ARGIA.eus

2020ko azaroaren 27a

ECDCren kartek erakusten dute COVID-19aren bigarren olatuak jada goia jo duela Europan

  • COVID-19ari jarraipena egiteko Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) egunero eskaintzen ditu Mendebaldeko Europako estatuek azken 14 egunetan 100.000 biztanleko metatu dituzten kasuak eta heriotzak, baina astero laburbiltzen ditu bi adierazle nagusion azken 14 egunetako metaketak Europako eskualde administratiboka mapa batean koloreztatuta. Aste honetako mapa aurrekoarekin alderatuta uler daiteke egunez egun okerragora jo duen pandemiaren bigarren olatuak dagoeneko goia jo duela Europan eta zenbait eskualdeetan arintzen ere hasi dela.

ARGIA @argia
2020ko azaroaren 20a
COVID-19aren hedadura Europan 2020ko azaroaren 18aren aurreko 14 egunetan. (Irudia: ECDC)

"Laster Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) kolore gehiagoz aberastu beharko du Mendebaldeko Europan COVID-19aren hedadura islatzeko erabiltzen duen margo-paleta" esan zen ARGIAn joan den urriaren 30ean eta hamar egun beranduago hala egin zuen ECDCk. Honen kartek orain askoz hobeto islatzen dute –bederen kutsadura tasari dagokionez, ez halare heriotzen kopuruari– pandemiaren une bakoitzeko egoera, ea hedatzen ari den –eta non– ala ahulagotzen. Oraingo formulan, ECDCk zazpi kolore darabiltza adierazteko, krema kolore lausotik marroi ilunera, honako kutsadura tasak: 0-20, 20-60, 60-120, 120-240, 240-480, 480-960 eta 960 baino gehiago.

Kronika honen lerroburuan doa nola dagoen gaur egun egoera, azaroaren 18ko datetan oinarrituta, eta paragrafo honen ostean ipini dugu aste bete lehenago azaroaren 12ko datuekin nola zegoen. Biak alderatuta, ikusten da azken astean okerrera egin dutela herrialde batzuek: Poloniak eta Suediak nabarmenen, baina baita Alemaniak eta Italiak ere. Hobera egin dute Islandiak, Txekiak eta Frantziako estatuak. Gainerakoak aurreko asteko antzeko kolore eta kopuruetan ageri dira, aurreko asteetan okerragorako joera kontrolatzea lortu dutela iradokitzen duena.

COVID-19aren hedadura Europan 2020ko azaroaren 12aren aurreko 14 egunetan. (Irudia: ECDC)

Kartetan erakusten dituen bezala kutsadura tasak –beti ere 100.000 biztanleko– Europako eskualdeetan, ECDCk tauletan eskaintzen ditu azken eguneko datuak herrialdeka. COVID-19az kutsatuen tasari dagokionez, azaroaren 20ko datarekin 100.000 biztanleko 1.209 kutsatu metatu zituen Luxemburgok azken 14 egunetan, Austriak 1.081, Esloveniak 958, Poloniak 869, Kroaziak 845, Txekiak 843, Italiak 801, Portugalek 794, Lituaniak 765, Frantziak 723, Hungariak 678, Bulgariak 658, Errumaniak 602, Suediak 572, Belgikak 556, Espainiak 501... Hobekuntzarik nabarmenena Belgikak egin du, zalantzarik gabe, duela hogei egun urriaren 28an 1.481 kutsatutan baitzebilen. Euskal Herriari dagokionez, EAEn kutsatuen tasa 753an dago eta Nafarroan 479an.

Heriotza tasa da, hala ere, neurgailu kupidagabeena, kutsaduren egoerak bi-hiru aste lehenago erakutsitako argazkia konfirmatzen duena. Azaroaren 18aren aurreko 14 egunetan Txekiak 100.000 biztanleren artean sufritu ditu 23,9 heriotza, Belgikak 22,5, Bulgariak 16,2, Poloniak 13,8, Hungariak 13,5, Italiak 12,7, Kroaziak 12,7, Franziak 12,1, Errumaniak 10,6, Portugalek 9,4, Austriak 8,7, Erresuma Batuak 8,5, Espainiak 8,1... Sail honetako kalkulurik ez dugu ikusi ez EAEn eta ez Nafarroan.

Beti jarraitzen baitu Suediak izaten COVID-19aren inguruko hainbat eztabaida pizten, bigarren olatuan badirudi segitzen duela lehenbizikoak lortu zituen emaitzak eskuratzen, alegia, inguru hurbileko Danimarka, Norvegia, Finlandia, Letonia eta Estoniaren aldean txarragoak, bai kutsatuen kopuruetan eta bai heriotzetan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Koronabirusa  |  Europa

Koronabirusa kanaletik interesatuko zaizu...





Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude