"Zientzialariak busti egin behar du, gure ardura da"

  • Unai Pascual ekonomialaria da eta COVID-19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde manifestuaren bultzatzaileetako bat. Hiru astean akademia munduko 723 lagunek sinatu dute eta eraldaketa ekologikoa egiteko moduei buruzko eztabaida zientifiko eta soziala zabaltzea eskatzen dute bertan. El Salto hedabidean Gessamí Forner kazetariak egin dio elkarrizketa eta hemen itzuli eta laburtu dugu.


2020ko maiatzaren 26an - 07:14

Akademia munduko 345 sinadurarekin hasi zineten eta 723ra gehietzen joan da kopurua. Espero zenuten?

Ez, desio genuen, baina ez genuen uste hain erantzun masiboa izango genuenik eta kualitatiboki begiratuta, hain jende anitzak babesa emango zionik, bai bakoitzaren espezialitateagatik, eta baita ere profil publikoko pertsonak izanik, ikus daitekeelako ez dutela ideologia bera, eta horrek harritu gaitu, onerako.

Manifestuak eskatzen du zehazki Barne Produktu Gordinean zentratutako hazkundea albora uztea. Zer ari da aldatzen hainbeste jendeak egungo ekonomiaren oinarria eraldatu nahi izateko?

Inflexio puntuan gaude. Zientziatik urteak daramatzagu informatu nahian toki bakoitzean eragin ezberdina izanagatik, denek dutela jatorri bera: bioaniztasunaren galera eta larrialdi klimatikoa. Informazioa iritsi da herritarrengana eta arazoa ez da desagertuko, alderantziz, azeleratzen ari da. Bestalde, sumatzen dut akademikoak konturatu direla zientziak ezin duela beirazko dorre batean sartuta geratu, gizarte honetako kide garela eta badugula ardura bat, ikusi araztekoa, krisi sistemiko eta ertz askotariko honetan, ikuspegiak josi behar ditugula adostasunak aurkitu eta irtenbideak aurkitzeko baliagarri izango den ezagutza sortzeko.

Nola eramango duzue manifestua praktikara?

Orain fase horri ekingo diogu manifestuaren sustatzaileok. Komunitate zientifikoa inplikatzea behar dugu, manifestuak bidea egin dezan, eta komunitate zientifikoaren ideiak indar handiagoz zabaltzeko. Era berean, eragile sozialekin harremanetan egon behar dugu, ezagutza ez baita laborategi eta unibertsitateetan soilik sortzen. Eragile sozialek egunerokoaren lehen lerroa bizi dute eta horregatik da beharrezko elkarlana. Beren ikuspegitik, gaitasuna dute errealitatea interpretatzeko eta zientzia aberasteko, horrela elkarrekin planteatu ditzagun aurrean ditugun arazoen irtenbide posibleak. Zientziaren eta eragile sozialen artean ezagutza sortzeari "jasangarritasunaren zientzia" esaten zaio. Duela hamarkada bat abiatu zen eredua da. Zientziaren etapa berri bat da, eremu akademikotik harago doana, eta herritarren benetako parte hartzearekin zientzia egiten duena.

Nire begiradatik, zeina Bilbon kokatua dagoen, ikusten dut nola ELA eta LAB sindikatuek covid osteko testuingururako neurri interesgarriak proposatu dituzten, nola mobilizatu den mugimendu feminista eta nola bat egin duzuen akademiatik. Baina hilabete eta erdi barru, espero da berriz ere EAJk irabaziko dituela goizegi eta ahal bezala hitzartuta deitu dituen hauteskundeak. Hegemonia jokoan dago?

Joko zelaia aldatzen ari da plano ezberdinetan. Batetik daude alderdi politikoak eta haien aliantzak, beren izateko arrazoiekin, historiko eta estrategikoak, eta hor alderdi bakoitzak bere kalkuluak egiten ditu eta emaitzak jasotzen ditu. Baina beste plano batean dago gizartea, eta uste duguna baino gehiago aldatu delakoan nago, eta aldaketa hori ezin du boto batek islatu. Bozka emateko ohitura sortu egiten da eta oso zaila da aldatzen, baina alderdi bati botoa ematetik harago, politikariek gizarte likidoago bat dute aurrean, eta badakite, oso informazio mota ezberdinak oso era azkarrean erabiltzen dituztela, eta horren ondorioz aldatzen ari dela baita informazioa eta iritzia sortzeko modua ere. Edonola, interesgarriena da badaudela alderdi politiko eta gizarte mugimendu batzuk manifestu honek interpelatuak sentitu direnak eta sinatu egin dutela, eta bitartean beste batzuek ez dutela sinatu eta publikoki ez dutela manifestu honi buruz hitz egin, baina ziur nago modu pribatuan baloratzen ari direla. Hori oso interesgarria da.

Sentitzen dut hain gaudela deslotuta lurrari eta bizi zikloei, oraindik ere ekonomia ekologikoa eta ekonomikoa ez dela beharrezko ikusten, zerbait teorikoa eta kapritxosoa bailitzan ikusten dela. Eta batzuetan uste dut oso zientzialari onbera eta karisma handiko batek salbatu ahalko gaituela hainbeste politikari kaiku eta enpresari zekenengandik. Esaidazu oker nagoela eta gure umeek ez dutela izutzeko moduko bizitza bat biziko.

