"Erabateko hondamendiaren aurreko azken alerta dugu gaur egungo krisia"

  • Dominique Meda filosofo eta soziologoa da, Parisko Dauphine unibertsitatean irakaslea. Lanaren soziologian berezitua izanki, koronabirusaren izurriteak esfera horretan eragindakoa azaldu dio ARGIAri. Lanaren esparrutik desbideratu eta ikuspegi integral batekin begiratu diogu gaur egungoari. Koronabirusaren biharamunak krisi honen akuilatzaile den sistemaren bukaerarekin errimatzea nahi bada, ezinbestekoa da konfinamendu garaia baliatzea antolaketa berri bat gogoetatzeko, marrazteko eta adosteko: "Bigarren Mundu Gerraren ondorengoa prestatu zen bezala prestatu behar dugu koronabirusaren ondorengoa. Nire irudiko, Erresistentzia Kontseilu Nazionalaren programa da jarraitu beharreko adibidea".


2020ko apirilaren 05an - 22:40

Egoera ezohikoa eta arraroa dugu : 3.000 milioi pertsonen konfinamendua eragiten duen birusa. Koronabirusaren biharamunean, zer aldaketa ekar diezaioke gure bizitzeko moduari?

Konfinamendu garai honetan prestatzen ari dena erabakigarria da. Edo biharamuna izango da business as usual, zoro gisa kontsumituko dugu konpentsatzeko eta ahazteko, eta gobernuek horren sustapena bideratuko dute; edo aldatu egingo gara, proiektu berri bat prestatua ukanen dugulako eta gai izango garelako gure portaera eta gure praktika berriak printzipio horiekin errimatzeko.

Bigarren bide hori helburu, nola heldu gaitezke biharamun ezberdin batera?

Une honetan informazio argia eta etorkizunerako proiektu serioak sortzeko lekuak beharrezkoak ditugu, krisialditik aterako garenean nahiko argi ukan dezagun elkarrekin egin beharrekoa. Hori erraterakoan Erresistentzia Kontseilu Nazionalaren (EKN) programan pentsatzen dut (1944an osatu zuten, eta berehalako gaiez gain, gerra biharamunerako erreforma sozial eta ekonomikoak biltzen zituen). Gisa horretako programa bat behar dugu, zeinetan printzipio berriak eta hurrengo urteetarako plana zehaztuak liratezkeen. Gure jendartearen antolaketa berria zehaztuko luke, ekologiaren gaia lehentasunetan kokatuz.

Nola osatu behar litzateke EKN gisako egitura hori?

EKNren baitan sindikatuetako eta alderdi zein tendentzia politiko ezberdinetako ordezkariak genituen. Uste dut orain ere, erradikalki ezberdinak izanen diren politikak erabakitzeko koalizio oso zabal bat behar dugula, alderdiez, sindikatu guztiez baita Gobernuz Kanpoko Erakundeez (GKE) –behartsuenekin harremanetan direnak baita trantsizio ekologikoaren arloan dihardutenak ere– osatua litzatekeena. Hartu neurriak erreferendum bidez berretsiak izan behar liratezke. Noski, aldaketa politikoak nazioarte eta Europa mailan erabakiak izatea litzateke ideala. Baina, maleruski, ikusten dugunean zer nola ari den Europa –zer pena!–, une honetan uste dut maila nazionala dela egingarriena.

Hau izurrite bat baino gehiago da: sistemak funtzionatzen ez duenaren froga.

Jakina! Gure sistemaren ahultasun guztiak agerian dira, begi-bistakoa da mugak gainditu ditugula. Krisi ekologikoaz hitz egiterakoan zientzia-artikulu askok seinalatzen zigutena argi gelditzen ari zaigu. Kontrola guztiz galdu dugu: kapitalen zirkulazioa liberalizatu dugu eta ez dugu gehiago meneratzen. Horixe ederki azaltzen digu Rawi Abdelal ekonomialariak.

Gure jendarte indibidualistari ohartarazpen interesgarria dakar hala ere: norbanakoa eta kolektiboa bereiz ez doazela.

Bai, baina norberekeria elkartasunarekin nahastearen arriskua ere bada. "Eragingarri eta baliogarri izateko ez dut mugitu behar" irakurketa ez da bikaina. Norberak baliagarri izan behar luke beti jendarteari zerbait eskainiz, bakoitzak bere gaitasunen arabera eraikiz jendarteak behar duen hori: maskarak, gogoetak, irakurketa aholkuak, kantuak…

Koronabirusaren izurriteak lanbideen hierarkizazio soziala birpentsatzera garamala diozu.

