"Denok gara errudunak, denok sinetsi dugu hirien erlijioa"

  • Salda edo zopa bero batekin alderatzen du bere zinema; soila eta konplexua aldi berean. Ez hain estimatua azukrez eta kimikaz jositako garai posmodernootan, baina aterpe bital bat eskaintzen duena. Cannesko jaialdian gozo hartu zuen kritikak zein publikoak O que arde filma. Donostiako Zinemalditik igaro zen ondoren eta lurrin xehe sakon bat utzi zuen su hark. Zinema areto komertzialetan da orain.

Argazkia: Dani Blanco.

2019ko urriaren 11n - 12:51

Amadorrek ez du inor zain espetxetik irtetean. Sute bat eragiteagatik bete du zigorra, eta Benedicta amaren etxera itzuliko da; Lugoko haran galdu batera. Naturaren erritmo pausatuan biziko dituzte egunaren joanak, sute berri bat azalduko den arte. O que arde filmak Cannesko jaialdia liluraren suaz jo zuen eta Un certain regard saileko epaimahaiaren saria lortu. Orduz geroztik jaialdiz jaialdi ibiltari dabil Oliver Laxe, filmaren egilea. Donostiako Zinemaldian hartu gaitu hotel arranditsu bateko terraza arranditsu batean, bere filmeko eta zinemako geografia xumeetatik urrun.

Suak eta zinemak badute parekotasunik, ezta?

Bai, Pier Paolo Pasolinik esaten zuen zinema dela erretzen dagoen paper batean egiten den idazketa. Zinema suarekin egin beharra dago. Ogibide supiztailea da zinemagilearena. Gehiegikeria bizi behar du zinemagileak bere baitan. Filmak suaren erdian egin behar dira, barneko suaren erdian.

Barneko suen erdian soilik ez, O que arde filmean basoko sute handi bat filmatu duzue. Dagoen sekuentziarik zailenetakoa behar du izan filmatzeko. Nola planteatu zenuen filmaketa hori?

Tira, sakon prestatu genuen, hainbat ikerketa teoriko eta fisikoki egin ostean. Hau da, suhiltzaile baten larruan jarri ginen, suhiltzaile izaten ikasi genuen finean. 4x4 ibilgailu batean pasa genituen orduak eta orduak, lan-taldeko norbait probintzian (Lugo) zebilen batetik bestera, sua non azalduko, sutea non piztuko. Jakina, erakundeen eta Galiziako Xuntaren laguntza izan genuen, eta informazioa jaso orduko sutea zegoen lekuan azaltzen ginen suhiltzailez jantzita eta kamerak hartuta. Brigaden atzean kokatzen ginen eta sutea bertatik-bertara bizi eta jaso.

"Gaur egun, zoritxarrez, izan dezakegun espiritualtasun urria, artearen bidez izan genezake"

Paralelismo bat dago paisaiaren eta pertsonaien artean. Itxura batean lanbrotsu, laiotzak, isilak dirudite, baina su handi bat daramate barrenean.

Bai, antzeko zerbait esaten da euskaldunen inguruan ere, ezta? Paisaia eta pertsonaia horien atzean sotiltasun, ñabardura eta karino asko dago. Isiltasun eta keinu horien atzean bizitza asko dago, sua dago. Bi pertsonaiak, ama-semeak, bizitzaz beterik daude egiazki. Beste ororen gainetik ama baten eta semearen arteko maitasun istorio bat da, ipuin rural bat. Amadorrek alde negutiar eta barnerakoi bat baduen arren, oso pertsona aske eta ederra iruditzen zait. Ez dakit gutako zenbatek zainduko lukeen horrela 85 urteko ama.

Gutako bakoitzak piromano bat ezkutatzen duela ere iradoki dezake filmak…

Denok gara errudunak. Denok sinistu dugu hirien erlijioa. Denok lagundu dugu landa eremuaren desertifikazioan, larrialdi klimatikoan… Galizian landa eremu handia dugu eta ez diogu inolako etorkizunik eskaintzen, eta neu errudun sentitzen naizenez gero, ez zait askorik interesatzen Amador erruduna den edo ez. 

Istorio humanista bat da perspektiba horretatik, pertsonaia epaitzetik harago doana. 

Baietz uste dut, beren akats, isilune, lehortasun eta guzti nik asko maite ditut, hunkitu egiten naute. Emakume amona hori nire familiako emakume mota da; eta mendi inguruneko gizonezko heldu bakartiekiko kariñoa sentitzen dut, sentsibilitate handia baitute, baina ez baitute erremintarik mundu honetan bizitzeko. Mundu honek ez baitie onartzen hauskortasunik.

