Poesia-irakurraldi bat, jendaurreko elkarrizketa bat eta sei orduko tailer bat eskaini zituen orain bi aste Sara Torres idazle eta pentsalariak Gasteizko Artiumen, Trama programaren barruan. Ondoren, eskuzabal eta gertuko hitz egin zidan bere lanari buruz, igande arratsalde eguzkitsuan. Torresek ezagun du oinarri teoriko-akademiko sendoa; bere hitzetan, sormen-jarduna “osatzeko” balio izan dio.
Pentsalaria eta idazlea. Oviedoko (Asturias) unibertsitatean eta Londreseko Queen Mary Unibertsitatean ikasi zuen. Azken horretan egin zuen tesia, kuir teoria eta psikoanalisia uztartuz. Poesia idatzi izan du batez ere, baina bere bi nobelek oihartzun zabala izan dute: Lo que hay (2022) [Dagoena] eta La seducción (2024) [Sedukzioa]; biak ere Reservoir Books-en eskutik argitaratuak. Saiakera bat eta pieza eszeniko bat lantzen ari da orain.
Aspaldi da poesia argitaratzen duzula, baina azken bi urteetan oso ezaguna egin zara zure nobelei esker. Nola bizi izan duzu?
Fikzio bat iruditzen zait. Nire gorputzak ez du inondik inora uste hau erreala denik, eta are gutxiago egonkorra. Aldi berean, oso ondo sentiarazten nau, laguntasun berriak iristen zaizkidalako, jada ni maitatzeko prest daudenak, aurrez irakurri edo entzun nautelako, eta hori sekulako pribilegioa da. Baina ikusgaitasunaren makinariak erabateko ikusgaitasunera edo desagerpenera jotzen du, bietako bat: hedabide guztiak dabiltza arreta lortzeko borrokan, eta izenak ustiatzen dituzte, erabilgarri zaizkien bitartean; ostean baztertu egiten dituzte. Beraz, bertigo handia eman dit urte hauetan guztietan egindako lana alferrik galtzeak ikusgaitasun hori inbaditzailetzat hartu delako, edo une batean ikusgaitasun gehiegi izan dudalako.
Neurririk hartu duzu?
Batetik, ez dut parte hartu inpaktuarekin zerikusia zuten proposamenetan, eta gero argitaletxearekin hitz egin dut desagerpen-boladak adosteko. Promozio handia egin dugu La seducción-ekin, eta orain beharrezkoa da ez egotea, edo beste modu batean egotea, hurbileko lekuetan bakarrik. Beti egon naizen lekuetan.
Psikoanalisiak pisu handia du zure proposamenetan.
16-17 urterekin hasi nintzen psikoanalisia irakurtzen, eta gero masterrean heldu nion berriro, Londreseko King’s Collegen, irakasle baten bidez: Hector Kollias. Psikoanalisia kuirtu duten autoreak ekartzen zituen, eta hala ezagutu nituen Teresa de Lauretis eta psikoanalisi bolleroa. Erabateko zentzua zuten niretzat.
Heterosexualitatea gizateriaren gai gorentzat hartzen da, eta hortik irten nahi nuen. Psikoanalisiak erakusten digun oinarrizko gauza bat da —batzuetan ahazten zaiguna psikoanalisiaren korronterik patriarkalenaren eraginez— desirak ez duela berezko objekturik, perbertsoa eta polimorfoa dela. Gero hezi egiten da, helburu sozial eta kultural jakin batzuetara zuzentzen, baina desirak berezkoa du desbideraketa eta polimorfotasuna. Eta printzipio hori aliatu erabatekoa iruditzen zait kuir ikasketentzat.
"Feminismoa ez baita alderdi politiko bat, ezta futbol-talde bat ere. Iraultza kultural eta zientifiko bat da"
Pentsamenduaren aldetik interesatzen zait psikoanalisia. Ez dakit klinika psikoanalitikoan sinesten dudan, ez dakit dibanean sinesten dudan, ez dakit gorputzen arteko distantzian sinesten dudan. Ni ez naiz ezeren jarraitzailea, ezta ordezkaria ere, ondorioz ez dut azalpenik eman behar, ez diot ezer zor inori. Adibidez, orain jada ez dut unibertsitatean lan egiten, eta plazer itzela sentitzen dut ez naizelako inoren ordezkaria eta aske naizelako, artista gisa eta pentsalari gisa, okertzeko, nahasteko. Okertu naiteke beste bide batzuk topatzeko, nire gainetik dagoen inori dezepziorik eragin gabe. Eta hori gustatzen zait.