Izurritearen kontrako borrokan zein eguneroko bizitzaren antolaketan lehen lerroan daudenei begiratzen badiegu, gehienak gutxi aintzat hartzen diren lanbideak direla ohartzen gara, usu "kualifikazio gutxiko" bezala sailkatuak eta gaizki ordaindurikoak. Zaintzaren arloko eta salmentarako lanbideak ditut gogoan: etxeko langileak, erizain laguntzaileak, supermerkatuetako kutxazainak, banatzaileak, produktuak ordenan jartzen dabiltzanak... Emakumeak nagusi dira eta soldata apaleneko lanbideak dira. Badakigu zergatik: gehienetan lanaldi partzialean direlako eta zaintza ahalmen hori “naturaltzat” harturik, ez zaielako benetan lanak merezitako ordainsaria bideratzen. Pertsona horiek frontean dira, kutsatuta dauden edo egon daitezkeen pertsonekin kontaktu zuzenean –beharko luketen babes-ekiporik gabe–.

Lanbideen benetako balioa jakiteko hauen desagerpenak ekarriko lukeenari begiratu behar zaiola diozu.

Hori proposatzen zuen David Graeber antropoloak, Bullshits jobs nozioaren asmatzaileak. Lanbidearen desagerpenarekin zer-nolako jendartea genukeen begiratzea proposatzen du. Erizainak, dendetako kutxazainak, banatzaileak, laborariak, elikagai ekoizleak, energia, ura zein elektrizitatea segurtatzen diguten zerbitzu publikoetako teknikariak ez balira ezingo ginateke bizi.

Nahiz eta premia sozial eta sanitarioan egon, agintarien begietan ekonomiak segitzen du lehentasun izaten. Premiazkoak ez diren enpresak ez dituzte hetsi nahi.

"Enpresen errekisizioak behar dira, erabat beharrezkoak diren produktuak bakarrik ekoizteko: maskarak, testak, elikagaiak, energia…"
 

Kriminala iruditzen zait. Gobernuaren aginduak kontraesankorrak dira, ez da serioa: Alde batetik, joan-etorriak debekatuak dira, eta erraten da hiru pertsona baino gehiagoko elkarretaratzeak debekatuta daudela, baina beste aldetik, bizirauteko funtsezkoak ez diren sektore batzuetakoei erraten zaie lanera joatea babes-ekiporik ez dagoenean. Eskandalagarria da. Joan den astean Frantziako ekonomia ministroak zifra sinesgaitz baten berri eman zuen: langileen %40a tele-lanaren bidez ari dela, %45a lantokian eta %15a langabezia partzialean dagoela. Herriak behar dituen lanpostuen zerrenda fin eta zehatza egin eta langile horiei ekipamenduak bideratu behar dizkiegu. Mobilizazio orokorra eskatzen duen gerrako ekonomia behar dugu, enpresen errekisizioak behar dira, beharrezkoak diren produktuak bakarrik ekoizteko: maskarak, eskularruak, testak, elikagaiak, energia, telekomunikazioa,…

Ondoko herrian gertatutakoari begiratzeko ezintasuna dute agintariek. Italian gertatzen ari dena bizi dute orain Espainian, bihar Frantziak biziko duena.

Okerrena da molde txarrean egiten dituztela nazioarteko konparazioak: ikusteko besteek nola lortu duten ospitaleetako ohe kopurua jaistea, zergak jaistea, kaleratzeak erraztea, funtzionario kopurua murriztea, eta abar. Besteak baino bihurriago direla uste dute beti: ziur nago batzuek pentsatu dutela —erran ere egin dute— ezin dugula konparatu Barne Produktu Gordina (BPG) pertsonako gurea baino apalagoa duten herrialdeekin. Baina bai, Italiak erakusten zigun bidea: erabateko konfinamendua behar dela, ahalik eta jende gehien babesten duen ekonomiara pasa behar dela. Bestalde, non dago Europa? Europari legokioke gomendioen, ahaleginen eta praktiken koordinatzea. Guztiz harrigarria da Nazioarteko Diru Funtsa edota Europako Batzordea behin eta berriz aritzea gomendioak egiten –zigor mehatxuekin batera– gure zorrak, lan-kodeak zein babes sozialak murrizteko; eta orain, gure osasun publikoko jardunbide egokiak homogeneizatzeko gomendioak nahi ditugunean, ez dago inor!