Ez da loriatzen landa mundua, baina ez da deabrutzen ere. Errespetua eta kariñoa atzeman daitezke.

Beldur handia ematen zidan begirada urbanita gailentzeak. Izan liteke nire gurasoak Lugoko ingurune horretakoak direlako, niregan ere mendigune hori bizi da, denbora asko eraman dudalako han, nire aiton-amonen eredua oso presente dudalako… Baina, esango nuke, idealizatu egiten dudala. Zinemagileak idealizatu beharra dauka. Ez badugu idealizatzen gaizki egiten ari gara gure lana. Ebokazioa eragin behar dugu. Landa eremua idealizatzen dut alde horretatik, baina erakusten ditut haren gordintasunak ere… Eta, zoritxarrez, jada ez dago hainbesterainoko distantziarik landa eremuaren eta hiriaren artean. Landa eremuaren alde ona, naturaren alde ona da, indartsua denean, esaterako ardatz kantabrikoan bezala, dena bere lekuan jartzen duela denborarekin, eta txiki sentiarazten zaitu, eta txiki sentitze hori oso da gauza sanoa, hirietan nekez bizi daitekeena. Nire pertsonaiak ere txiki sentitzen dira, baina ondo doakie horrela, ez dute angustiarik. Naturak lasaitzen zaitu zenbaitetan, eta aztoratu ere bai bestetan.

Begirada urbanita eragozteko zein tresna baliatu dituzu?

Ezagutzen dut ogia nola mozten duten ingurune horretan, badakit behiekin hitz egiten… Galizian hirietan odola bilatzen dute, errudunak nahi dituzte, suteen egileak zein diren jakin nahi izaten dute; neroni ere etsita sentitzen naiz suteak gertatzen direnean, neroni ere errudun bilatzaile bilakatzen naiz. Eukaliptoen kontuarekin ere antzera gertatzen da, eukaliptoak landatzen dituen nekazaria begi-miran jartzen da, epaitu egiten da… Nik, adibidez, ez nuke eukaliptorik landatuko, baina ez nago nekazari horien lekuan, eta nire posiziotik irits ninteke ulertzera nekazariak ez diola beste etorkizunik ikusten bere lurren emariari. Ez dut epaitu nahi; epaituz gero, hortxe nagusitzen da gure begirada urbanita, nik uste.

Landa mundua usaindu egiten da filmean, ukitu egiten da, oso barrenean sentitzen da. Hori da interesatzen zaizun zinema mota?

Gauzetatik oso gertu egotea interesatzen zait; gauzak usain daitezela, sentsazio oso epidermikoa gerta dadila. Oso sentsoriala. Iparraldean asko gustatzen zaigu bustitzea. Beraz, asko gustatzen zait zinema fisiko hori, ukigarria dena, baina era berean saiatzen naiz ikusleari bidaia bat proposatzen ere, zerbait iradokitzen… Ebokazioa, ezinegon arraro bat, tentsioa, talka… bilatzen ditut. Badago zerbait magikoa naturan eta hura ebokatzen saiatzen naiz. Beraz, ukigarriaz gain, suaz gain, hark gogora dakarrena iradokitzea ere bada zinema.

"Elikaduraren inguruan kontzientzia hartu den bezala, zinemarekin eta artearekin ere kontzientzia bio-ago bat gara dadin esperantza badut"

Antzinako ipuin baten moldea ere badu lanak. Erreferentzietako bat da ipuin zaharrena? 

Bai, badago zerbait telurikoa, zerbait erdi-mitologikoa, eta are, baita zerbait kristikoa. Hor dago pertsonaia martir moduko bat, komunitatea garbitzen duena, martirraren rola onartzen duena… Gehien eragin didatenak nire familiako errelatoak dira, kontakizunak, ahozko ipuinak… Nik gogoan iltzatuta dauzkat aiton-amonek kontatzen zizkidaten galiziar etorkinen tragediak, eta kontakizun horiek egiten zituztela onarpen handiarekin. Duintasun eta zintzotasun handiarekin egiten zuten. Niretzat eredugarriak izan dira, batez ere hirietako infantilismoan txertatuta bizi zarenean, histeria kolektibo izugarri honetan. Gurasoak eta ni Paristik gentozen bueltan Galiziako haran horretara eta ingurune horretan egin nintzen zinemagile. Ia errepiderik ez da leku horretara iristeko; bertoko balio asko galtzen ari dira, eta nire zinema bilaketa etengabe bat da, leku horrekiko dudan onarpen ezinbestekoa lantzeko. Bertoko jendeak bizitzarekiko duen onarpen ezinbesteko hori atzemateko. Libreak izatea da bizitzaren onarpen ezinbesteko hori. Olatuaren kontra ez, baizik eta olatuarekin joatea nolabait surflariak bezala.