Ez dizut esango oker zaudenik. Zientzian, ziurtasunak ia ez dira existitzen. Gizarte mailan gertatzen dena eta gertatu daitekeena aztertzen badugu, iragana aztertu behar dugu etorkizuna proiektatu ahal izateko. Baina etorkizuna modu linealean proiektatzeak nahiko ikuspegi mugatua dakar. Bada motiborik aldaketan pentsatzeko, baina inork ez du kristalezko bolarik horretarako behar diren baldintzak iragartzeko. Zientziatik egiazko informazioa eskaintzen dugu, nahiz eta nahasgarria izan daitekeen, eta nahiz eta botere politikoaren eta akademiaren arteko harremana inoiz ez den erraza izan, zientzia askoz mundu heterogeneoagoa delako eta badituelako baita ere bere interesak. Horregatik, zientziak gogoeta egin behar du bere funtzioari buruz ere eta bere helburuekiko ahalik leialen jokatu: aldaketarako palanka moduan balio duen ezagutza eskaintzea. Baita ere eskatzen du zientzialariak ezin duela gizartetik deslotu eta beraz, busti egin behar duela. Osotasunari eutsi behar dio, baina gorde gabe. Eta zientzia egiten jarraitu behar du, bizitza hobetzeko gauzak aldatu daitezen. 

Ingurumen zerga progresiboa proposatzen duzue. Zer da hori?

Erreminta fiskal berdeak bilatu behar ditugu, bi helbururekin ezartzeko: pertsonen portaera aldatzeko, gehien kutsatzen duenak ordaintzen duela dioen oinarriaren bidez. Kutsadura kaltetzeko modu bat da, araudien bidez, eta bestalde, trantsizio ekologiko baterantz goazenez eta baliabide handiak beharko ditugunez ikerketarako, industria egokitzeko eta sektore publikorako, fiskalitateak izan behar du motorra. Fiskalitatea ez da gizartetik dirua biltzea, baizik eta zergen bidez birbanatzea, ekonomiak inbertsioen bidez norabide bat edo bestea hartu dezan. Eta nola krisitik ateratzeko eredu ekonomikoak jasangarria eta sozialki inklusiboa izan beharko duen, gehien dutenak eta gehien kutsatzen dutenak izan beharko dute gehiago ordainduko dutenak.

Manifestuak proposatzen du inbertsio handietan moratoria bat zabaltzea, oinarrizko zerbitzuak lehenesteko, garraio publikoa eta motorrik gabeko mugikortasuna sustatuz. Horrek ekarriko luke Supersur errepidea gelditzea, baina zer gertatuko litzateke Abiadura Handiko Trenarekin?

Gizarteak epe motzean ez du inbertsio handi horien beharrik, zaintzen ekonomia bermatzeko sektore publiko indartsu bat behar du, hezkuntza eta osasun indartsuekin, azken hamarkadetan bere lekuan egon ez direnak, koronabirusak ipurdibistan utzi dituen moduan. Lehentasunak berrikusi behar baditugu, hau da egiteko modu bat. Ezin dugu jarraitu pentsatzen gure herrialdearentzako gaindimentsionatuta dagoen mugikortasun ereduan dirua gastatzen jarraitu dezakegunik. Moratoria horretan, eztabaida zabaldu beharko litzateke, zer mugikortasun eredu nahi dugun eta logikoena eta zintzoena izango litzateke egitasmo horien moratoria egitea, eta ikustea hauek egokitzeko eta norabidez aldatzeko zer aukera dauden. Eztabaida eta erabaki horiek ezi dira bulego batean egin, informazioa herritarren esku jarri behar da eztabaidatu eta gizarteak erabaki dezan. Ez du balio erabakiak hartzea eztabaidatu baino lehen.

Definitu kontsumo arduratsua.

Norbanako bakoitzak egiten duen kontsumo orok du eragina zerbaiten edo norbaitengan, bai positiboa edo negatiboa. Ez da gauza bera bertako elikagaiak eta modu jasangarrian ekoiztutakoak kontsumitzea, horrek ondorio positiboa izango baitu ingurumenean, edo milaka kilometroko distantzia egin duen eta lan baldintza txarretan egin dena kontsumitzea. Eta gauza bat da ez jakitea eta bestea ez jakin nahi izatea. Hori kontsumo ez-arduratsua litzateke eta ematen da elikaduran, turismoan, kulturan eta abar. Sektore bakoitzak eztabaidatu beharko du eta gizarteak ulertu.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Estitxu Eizagirre
#3
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19ren biharamunari so
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


2022-04-12 | ARGIA
Downing Streeten pandemia garaian festak egiteagatik isuna jaso du Boris Johnsonek

Azkenean isuna iritsi zaio Boris Johnson lehen ministro britainiari, pandemia garaian egindako festekin COVID-19ko arauak urratzeagatik. Bere emazte Carrie eta Rishi Sunak Altxorraren idazkaria ere zigortutako 50 pertsonen artean daude.


2022-04-06 | ARGIA
Apirilaren 20tik aurrera Hego Euskal Herrian ez da maskararik beharko barrualdeetan

Aste Santuaren ondoren, apirilaren 20tik aurrera, maskara erabiltzea ez da nahitaezkoa izango barrualdeetan, ospitaleetan, erresidentzietan eta garraio publikoan salbu. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hala eskatu zuten.


2022-02-11 | ARGIA
Osasun larrialdiaren amaiera iragarri du Jaurlaritzak

Horren arabera, datorren astelehenetik aurrera, orain arte COVID-19ari aurre egiteko neurriak bertan behera geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko alorretan. Labi bera ere desegin egingo dute.


COVID-19 pasaportea 2022ko uda arte mantentzearen alde bozkatu du Frantziako Legebiltzarrak

Frantziako Gobernuaren lege-proiektua Senatuan eztabaidatuko dute urriaren 28an. Nahiz eta gehiengoak bat egin neurriarekin, hainbat herritar dabiltza neurri honen kontra borrokan, kolektiboki antolatuz.


Eguneraketa berriak daude