Lanak gure bizitzetan daukan balioaz gogoetatzera eramanen gaitu bizi dugun garai honek ?

Uste dut pertsona asko konturatuko dela lanaren funtzioez, nolatan egituratzen dituen gure bizitzak, lan egiteak arau soziala izaten jarraitzen duela, harremanak ahalbidetzen dituela. Baina, beste batzuentzat lanaren esperientzia oso mingarria izango da –babes-neurririk gabe lan egitera behartuak direnentzat eta gobernuaren manu paradoxikoaren eta erretiratzeko eskubidea erabiltzeko beldurraren artean urratuak dauden guztientzat–. Azkenik, ez da ezinezkoa langile askok distantzia hartzea eta bat-batean galdekatzea haien lanaren balioa. Gure bizitzan lanak daukan lekuaren berrikustea baino gehiago, uste dut krisi honek lanbideen birbalorizazioa eta birkontsiderazioa ekar dezakeela: lanbide erabilgarriak ala lanbide toxikoak. Gaur egun, eta sarritan krisi ekologikoaren iragarpenarekin, gazteak jada auzi horretan dabiltza. Nire ustez, egungo egoerak areagotu egingo ditu galdera horiek.

Ondokoa erran izan duzu: "Bere lanaren zentzuaz baita eredu ekonomikoaz ere galdetzera eramango lituzkeen kontzientzia hartze herritarrak parean ukan dezake gaur egungo sistema. Aldaketa erradikalerako aukerak mugatzen dituzte oraingoz joko arauek".

Nahiz eta gu modu pertsonalean aldatu, sistema aldatzen ez bada ez du ezertarako balioko (% 3aren araua, zorraren beldurra, kapitalismoa, ezberdintasunak, soldata-hierarkia eroa, BPGaren fetitxismoa, ekonomia neoklasikoaren inperialismoa, liberalismoaren oinarrian den sinesmena, produktibismoa eta kontsumismoa…). Gure gramatika, gure printzipioak, gure zenbaki adierazleak, hots, gure konbentzio guztiak aldatu behar dira. Adibidez, badu 20 urte idazten dudala –beti gauza bera– BPGaren fetitxismoa bukatu eta beste adierazle fisiko eta sozial batzuk hartu behar ditugula, alarmak pizteko balioko luketenak.

Horrek herritarren matxinada ekar lezake? Edo, azkenean, koronabirusaren bataila irabazten dugunean, jendea berdin –ala gehiago– kontsumitzen hasiko da?

"Koronabirusaren biharamunean, seguru asko, haserrearen eta sentipenen adierazpena izanen dugu, eta hori zapuztu nahiko duten polizia-indarren hedapena ere bai"

Seguru asko, haserrearen eta sentipenen adierazpena izanen dugu, eta hori zapuztu nahiko duten polizia-indarren hedapena ere izango dugu. Horretarako herritarren formakuntza beharrezkoa dugu, krisialditik irteteko proiektu herritarra adierazten lagundu behar dugu, Bigarren Mundu Gerraren ondorengoa prestatu zen bezala prestatu behar dugu koronabirusaren ondorengoa. 2007an Denis Kessler MEDEF patronalaren sindikatuko presidente-ordearen hitz hauek gogorarazten ditut: "Frantziako modelo soziala EKNren emaitza da. Gaulisten eta komunisten arteko konpromisoa. Erreformatzeko garaia da, eta gobernua horretan dabil. Gobernuak egindako aldaketen ondoz ondoko iragarpenek patchwork itxura eman dezakete. Askotarikoak, garrantzi desberdinekoak eta helburu askotarikoak diruditen arren (funtzio publikoaren estatutua, erretiroko araubide bereziak, Gizarte Segurantzaren bateratzea, paritarismoa…), gertutik begiratuta, argi dago unitate sakona dagoela. Erreforma-zerrenda? Sinplea da, har ezazu 1944 eta 1952 artean ezarri zen guztia, salbuespenik gabe. Hori da kontua: 1945etik ateratzea da gaur egun behar duguna, EKNren programa metodikoki desegitea".

Uste duzu buruzagi politikoek beren akatsak onartzeko zuhurtzia ukango dutela eta norabidea aldatzen jakingo dutela?