Galiziar kontakizunez eta ahozko munduaz gain, zein erreferentzia zinematografiko izan dituzu?

Bi zinemagile ditut benetako maisu handi modura: Andrei Tarkovski eta Robert Bresson. Tarkovski izan da giltza gehien eman dizkidana sakratua denaren eta artistikoa denaren arteko harremanak lantzeko. Saiatzen naiz nire zinemak zerbait sakratu edo liturgikoa izan dezan. Film hau egiteko helburu nagusia nire ahaide zaharrak omentzea zen. Zure familiako belaunaldi hainbat eta hainbatek lan egin duen lekuan filmatzen duzunean ondorioak dauzka, ondorio positiboak, nik uste. Nahi edo ez eragiten du, ez nuke jakingo esaten zertan zehazki.

 

 

 

Argazkia: Dani Blanco.

 

 

 

Bada irudi bat filmean indar handikoa, ama adinekoa zuhaitz baten azpian babesten denekoa. Zinemaren metafora izan liteke. Zinema ere babeslekua da?

Bai, galizieraz badago aditz bat espresuki esan nahi duena zuhaitz baten azpian euritik babestea: tiñarse. Metaforak ez zaizkit askorik gustatzen, baina zinema tenplu txiki bat da, bai. Amona zuhaitzaren azpian babesten da; hor badago lehen aipatzen genuen bizitzaren eta naturaren onarpena, badago askatasuna ere. Zinema eta artea badira gizartearen ezkutuko motorra. Gaur egun, zoritxarrez, izan dezakegun izpiritualtasun urria, artearen bidez izan genezake. Sasi-izpiritualtasun bat da, baina gure bizitzak zeharkatzen dituen desertua baino zerbait gehiago bada. Zinema eta filmak sakon aztertzen baditugu, haietako batzuk distrakzioara bideratuta daude, eta beste batzuk suntsiketara. Distrakzioa edo suntsiketa…

Ez dago espaziorik eraikuntzarako, sorkuntzarako?

Jendea, ikus-entzulea, kontsumitzaile huts bezala hartzen da gehienetan, eta urte luzez opil azukretu industriala eman izan zaio batez ere, adiktiboz, kimikaz eta kontserbagarriz jositako produktuak baino ez. Azukrea eta pozoia erruz. Eta saiatzen zarenean zopa txiki goxo bat ematen –zuek porrusalda duzue ezta?– saldatxo bat ematen diezunean, zaporerik ere ez diote hartzen, eta ondorioz zaila da zinema eraikitzaile horretarako espaziorik lortzea. Telebistek, erakundeek ez dute zopa-zinema hori babesten. Baina egon badago zirrikiturik zinema horretarako, eta egiten dira halako zopa filmak ere, eta badago aho-sabaia garbi mantendu duen ikuslerik ere, nahiz eta azukrez guritu dituzten. Badago zinema bio-ago baten desira eta nahia ere. Elikaduraren inguruan kontzientzia hartu den bezala, zinemarekin eta artearekin ere kontzientzia bio-ago bat gara dadin esperantza badut.

Zopa zinema hori eginda, Cannesen saritua izatera iritsi zara zu.

Bai, ni eta neure zinema hain zuzen ere, zinemaren zentroan gaude, saritu egiten gaituzte jaialdietan, aitortuak gaude, ez gaude bazterrean. Bazterretan beste batzuk daude. Izugarria da ia edozein lekutan esatea filmeko emakume adinekoa ezaguna zaiela, euren amona gogorarazten diela, edo protagonista euren osaba bezalakoa dela, eta hori esan didate Errusian… Hori izugarria da. Ikuslea gonbidatzea halako oihartzunak izatera, halako bidaia batera, ezinbestekoa iruditzen zait zinemagile modura. Nik horrelako zinema bat egin nahi dut.

Goi-asmoko zinema da hori.

Tira, ez dakit, baina ni neure pertsonaiak bezala oso txikia sentitzen naiz. Nire filmak inork ikusi nahi ez baditu, onartu egingo dut, pertsonaiek euren paisaia hori onartzen duten bezala, onarpen aske batekin. Baina, gauza bat argi daukat, film esentzialak egingo ditut.

Eta galizieraz?

