzea.eus webgunean sartzea eta goian agertzen den laukian bere helbide elektronikoa idaztea.

Dagoeneko 9.900 dira astelehenero buletin hau jasotzen dutenak. Bertan biltzen dira webgunean aste osoan zehar atera diren informazioak: aste horretako lanak, albisteak, bideoak, agendako ekitaldiak...

Egonarria web telebista saioa

Apirilean jarri genuen ikusgai Egonarria web telebista saioaren lehen atala. Saio honi ekitea erabaki genuen lurrari loturiko azpisektoreak ezagutzeko, gai horietako bakoitzean sakontzeko eta lanean ari direnei ahotsa emateko. Hamabi astez, Eli Pagola eta Mattin Jauregi gazteek aurkeztuta hamabi gai nagusi landuko dira, eta hamabi esperientzia zehatz elkarrizketatuko dituzte.

Telegrameko Bizi Baratzea kanala: egunero lan berezi bat

Sare sozialak asko elikatzen ditu Bizi Baratzea proiektuak, batez ere Facebook eta Instagram. Baina 2023ko udaberrian abiatu den Telegrameko Bizi Baratzea kanala nabarmendu dute Hernanin egindako aurkezpenean.

Egunero, goizeko 5:00etan –laborari askoren esnatzeko ordua– dosi bat jasotzen dute kanal honen jarraitzaileek. Dosi bakarra egunean, garai horretako lan berezi bat azaltzen duena laburrean, argazki eder batekin. Mezuaren bukaeran eduki landu bat gomendatzen du: ARGIA astekariko Bizi Baratzea ataleko artikulu bat, edo Egonarriako azken bideoa, edo garaiko lan guztiak ikusgai dauden Bizi Baratzearen webgunea.

Hauek izan ziren Hernanin aurkeztutako aurtengo berritasunak, baina sorrera eta bilakaera ere izan ziren aztergai:

Ezusteko liburua, landutako lurrean

Bizi Baratzea proiektua ustekabean sortu zen, izen bereko liburua argitaratu genuenean Jakoba Errekondok eta ARGIAk. Baina Bizi Baratzearen hazi hori ernetzeko lurra askoz lehenago landua zegoen: 28 urtez ari da Jakoba Errekondo ARGIAn astero artikulua ateratzen. 1995ean hasita, aste honetan Errekondok 1.280. artikulua idatzi du. ARGIAk, gainera, betidanik egin die jarraipena lurrari eta ingurumenari loturiko albisteei. Beste hainbat kazetariren artean, gai horiez idazten dute Pello Zubiriak, Jenofa Berhokoirigoinek, Urko Apaolazak, Iñaki Sanz Azkuek...

2014ko udaberrian, gizartean antzematen zen baratzearekiko jakin mina, gazteen artean baratzean ikasteko gogoa ere bazegoen, ingurumenari eta elikadurari buruzko ardura sumatzen zen... eta ARGIAk Errekondori eskaera xume bat egin zion, ea 20 orritxo izango zituen liburuxka idatziko zuen. Eta udako oporretatik, Errekondo liburutzar ezagunarekin itzuli zen ARGIAra.

Bizi Baratzea liburuak ildo oso baten bidea zabaldu zuen: ARGIAk eta Errekondok sektoreko eragile guztiekin biltzeari ekin zioten, liburua aurkezteko eta bertako babesle izateko proposamena luzatzeko. Bestetik, liburu hau euskaraz dakien baina normalean euskaraz irakurtzen ez duen jendearengana iritsi zen gaiagatik, diseinu ederragatik, hizkuntzagatik... Euskarazko liburuetan salbuespena diren zenbakietara iritsi zen honen salmenta. Liburuak erakutsi zigun euskal gizartean gai honek duen garrantzia, eta 2016an horretara jarri ginen.

2016an liburu batetik ildo oso bat loratzera

2016an Bizi Baratzea lantaldea jarri genuen martxan ARGIA barruan, ARGIAko bost langilek eta Jakoba Errekondok osatuta. Lantalde honetan egosi dira Bizi Baratzearen ekimen guztiak:

2016an Garazi Zabaletaren orria jarri genuen martxan astekarian eta Bizi Baratzea izena eman genion Errekondoren eta Zabaletaren artikulu banak osatzen zuen sailari. Zabaletak astero erakusten digu Euskal Herrian elikadura burujabetzaren inguruan martxan den proiektu edo ekimen bat. Astero harritzen gaitu zein ekimen interesgarri ezagutarazten dizkigun, asko oso bitxiak, elkarrengandik desberdinak... eta zazpi urtean 300 artikulutik gora idatzi izanak erakusten du zenbat proiektu dauden martxan Euskal Herrian.