Esango nuke zure lan guztia zeharkatzen duela ez-binarismoaren aldeko apustuak.
Sistema binarioa informazioa prozesatzeko sistema bat da eta etengabe erabiltzen dugu esanahia sortzeko prozesuetan; ulergarria da, txikitatik sartu baitigute, tresna hori ematen zaigu pentsatzeko. Orduan oposiziozko pentsamendu horretara jotzen dugu. Uste dut Brigitte Vasallok esan zuela konfrontaziozko jarrera hori dela elkarrizketa publiko guztietan eskura egoten dena. Aldiz, ezer biralizatzekotan, beste zerbait biralizatu beharko genukeela uste dut: oposiziozko pentsamendua, konfrontaziozkoa, ez dela tresna ez sofistikatua ez polita errealaren dimentsioa lantzeko, eta ez dugula inongo arazorik konponduko gauzen alde edo kontra jarrita, are gutxiago gure kulturan, non informazioa bizkor-bizkor zabaltzen baita, eta eskatzen baitzaizu alde edo kontra agertzea zer gertatzen ari den ulertzeko gai izan aurretik ere.
Zer bilatu behar genuke?
Elkarrekin pentsatu behar dugu zer beste posizio har ditzakegun pentsamendu kritikoa garatzen segitzeko baina oposizionala izan gabe. Nola bilatu pentsamendu kritiko, ez-oposizional eta samur bat, hau da, elkarrizketan inplikatzen diren gorputzak babestera jotzen duen pentsamendu bat, hartara gorputzak ausart daitezen elkarrizketan inplikatzera, zeren bestela elkarrizketan inplikatzen diren bakarrak dira edo gorputz kamikazeak edo pribilegioa duten gorputzak eta badakitenak borrokan sar daitezkeela, egitura oso batek babestuko dituelako gero. Baina beste gorputz batzuk halako desoreka batean gaude, putzura eror gaitezke edozein unetan. Orduan, nola egin gorputz horiek ere gai izan daitezen parte hartzeko eta okertzeko, eta, batez ere, nola lor dezakegu gorputzak zabalik egotea, norbere posizioan gotortuta egon ordez, eta, hala, elkarrizketan parte hartzeak gu eraldatu ahal izateko.
Ulergarria da gorputz batzuk defentsiban jartzea, ezta?
Joera defentsiboak gorputzaren jakintzaz hitz egiten digu: gorputza maiz sentitu da arriskuan, eta erreakzio bat ateratzen zaio automatikoki, baina beti ez da erabilgarria. Horrek ez du esan nahi gorputza oker dabilenik, gorputzak dakiena daki, eta behin eta berriro saiatzen da dagoen horretatik irteten. Baina horren aurrean badago pribilegio bat: ez dator emanda, baina denon artean landu dezakegu, eta besteei eskaini. Izan ere, samurtasunezko testuinguruak sor ditzakegu, defentsibara sartzen den gorputzak tentsioa askatu ahal izateko. Zenbait gorputz etengabe ibili gara gauzak eztabaidatzen, kaltetuta edo irainduta sentitu gara, eta erreta gatoz, ez gatoz hain gozo. Hor, kideok lan garrantzitsu bat egin dezakegu, eta da testuinguruak sortzea non besteari esaten diogun: “matte, ederki gaude hemen, jaitsi, ez da ezer gertatzen”. Elkarri esan behar diogu hori, eta, aldi berean, defentsibara etortzeko eskubidea onartu behar dugu: ez dira pasio tristeak ezkutatu behar. Etor zaitezke zure haserrearekin, zure jeloskortasunarekin edo zure egonezinarekin, horrek badu lekurik hemen, baina denon artean ikusiko dugu ea elkarrizketa pasio horren arabera gidatzeak zure bilaketan laguntzen dizun. Eta, jada balio ez dizunean, ba berrantolatu.
Larunbateko hitzaldian esan zenuen: “Nik ez diot aurre egiten sistemari, nik begirada kentzen diot”.
