Antolakuntzak salatu du Poliziak jarraitzen duela martxako partaideak atxilotzen eta tratu txarrak ematen. Kezka berezia agertu du Saif Abukeshek martxako presidentekidearen egoeragatik: astelehen arratsaldean atxilotu zuten, tratu txar “larriak” eman dizkiote eta inork ez du bere berririk.
“Oso kezkatuta gaude gure misio baketsuarekin zerikusia duten pertsonen aurkako legez kanpoko atxiloketak etengabe areagotzen ari direlako. Nahiz eta Egiptoko agintariekin koordinatuta egon eta baimenak dagozkion bideetatik eskatu, tokiko eta eskualdeko legeak errespetatuz, eta Egipton ekintza gehiago ez direla egingo iragarri, agintariek parte-hartzaileen aurkako errepresioa, atxiloketa eta abusua areagotu dituzte”. Horrela dio astearte eguerdian Gazarako Martxa Globalak zabaldu duen urgentziazko oharrak. “Azken egunetan, kalez jantzitako agenteek, identifikatu gabe askotan, hoteleko geletako, kafetegietako, dendetako eta kaleetako parte-hartzaileak indarrez atera dituzte arrazoirik eta azalpenik gabe”, azaldu dute.
Antolakuntzak Egiptoko agintariei eskatu die “ez dezatela egoera larriagotzen jarraitu, atxilotu guztiak aska ditzatela eta martxan parte hartzen duten guztiei etxera onik itzultzen utz diezaietela”. Egipton dauden euskal herritarrek ere ARGIAri baieztatu diote antolakuntzak salatutakoa, eta azaldu dute Polizia Kairo hiriburutik kanpoko hoteletan ere agertu dela martxako partaideak atxilotzeko.
Antolakuntzak kezka berezia agertu du Saif Abukeshek herritar palestinar-espainiarraren egoeragatik. Azaldu dutenez, astelehen goizean atxilotu zuten kaleko poliziek kafetegi batean, beste lau pertsonarekin zegoela, tartean Jonas Selhi eta Huthayfa Abuserriya norvegiarrak. “Hirurak bendatu, eskuburdinak jarri, galdekatu eta bortizki kolpatu zituzten”, salatu du martxak.
Selhiri dei labur bat egiteko aukera eman zion Poliziak, “galdeketa bortitzak” salatu zituen. “Jakinarazi zuen Saifek, jatorri palestinarreko espainiar herritarrak, tratu txar bereziki larriak jasan zituela. Oraindik ez dakigu non dagoen, eta kanpainako talde juridikoa ezin da berarekin harremanetan jarri”. Norvegiako bi herritarrak askatu dituzte jada, baina Abukesheken berririk gabe jarraitzen dute antolakuntzak eta abokatuek.
Gazarako Martxak “mundu guztiko herritarrei” eskatu die beren enbaxadetara deitzeko, atxilotu guztien askatasuna eta bueltatzeko aukera bermatzea eskatzeko.
Ordu gutxi batzuk lehenago, Gazarako Martxa Globalak beste ohar batekin jakinarazi du Rafahko pasabidera heltzeko asmoa zuen martxa amaitutzat eman duela, Egiptoko Gobernuaren jarrera ikusita, ezin duelako “partaideen segurtasuna aurreikusi moduan bermatu”.
Azken egunetan Egiptok martxaren “ehunka” partaide atxilotu edota deportatu dituela salatu du nazioarteko ekimenak, “askotan” abokatuei eta familiei jakinarazi ere egin gabe. “Une honetan, gure ardura da oraindik ere Egipton dauden parte hartzaileen segurtasuna bermatzea”.
Egiptoko ekimena beste bat gehiago zela gogorarazi du martxak. Azken egunetan mundu osoan 50 mobilizazio baino gehiago egin dira martxa babesteko, eta Askatasunaren Ontzidiarekin eta Tunezetik irten zen Sumud karabanarekin koordinatuta egin dute lan.
Egiptoko ekimena amaitutzat eman duela iragartzearekin batera, dagoeneko “hurrengo urratsak aktiboki antolatzen” ari direla jakinarazi du nazioarteko ekimenak. “Palestinako ankerkeriei amaiera emateko eta Palestinako herriaren bizitza, duintasuna eta autodeterminazioa sustatzeko bide guztiak jarraituko ditugu, nekaezin”.