Errekondok eta ARGIAk sektoreko eragileekin egindako bileretan detektatu zituzten beharrei erantzunez sortu zen Ilargia eta Landareak agenda: ilargiaren arabera garaian garai zer lan egin behar diren azaltzen du, lau esparru hauetan: baratzean, fruitu baratzean, basoan eta lore baratzean. 2016an kaleratu zen lehen agenda horretarako Antton Olariaga hautatu genuen ilustrazioak egiteko, eta geroztik urtero agenda hau Jakoba eta Anttonen uztarria izan da. Urtero agendak gai bat izaten du ardatz, adibidez 2024koaren gaia “Animalia laguntzaileak II” izango da, aurtengo agendak landu duen informazioa osatuz.

Usurbilgo Alkartasuna kooperatibak eta Biolurrek ateratzen duten Ilargiaren Egutegia sortzeko lantaldean ere parte hartzen du 2016az geroztik ARGIAren Bizi Baratzea ildoak.

Eskoletan erabilgarri izango den materiala eta ezagutza sortzen ere saiatu gara: Eat Think proiektuarekin ikasturtean zehar lantzeko liburuxka argitaratu genuen. Bestetik, Errekondok hitzaldi asko ematen ditu baratzea duten eskoletan, eta Inguru Gela proiektuaren barruan, irakasleei zuzendutako hiru saio ematen ditu urtero, irakasle horiek ondoren eskola baratzeak sustatu ditzaten.

2016tik gaur arte, argitalpen hauek atera ditu ARGIAk Errekondorekin batera (hemen katalogo guztia ikusgai): Bizi Baratzea, Altza Porru komikia –bertan 8 komikilarik egin zituzten baratzea gai gisa hartuta beren lanak–, Ilargia eta Landareak agenda urtero, Errekondoren ARGIAko artikulu hautatuak biltzen dituen 111 liburua, eta Etxeko Landareak liburua.

Azken liburu honek, jauzi hau ekarri zuen egiteko moduan: ARGIAko baliabide grafikoak elkarlanean aritzea hasieratik idazlearekin batera. Hau da, Dani Blancok propio atera zituen libururako argazkiak eta Maitane Gartziandiak diseinatu zuen liburua. Lan molde hau errepikatu da ondoren etorri diren liburuetan.

Pandemian elkarlana jorratu eta sendabelarrak bildu genituen

Pandemiak ekarritako estuasunean, bi aurrerapauso eman zituen 2020an Bizi Baratzeak:

Erakunde publikoek herrietako azokak debekatuko zituztela iragarri zuten eta baratzera joatea ere galarazi zuten. Errekondok hori salatuz artikulua idatzi zuen eta oihartzun handia izan zuen. Azoken eta laborarien aldeko elkartasun ekintzak izan ziren eta ARGIA agroekologia mugimenduarekin harremanetan jarri zen elkartasuna helarazteko. Horrela, agroekologia mugimenduko eragileekin batera, Lurra Herriari Deika kamixetak atera zituen ARGIAk. Lurraren defentsa ekarri nahi izan genuen lehen lerrora mezu horrekin. Bestetik, agroekologia hitza gizartean ezagutzera emateko premia agertu zuten laborari txikiek eta horri lotuta hainbat erreportaje eta Lurra Herriari Deika bideo sorta egin zituen ARGIAk. Geroztik agroekologia mugimenduarekin eta Biolur elkartearekin ARGIAk duen elkarlana indartuz joan da.

Beste alde batetik, pandemiak osasunaren gaia lehen lerrora ekarri zuen, eta sendabelar liburua argitaratzea bururatu zitzaion Bizi Baratzea lantaldeari. Gaiaren inguruan ezagutza aberatsa izateaz gain dibulgazioan bidea egina zuela baloratuta, Garbiñe Larrearengana jo genuen. 2021ean argitaratu zen Sendabelarrek dakitena izeneko liburu honek ere lortu du euskarazko argitalpenetan salbuespena den harrera izatea. Dani Blancok atera zituen libururako argazkiak eta Maitane Gartziandiak diseinatu zuen.

Handik urtebetera, 2022an, Garbiñe Larrearekin sendabelarrei buruzko bigarren argitalpena kaleratu zuen Bizi Baratzeak, honakoan izenak berak dioen moduan, Sendabelar baratzea lantzera gonbidatzen gaituena, nahi bada biribilean ipinita, urte osoan bere zati bat loretan egon dadin.

Lehen sektorearekin elkarlanean jarraitzen den heinean, eta Bizi Baratzea proiektuko kolaboratzaile sarea zabalduz doan heinean, ernetuko dira hurrengo urteetako asmo berriak. Bizitza desiragarriak lantzeko erramintak eskaintzen jarrai dezala Bizi Baratzeak!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
Statkraft, Kutxabank eta Azpeitiko Udala

Ia oharkabean pasa da joan zen asteazkenean (2025eko ekainak 18) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkia.