Sistema heterosexualaz ari nintzen. Beste sistema batzuen kasuan konplexuagoa litzateke.
Bai. [Monique] Wittigekin akordatu nintzen.
Noski. Wittig, niretzat, guztia da. Funtsezko abiapuntu bat. Nik esan dezakedan oro berak jada proposatu zituen gauzen lanketak dira. Niretzat oso garrantzitsua da erakustea gerta daitekeela boterea ez desiratzea. Boterea gorputz jakin batzuetan kokatzen duen sistema baten barruan, gerta daiteke ideia horrek zuri inongo flashik ez eragitea. Gerta daiteke botere hori ikustea eta zure begirada beste norabait joatea berez, desira horrek ez zaituelako harrapatzen. Erresistentzia politikoa da interes-gabezia hori erakustea eta, batez ere, behingoz haustea beste mito heterosexual hori, hots, gorputz ez-heterosexualek egokitzeko ezintasunagatik jotzen dutela beste norabait.
"Psikoanalisiak erakusten digun oinarrizko gauza bat da —batzuetan ahazten zaiguna psikoanalisiaren korronterik patriarkalenaren eraginez— desirak ez duela berezko objekturik, perbertsoa eta polimorfoa dela"
Zure kasuan ez da hala.
Sistema heterosexualak fantasia bat sortu nahi du, lesbianek politikoki uko egiten dutela, baina nik ez dut politikoki uko egiten. Nik ez dut batere erakarmenik sentitzen sistema heterosexualaren proposamenarekiko; zero. Ez zait interesatzen. Ez nau seduzitzen; ez egunez, ez gauez. Eta inoiz amorrurik sentitzen baldin badut sistema horrekiko, nire maitaleak ustiatzen dituelako da, xahutzen dituelako, hiltzen dituelako. Zer egiten die nire lagunei? Sistema horren ondorioz, gorputzek gauza arriskutsutzat hartzen dute sexualitatea, nire lagunak traumarekin iristen dira sexualitatera. Horrek sekulako pena eragiten dit.
Dolu erraldoi bat daukat gure sexualitate asko markatuta geratu direlako inoiz ahaztu ezingo dituzten gauzekin, eta halakorik bizi izan ez dutenen kasuan, kaltearen mamuak markatu ditu. Eta indarkeriari buruzko testigantza bat agertzen den aldiro nire lagun askoren gorputzek berriro oroitzen dituzte iraganeko gauzak, ezin dituzte ahaztu, berriro traumatizatzen dira. Horrek pizten dit sua barrenean. Baina hortik harago, begirada beste norabait joaten zait, eta hor bagaude baten batzuk, elkarrekin gauzak egiten. Eta horrek indar bat sortzen du, aingura-indar bat, beste batzuk erakartzen dituena.
Orainaldi alai, estrategiko eta informatuan sinesten duzu.
Orainean ekitean sinesten dut, eta aliantzetan sinesten dut erabat, kidetasunaren araberako aliantzetan. Kidetasunaren potentzia azkengabea da, alaia delako, baieztapenean eraikitzen da. Gauza asko egiten ari gara, gauza asko eraldatzen. Errotiko paradigma-aldaketa dakar feminismoak. Iraultza bat da, jakintzaren arlo guztietan. Uste dut ospatu egin behar dugula; baieztatu behar dugu zer-nolako ugaritasuna eta potentzia eta proposamenak dauden. Eta, noski, espiritu kritikoari eutsi behar diogu beti, bai barrurantz bai kanporantz. Hori inoiz ahaztu gabe. Feminismoa ez baita alderdi politiko bat, ezta futbol-talde bat ere. Iraultza kultural eta zientifiko bat da.
Zure proposamena oso bitalista da: sortzekoa, gehitzekoa.
Wittigek badu gauza itzel bat: bere obran, oldarkortasunak badu lekurik, gorputzak adiskidetu daitezke beren suntsipen-nahiarekin. Gorputzek esan dezakete: nik ez diot honi heldu nahi inolaz ere. Nik behar dut honek su har dezan, berregiteko. Zentzu horretan sormena izan daiteke modu bat loreak haz daitezen, eta kontua ez da lurra erretzea, erreta gera dadin; ongarria alboan daramagu jada, gauzak kentzeaz batera gauzak ereiten ari gara. Ez da erretzeagatik erretzea, baizik eta etorkizunerako emankortasunerako beharrezkoa baldin bada soilik. Erretzeaz gain beste ezer egin nahi ez baduzu, ez joan; eskaintzekorik ez badaukazu, agian ez joan.