Frantziako Errepublikako presidenteak martxoaren 13an egin hitzaldian aukera hori zabaldu zuela zirudien. Baina ez zuen inolako mea culpa-rik egin. Nola liteke inork kontuan hartu ez izatea duela urtebetetik ospitaleetako langileek plazaraturiko sorospen-deiak? Nolaz Errepublikaren presidentea eta lehen ministroa ez dira inoiz haiekin bildu? Nola liteke?! Bozkatu berri den zuzenketa-finantzei buruzko legean nolaz ez da artatzaileen ordainsariaren berehalako emendiorik? Ez dut uste gure agintariek halako aldaketarik bideratzeko gaitasuna dutenik.

Konfinamenduaren biharamunaz gogoetatzerakoan, batek baino gehiagok du teknologiaren bidezko kontrol eta jarraipen sozialaren beharra azpimarratzen dutela, kutsatutakoak segitzeko eta beraz birusaren hedapena mugatzeko helburuz.

Tentazio eta joera horren aurka borrokatu beharko gara indar handiz. Estatuak egiten duena kontrolatzen ariko diren kontra-botereak beharko ditugu absolutuki. Kontra-botere horiek independenteak izan beharko dira, magistratu, abokatu eta GKEz osatutakoak.

Maiz hartzen duzu hitza klima larrialdiaz eta paradigma aldatzeko beharraz ohartarazteko. Zer lotura dago koronabirusaren egoera katastrofiko horren eta klima aldaketaren egoera katastrofikoaren artean?

"Gaur egungoa abisu bat da. Krisiei aurre egiteko dugun prestaketa-eza argi utzi digu. Baina krisi are larriagoei aurre egin beharko diegu gerora"

Krisi hau, klima-aldaketarekin lotuta egon ala ez, neurrigabeko globalizazioaren eta muga guztiak bortxatzearen lojikaren krisia da. Abisu bat da. Krisiei aurre egiteko dugun prestaketa-eza argi utzi digu. Baina, krisi are larriagoei aurre egin beharko diegu gerora. Karbono dioxido emisio berekin ala handiagoekin jarraitzen badugu egoera are okerragoa izango dugu. Zikloiak, itsas mailaren igoerak, lehorteak, elikagai-eskasiak, errefuxiatu klimatikoak, birus berri are okerragoak –ezin dugu imajinatu ere–. Ez gaude batere prestatuak! Gaur egun, gure zoritxarrean zortea dugu, epidemia honek gure hauskortasunez eta ahultasunez ohartarazteko balio digulako, gure ereduaren erabateko iraunkortasun-ezaz ohartarazteko balio digulako. Hau da erabateko hondamendiaren aurreko azken alerta. Horrek aldaketarako aukera ematen digu, gure jendartea birmoldaketa ekologikorantz bideratzeko aukera ematen digu. Hori luze eta zabal azaldu dut La Mystique de la croissance (Hazkundearen Mistika) liburuan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19ren biharamunari so
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


2022-04-12 | ARGIA
Downing Streeten pandemia garaian festak egiteagatik isuna jaso du Boris Johnsonek

Azkenean isuna iritsi zaio Boris Johnson lehen ministro britainiari, pandemia garaian egindako festekin COVID-19ko arauak urratzeagatik. Bere emazte Carrie eta Rishi Sunak Altxorraren idazkaria ere zigortutako 50 pertsonen artean daude.


2022-04-06 | ARGIA
Apirilaren 20tik aurrera Hego Euskal Herrian ez da maskararik beharko barrualdeetan

Aste Santuaren ondoren, apirilaren 20tik aurrera, maskara erabiltzea ez da nahitaezkoa izango barrualdeetan, ospitaleetan, erresidentzietan eta garraio publikoan salbu. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hala eskatu zuten.


2022-02-11 | ARGIA
Osasun larrialdiaren amaiera iragarri du Jaurlaritzak

Horren arabera, datorren astelehenetik aurrera, orain arte COVID-19ari aurre egiteko neurriak bertan behera geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko alorretan. Labi bera ere desegin egingo dute.


COVID-19 pasaportea 2022ko uda arte mantentzearen alde bozkatu du Frantziako Legebiltzarrak

Frantziako Gobernuaren lege-proiektua Senatuan eztabaidatuko dute urriaren 28an. Nahiz eta gehiengoak bat egin neurriarekin, hainbat herritar dabiltza neurri honen kontra borrokan, kolektiboki antolatuz.


Eguneraketa berriak daude