Izenburua: Azpeitiko 5. poligonoko 58. lurzatian aldi baterako estazio meteorologiko bat
interes publikokotzat deklaratzeko eskaera (GHI-049/25-J01)
. Hemen... [+]


Ugatza Azazetan: kontserbazioa edo txikizioa?

Joan den igandean, ekainak 15, ugatzari buruzko artikulu interesgarria argitaratu zuen Rosa Canchok El Correo egunkarian. Azken urteotan hegazti sarraskijale adierazgarri honek Araban bizi duen itxaropen onaren egoeraz hitz egiten zen testuan. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen... [+]


Kanpaina bukaerako ariketa

Hau idazten ari naizela, kanpaina bukatzear dugu. Datorren astelehenean jetzaldi batera pasako gara. Horrek esan nahi du hiru egunetik behin egingo dugula gazta, eta gaztek izango dituztela bospasei kilo. Uztailaren bigarren astean edo utzi egingo diogu gazta egiteari.


2025-06-23 | Jakoba Errekondo
Arrosa basatiaren izen saltsa

Loratu da. Kostata baina loratu da, bai, arkakaratsa (Rosa spp.). Lore arin, mehe, hegalari itxurakoa da, arrosa bat da eta lorea ere arrosakara eta zuriaren arteko kolorea du. Urtero loratzen da lurrin fina zabalduz. Lore horiek destilatu egiten dira, ia erabat kosmetikan eta... [+]


2025-06-23 | Garazi Zabaleta
Azpigorri
Bertako ahuntz arrazaren txorizoak

David de Blasek abiatutako proiektua da Azpigorri Ahuntz Txorizoak, eta izenak argi uzten duenez, azpigorri arrazako ahuntzekin ari da lanean. “Urteetan industrian aritu nintzen lanean, baina pandemia garaian artzain eskolara joan nintzen, eta ikasketak amaitutakoan... [+]


2025-06-23 | Irati Diez Virto
Askari izena duen haragijale txikia

Duela egun batzuk Zeraingo mendietan nenbilela, gorpu bat topatu nuen bidearen erdian. Lehen aldia zen halakorik ikusten nuela, eta kosta zitzaidan identifikatzea. Bere tamaina txikia ikusita, kume bat izan behar zuela pentsatu nuen; baina oker nenbilen. Munduko ugaztun... [+]


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Espainiako Gobernuak ondorioztatu du itzalaldiaren errua Red Eléctrica de Españak eta argindar konpainiek dutela

Itzalaldiaren ondoren sortutako komiteak eginiko txostena aurkeztu du astearte gauean Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroak. Horren arabera, "hainbat faktoreren batasunaren" ondorioz sisteman gehiegizko tentsioa izan zen, kate erreakzio gisa. Txostenak... [+]


Itsas hondoen ustiapena: zientzialariak alarma jotzen, baina moratoriarik ez zerumugan

60 bat estatu eta gobernu buru elkartu dira Nizan (Frantziako Estatua) Ozeanoei buruzko Nazio Batuen Konferentziaren kari. Donald Trumpek itsas hondoen esplorazio eta erauzketa komertziala baimendu eta TMC enpresa kanadarrarekin tratua bideratu berri duen honetan –baita... [+]


Bilboko superportua eta Getariako hegalabur haztegia, 2025eko “bandera beltz” nagusiak

Ekologistak Martxanek Bandera Beltzak 2025 txostena argitaratu du, urtero legez, "itsasertzeko kutsadura eta ingurumen-kudeaketa txarraren kasu esanguratsuenak ezagutarazteko". Hego Euskal Herriko kostaldeari dagokionez, Bilboko superportuari eta Getariako arrain... [+]


Elkarretaratzea egingo dute Muxikan, jaietan gizon batek hainbat adin txikiko neskari eginiko sexu erasoak salatzeko

San Roman auzoko jaietan bost neska adingaberi ukituak egiteagatik 18 urteko mutil bat atxilotu zuen Ertzaintzak Muxikan (Bizkaia). Udalak eta herriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu dute asteartean 20:30erako.


B etiketadun ibilgailuak Bilboko Emisio Gutxiko Eremuan sartzea debekatu dute

Neurriak orain arte, A etiketadun eta etiketarik gabekoei eragiten zien.


2025-06-16 | Jakoba Errekondo
Gaizki hezitako tomatea

Ipurdia belztu egiten zaio. Tomate (Solanum lycopersicum) alea sano-sano ikusten da, landarean zintzilik, goitik behera begiratzen baitiogu. Buruz behera edo hankaz gora jarriz gero ipurdia beltz-beltz azalduko du. Ipurdian txanpon baten antzeko beltzune borobila, oso beltza eta... [+]


Eguneraketa berriak daude