Kuir teoria eta psikoanalisia aipatu ditugu, baina harremana duzu beste pentsamendu-ildo batekin ere bai: budismo tibetarrarekin. Izan ere, lankidetzan aritzen zara Kataluniako Casa Virupa komunitatearekin eta Lama Norburekin.
Casa Virupako komunitatearekin eta Lama Norburekin hitz egitea asko interesatzen zait, besteak beste, bizikidetza-proiektu komunitario bati eustea lortu dutelako. Hemen denok aritzen gara adiskidetasuna gora eta adiskidetasuna behera, guztiz maila abstraktuan, edo ikasle-pisuan urtebetez izandako esperientzia aipatuz. Beraz, niretzat oso garrantzitsua da komunitate batzuek kontatu ahal izatea zer dakarren elkarrekin bizitzeak, eta oso garrantzitsua da entzutea, epairik gabe entzutea, ikasteko desirarekin, nahiz eta zuk agian gauzak beste modu batean egingo zenituzkeen. Nik neuk Casa Virupa bat eraiki behar banu ez nuke tresnarik izango horretarako, eta, kasu honetan tresnak tradizio ez-mendebaldar batetik datoz, guk ez dauzkagun jakintza eta molde batzuetatik.
Zertan zabiltza orain?
Saiakera bat prestatzen ari naiz, tesiko aparatu kontzeptualarekin lotua, baina marko akademikotik atera nahi dut: eskuraezintasunetik, aipuetatik eta bibliografiatik. Idazketa-modu bat topatu nahi dut, aurrez bibliografia jakin bat ezagutu gabe ere irakurgarria izango dena. Probak egiten nabil, idazmolde horren bila. Saiakerak berak zerikusia du doktore-tesiko ikerketarekin —desira, fantasia, fetitxea— baina Anne Dufourmantelle-ren eragin handia jaso du. Dufourmantellek haztatzen duen kontu batena zehazki: gozotasunak. Termino gisa, pentsamendu filosofikoa iraul dezake.
"Ahituta gaudenean, desiraren beherakadan, hutsunean, gogoratu nor izan ginen beteta geundenean. Hori ere bagara-eta: betetzeko potentzia"
Gozotasunaren harira beste proiektu batean ere ari zara lanean, ezta?
Conde Duque antzokian gozotasunari buruzko ideia batzuk proposatuko ditut, Dufourmantellen testuarekin elkarrizketan, baina dantzaren eta antzerkiaren bitartez gorpuztuta. Beste bi artistarekin arituko naiz lanean, Karelis [Zambrano] eta Carmenekin [Rojas], haiek jarriko dute eszenan. Lankidetzan arituko gara. Gogoz nago bolada batean erdigunean ez egoteko. Izugarri eskertzen dut jendeak niri espazioak ematea, baina oraintxe bertan uste dut gehiegi egon naizela zentroan, eta albo batean kokatzea dagokidala, beste pertsona batzuk erdian jartzeko.
Amaitzeko, poesia pixka bat. El ritual del baño-ko [Bainuaren errituala] lehen poeman gaztelaniazko esaera zahar bati heltzen diozu: “Beti iturrira joanez, pegarra hausten da”. Buelta ematen diozu zuk, honela: “Baina, hautsi aurretik, hainbat aldiz bete zen”.
Bai, kontua da gure bilaketak, gure desirak, neka-neka eginda uzten gaituela. Niretzat, beti iturrira joan behar horrek adierazten du izaki desiratzailea denbora guztian dabilela bila, bere beharra egunero berritzen delako; gosea egunero berritzen da eta jan egin behar da eta oso nekagarria da. Batzuetan, neke horretan, bizitzari buruzko ikuspegi negatiboa gailentzen zaigu. Hautsi egingo naiz. Baina, hautsi aurretik beteko naizen aldi guztiak, zer? Nola hitz egin horretaz? Ahituta gaudenean, desiraren beherakadan, hutsunean, gogoratu nor izan ginen beteta geundenean. Hori ere bagara-eta: betetzeko potentzia.
