Epaile espainiarrek justiziari iskin


2022ko otsailaren 15ean - 15:54
Azken eguneraketa: 16:57

1980ko hamarkadan, Espainiako Estatuak bere menpeko nazio gutxitu nagusioi (Hego Euskal Herria, Hego-Katalunia eta Galizia), gure hizkuntzen normalizazioaren aldeko araudiak osatzeko, baldintzapeko aukera eman zigun historian lehen aldiz. Horrela, EAEn Euskararen Legea onartu zen 1982an eta Nafarroan "Ley del vascuence" mugatzailea 1986an. Artean, frantziar "demokraziapeko" euskaldunok ez dugu inongo lege babesik.

Ordutik emandako urratsei gehiegi deritze epaileen botereak, lortutako urratsak atzera botatzen saiatzen baitira lotsagabe.

Epaile espainiarren jurisprudentzia erasokorra

Jurisprudentzia denboraren joanean osatzen joaten den doktrina juridikoa da, epaitegien epai eta  ebazpenen bidez. Botereen banaketaren arabera, legeak aldarrikatzea, berez, botere legegileari dagokio (Eusko Legebiltzarrari, Nafarroako Parlamentuari, espainiar eta frantziar parlamentuei), eta ez epaileei. Baina batzuetan, epaien interpretazioaren esku geratzen da legearen ezarpen praktikoa, eta gai baten inguruan interpretazio berbera maiz errepikatzen bada, interpretazio hori lege bilaka daiteke, legegileek beste lege bat sortu ezean. Praktika horri deitzen zaio jurisprudentzia.

Nafarroako, Laudioko edo Irungo kasuetan, lanpostu publikoak eskuratzeko euskarari dagokion araudia argia izan arren, epaileek euren interpretazio propioa (eta politikoa) egin dute araudia desitxuratzeko eta euskaldunon kaltetan. Gertakari horien aurrean ez badugu azkar eta irmoki erreakzionatzen, euskararen legea berrituz eta zehaztuz gure hizkuntza eskubideak babesteko, epaile horien ebazpenen antzekoak ugaritu daitezke eta jurisprudentzia finkatu.

“Urraketak eta eskubideak: guztienak, guztiontzat”

Esaldia Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari hartutakoa da. Bada, orain arte, ezer gutxi entzun diogu Artolazabal andereari euskaldunok gizaldietan pairatu dugun eta gaur egun ere pairatzen ari garen hizkuntza eskubideen urraketaz. 1948ko Giza Eskubideen  Adierazpen Unibertsalean eta 1996ean Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean daude jasota, begiratu bat eman nahi badie.

Euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzearen aurka dauden eragile politikoek EAEko hauteskundeen bidez lortzen ez dutena, beren ildo politikoa duten epaileen bitartez eskuratu nahi dute: hizkuntza politikak areago murriztea. Eta urte luzez hizkuntza kontuetan emandako urratsak ezabatzea.

Geure justiziaren behar gorria

Kontuan hartu behar da Euskal Herriko botere judiziala, espainiar eta frantses estatuen menpekoa eta uniformizazioaren aldeko benetako bunkerra dela, euskararekiko erakunderik iragazgaitzena. Beste erakunde batzuen aldean, "Justizian" euskararen presentzia guztiz sinbolikoa da. Oso gutxi dira fiskal eta epaile euskaldunak eta euskaraz egiten diren epaiketak (eta hauek ere, beti itzultzailearekin).

Horregatik guztiarengatik, uste dugu premiazkoa dela botere judizial propio eta euskalduna izatea, epaile espainiar eta erdaltzaleen bidegabekeriei azkena emateko. Bien bitartean, ezinbestekoa da euskaltzale oro "justizia" espainiarraren edota frantsesaren bidegabekerien aurka mobilizatzea. Kalera irteteko unea da!

Edurne Alegría, Josu Albero, Oskar Caballero, JJ Agirre, Naziogintza eta Plazara! taldeen izenean

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Etorkizunean ere mendien alde

Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute... [+]


Lokutorio greba Zaballan

Espainiako Estatuko espetxeetatik Euskal Herriratu gintuztenetik Zaballako espetxean komunikazioaren alorrean gabezia ugari topatu ditugu. Aurrez aurreko gutxiago eta laburragoak dauzkagu, lokutorioko bisitak baldintza tekniko kaxkarretan gauzatu behar izan ditugu eta telefono... [+]


Eguneraketa berriak daude