Egiptok Gazarako martxaren aurkako errepresioa gogortu du, ekimena amaitutzat eman badute ere

  • Antolakuntzak salatu du Poliziak jarraitzen duela martxako partaideak atxilotzen eta tratu txarrak ematen. Kezka berezia agertu du Saif Abukeshek martxako presidentekidearen egoeragatik: astelehen arratsaldean atxilotu zuten, tratu txar “larriak” eman dizkiote eta inork ez du bere berririk.

Egiptoko Polizia manifestariak inguratzen, ekainaren 13an Alvaro Minguito // El Salto

2025eko ekainaren 17an - 12:33
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Oso kezkatuta gaude gure misio baketsuarekin zerikusia duten pertsonen aurkako legez kanpoko atxiloketak etengabe areagotzen ari direlako. Nahiz eta Egiptoko agintariekin koordinatuta egon eta baimenak dagozkion bideetatik eskatu, tokiko eta eskualdeko legeak errespetatuz, eta Egipton ekintza gehiago ez direla egingo iragarri, agintariek parte-hartzaileen aurkako errepresioa, atxiloketa eta abusua areagotu dituzte”. Horrela dio astearte eguerdian Gazarako Martxa Globalak zabaldu duen urgentziazko oharrak. “Azken egunetan, kalez jantzitako agenteek, identifikatu gabe askotan, hoteleko geletako, kafetegietako, dendetako eta kaleetako parte-hartzaileak indarrez atera dituzte arrazoirik eta azalpenik gabe”, azaldu dute. 

Antolakuntzak Egiptoko agintariei eskatu die “ez dezatela egoera larriagotzen jarraitu, atxilotu guztiak aska ditzatela eta martxan parte hartzen duten guztiei etxera onik itzultzen utz diezaietela”. Egipton dauden euskal herritarrek ere ARGIAri baieztatu diote antolakuntzak salatutakoa, eta azaldu dute Polizia Kairo hiriburutik kanpoko hoteletan ere agertu dela martxako partaideak atxilotzeko.

Martxako presidentekide palestinarra, desagertuta

Antolakuntzak kezka berezia agertu du Saif Abukeshek herritar palestinar-espainiarraren egoeragatik. Azaldu dutenez, astelehen goizean atxilotu zuten kaleko poliziek kafetegi batean, beste lau pertsonarekin zegoela, tartean Jonas Selhi eta Huthayfa Abuserriya norvegiarrak. “Hirurak bendatu, eskuburdinak jarri, galdekatu eta bortizki kolpatu zituzten”, salatu du martxak.

Saif Abukeshek martxako presidentekidea astelehen arratsaldean atxilotu zuten, tratu txar “larriak” eman dizkiote eta inork ez du bere berririk.

 

Selhiri dei labur bat egiteko aukera eman zion Poliziak, “galdeketa bortitzak” salatu zituen. “Jakinarazi zuen Saifek, jatorri palestinarreko espainiar herritarrak, tratu txar bereziki larriak jasan zituela. Oraindik ez dakigu non dagoen, eta kanpainako talde juridikoa ezin da berarekin harremanetan jarri”. Norvegiako bi herritarrak askatu dituzte jada, baina Abukesheken berririk gabe jarraitzen dute antolakuntzak eta abokatuek.

Gazarako Martxak “mundu guztiko herritarrei” eskatu die beren enbaxadetara deitzeko, atxilotu guztien askatasuna eta bueltatzeko aukera bermatzea eskatzeko.

Rafahko martxa amaituta, “hurrengo urratsak” antolatzen

Ordu gutxi batzuk lehenago, Gazarako Martxa Globalak beste ohar batekin jakinarazi du Rafahko pasabidera heltzeko asmoa zuen martxa amaitutzat eman duela, Egiptoko Gobernuaren jarrera ikusita, ezin duelako “partaideen segurtasuna aurreikusi moduan bermatu”.

Azken egunetan Egiptok martxaren “ehunka” partaide atxilotu edota deportatu dituela salatu du nazioarteko ekimenak, “askotan” abokatuei eta familiei jakinarazi ere egin gabe. “Une honetan, gure ardura da oraindik ere Egipton dauden parte hartzaileen segurtasuna bermatzea”.

Egiptoko ekimena beste bat gehiago zela gogorarazi du martxak. Azken egunetan mundu osoan 50 mobilizazio baino gehiago egin dira martxa babesteko, eta Askatasunaren Ontzidiarekin eta Tunezetik irten zen Sumud karabanarekin koordinatuta egin dute lan. 

Egiptoko ekimena amaitutzat eman duela iragartzearekin batera, dagoeneko “hurrengo urratsak aktiboki antolatzen” ari direla jakinarazi du nazioarteko ekimenak. “Palestinako ankerkeriei amaiera emateko eta Palestinako herriaren bizitza, duintasuna eta autodeterminazioa sustatzeko bide guztiak jarraituko ditugu, nekaezin”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarren aurkako genozidioa
2025eko azaroaren 19
51.396

2025eko azaroaren 19
Berriketa gutxi
Mendi tontor

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!