Ertzaintza gertaera ikertzen ari da, eta oraingoz ez dago atxiloturik. Bestalde, Erandion gizon bat atxilotu dute bere bikotekidea nasatik trenbidera botatzeagatik. Nafarroako Probintzia Auzitegian berriz, astelehenez hasiko da bikotekide ohiari sexu erasoak egiteaz akusatutako... [+]
Gizonak asteazkeneko goizaldean erail zuen Kayle Villar Pons arma zuri batekin. Bularrean hainbat labankada eman ostean Kayle ospitalean hil zen. Mugimendu feministak elkarretaratzea deitu eta aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak bost emakume erail dituela gogorarazi du.
Iruñeko Udaltzaingoak 27 urteko gizon bat atxilotu du Errotxapea auzoko Carmen Baroja Nessi kalean. Emakumearen aitak salatu du gizonak heriotza-mehatxuak egin zizkiola aurretik, eta Poliziari jakinarazi ziola, baina "ez zutela ezer egin".
Munduko estatuetako agintaritzetan dauden emakumeen inguruan Nazio Batuen Erakundeak zabaldutako datuak aletu ditu IPS hedabideak, pasa den astean Mexikon bere lehen presidente emakumezkoak, Claudia Sheinbaum ezkertiarrak, agintari makila hartu duela baliatuta. Gero eta emakume... [+]
Aldarri eta kanpaina, lege, arau, plan eta aurrekontu, babes-mekanismo eta zigor-makinaria oro gorabehera, etenik gabe jarraitzen dute kasu gogorrek eta jokabide zitalek betetzen albistegiak, tantaka zein zaparradan, eta gizon-desmasiak salatzeko protesta-ekintzek,... [+]
Gisèle Pélicot-en kasuak bortxaketetatik haratago dagoen arazo bat erakusten du: gizonezkoon konplizitatea indarkeria matxistaren aurrean. Kezkagarria ez da soilik erasoa, baizik eta, gertatutakoa jakinda, egoera ez salatzea erabaki zuten gizonen isiltasuna... [+]
Maule, 1892. Zaraitzu ibarreko zortzi emakume espartingile Zuberoako hiriburutik etxera abiatu ziren, baina bidean, Larrainen, elurteak harrapatuta, hotzak hil omen zituen denak. Zortzietatik zazpiren izenak iritsi zaizkigu: Felicia Juanko, Felipce Landa, Dolores Arbe, Justa... [+]
Uda honetan, gutxienez hemeretzi erailketa matxista izan dira, eta horietatik gutxienez hiru kasutan, poliziak edo polizia ohiak dira hiltzaileak. Donostian, gainera, erailketa saiakera bat ere izan da ertzain baten partetik: bere bikotekidea hiltzen saiatu zen abuztuan.
Gasteizko sententzia horrez gain, asteburuan gutxienez beste lau sexu eraso salatu dituzte; hiru Gasteizen eta bat Donostian.
Ehun bat pertsona bildu ziren larunbatean Luhusoko plazan Itaia emazte antolakundeak eta Luhusoko besta komiteak jakinarazi duten bortxaketa salatzeko.
Osteguneko lehen minutuetan jazo dira gertaerak Mina del Morro inguruan, Santutxu auzoan, 00:20 orduak aldera, eta ustez, 34 urteko gizon batek 31 urteko bikotekidea hil du.
Hondarribiko jai egun handian, Alarde tradizionalak eta Jaizkibel konpainia parekideak bat egin behar zuten lehen aldiz abiapuntuan, baina argazki hori saihesteko, tradizionaleko konpainia guztiak berandu joan dira hasiera puntura. Plantoak planto, ordea, lehen aldi ugari bizi... [+]
76 urteko emazteak zauri larriak ditu. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, ostiral goizaldean egin dio eraso eta Ertzaintzak senarra atxilotu du emaztea hiltzen saiatzeagatik.
Hondarribiko Alarde tradizionala eta Jaizkibel konpainia desfilatzen aterako dira, urtero bezala, irailaren 8an. Baina orain arte EAJk gobernaturiko udala Abotsanitzek eskuratu du eta egin dituen aldaketek hautsak harrotu dituzte Alarde tradizionalean. “Konpainia guztiak... [+]