ELAk Bidelagun Fundazioa sortu du, lan prebentzioa eraginkorragoa bilakatzeko helburuarekin

  • Lan istripuak eta laneko gaixotasunak horiek prebenitzeko neurriak baino garestiago bilakatu nahi ditu enpresentzat Bidelagun Fundazioak. Izan ere, Hego Euskal Herrian urtero 50 pertsona baino gehiago hiltzen dira lan istripuen ondorioz, eta heriotza horietako bakoitzeko beste 35 heriotza gertatzen dira gaixotasun profesionalen ondorioz. Fundazioak Durangon izango du egoitza nagusia, eta Hego Euskal Herriko kasuei helduko die bertatik.


2022ko maiatzaren 26an - 11:30
Argazkia: ELA Sindikatua
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Astelehenean egindako prentsaurrekoaren bidez, Bidelagun Fundazioa aurkeztu zuen ELA Sindikatuak. ELAko Zerbitzu Juridikoen arduradun Amaia Aierbek eta Bidelaguneko abokatu David Penak azaldu zutenez, fundazioaren helburua lan osasunean lorpen eraginkorrak lortzea da; besteak beste, lan prebentzioa eraginkorragoa bilakatzea eta enpresetan gertatzen diren milaka istripuak murriztea.

Plazaratutako datuen arabera, lan istripuen ondorioz urtero 50 pertsona baino gehiago hiltzen dira Hego Euskal Herrian, eta heriotza horietako bakoitzeko beste 35 heriotza gertatzen dira gaixotasun profesionalen ondorioz. Kopuru hori onartezina dela eta enpresa munduan sortu beharko lukeen alarmarik ez duela sortzen salatu du sindikatuak. Hala bada, espezializazioa eta berrikuntza juridikoa tresna bezala hartuta, fundazioak lortu nahi du enpresentzat garestiago bilakatzea gaixotasunak eta lan istripuak, horiek ekiditeko neurriak baino. "Argi dago enpresak prebentzioaz arduratzen hasiko direla istripuak prebentzio neurri horiek baino garestiagoak zaizkienean”, adierazi dute bozeramaileek.

Bestelako daturik ere mahai gaineratu dute: urtero, 40.000 pertsonak hartzen dute baja lan istripuengatik Hego Euskal Herrian, eta zifra horri gehitu behar zaizkio "arazo psikosozialak dituzten milaka pertsonak". Egoera hori izanik, sindikatuak adierazi du datozen urteetan konpromiso sendoa hartuko duela arlo horretan.

Bidelagun Fundazioak izaera propioa izango du, Durangon egongo da bere egoitza nagusia, eta bertatik Hego Euskal Herriko kasuei helduko zaie.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.