Bai, jakina. Horrek zabalpena mugatuko didala? Tira, akaso, baina nork behar dituen filmak egin behar ditu, eta topatuko du bere publikoa. Estatistikei eta marketinari erreparatuz gero, ziur aski ez nuke filmik egingo galizieraz, baina horretan ia batere pentsatu gabe egin dut filma, eta begira, Cannesera eta Donostiara eta abarretara iritsi gara. Bikoizketaren ohiturarik ez dugu, zinema areto oso gutxitan ematen dituzte filmak jatorrizkoan eta pena handia da hainbeste hizkuntza ederren sonoritatea galtzea!

Kontraste deigarria da belaunaldi postmodernokoa izanik landa eremuan paratzea zure begirada, zure barne bulkada.

Bai, baina leku hori bizi dut, eta leku hori erabat bizi da nigan. Hain zuzen ere, une honetan proiektu bat lantzen ari naiz Europako Batasunaren eta Lugoko probintziaren laguntzarekin: landa-etxe pedagogiko bat da eta hainbat kultur ekimen sortu eta antolatu behar ditut bertan, nire aitona-amonen etxea izandako horretan. Baserria zaharberritu behar dugu aurrena, eta gero kultur ekimenak antolatu. Filmean azaltzen da unetxo batean etxe hori. Horregatik O que arde har liteke proiektu handiago baten zati txikiago bat bezala. Haran hori berpiztu eta zaindu nahi dugu, ez da proiektu makala! Ser errekak bustitzen duen harana da. Akaso proiektu honekin erruduntasun sentsazioa pixka bat apaldu ahal izango dut. Benedictak babes hartzen duen gaztainondoaren ingurune hori da biziberritu nahi duguna.

 

 

 

Argazkia: Dani Blanco.

 

 

 

Justu filma azaldu da Brasilgo Amazoniaren parte handi bat, eta munduko beste gune asko, erretzen ari zirela…

Beno, Galizian beti egon dira suteak, baita Euskal Herrian ere, baina ez gara hain mediatikoak (barrez). Larria da suteena… Mundua gaizki joatea, Bolsonaroak eta Trumpak azaltzea ia-ia normaltasunaren baitan ikusten dut, agintarien artean batere begirada garbirik ez izatea eta abar… Baina natura gaizki doanean, zerbaitek larridura handia sortzen digu: gertatzen da suteekin, gertatzen da izurriteekin… Su hauek okerrera egingo dute, ez da zalantzarik. Seigarren belaunaldiko suteak direla esaten dute. Geldiezinak dira…

Baina bereziki larritzen duena da badela susmoa halako suteetako zenbait interes ekonomikoa dutenek, enpresa eta jende boteretsuek sortu izana eta ez piromano bakartiek…

Bai, denetarik da. Dudarik gabe suaren industria horren atzean dago askotan. Landa gunean ia mundu guztia da su-piztailea, azkenean tresna bat baita sua, besteak beste larreak garbitu eta berpizteko. Geroz eta jende gutxiago bizi da landa gunean, geroz eta lehorte handiagoak dira, eta horrek guztiak suteak errazten ditu, eta suaren industriak baliatu egiten du. Galizian 70 milioi euro xahutzen dira suteak itzaltzen. Helikopteroak, jantzi bereziak, erregaiak, tresnak… Eta, aldiz, prebentziora zenbat bideratzen den? Bada, deus ez. Paperaren industria, lurren birkalifikatzea, mendeku politikoa… Piromania berez suteen %3aren atzean dago. Horregatik, niri ez zait justua iruditzen landa eremua bera errudun jotzea, deabrutzea. Hori guztia modernitatearen atrofien ondorio da. Horregatik ez zait justua iruditzen Amador kulpabilizatzea, erruaren zama guztia bere gain eramatea.

"Inoiz ez da egon Galizian hainbeste ahots bildu dituen une eta arte mugimendurik, eta nazioartean ere oihartzuntxoa izaten ari gara"

Galizierazko zinemak erakundeen babes eta laguntza handiagoa behar du edo konplexuak alde batera uztea?

Galizian nik uste dut Euskal Herrian eta Katalunian baino konplexu eta barne lotsa gehiago izan dela, historiako une gehiagotan menderatu baikaituzte Gaztelako jauntxo eta boteredunek. Horregatik, batez ere landa gunean hitz egin da galiziera. Konplexuak alboratzeko lana handiagoa izango da Galizian, baina uste dut pixkanaka lortzen ari garela. Eta uste dut zineman ari garela bereziki. Novo Cinema Galego deitzen diote mugimenduari eta hor bagabiltza batzuk, eta erreferentzien paradigma aldaketa bat ere badago. Lehen gehiago begiratzen genion Madrilen egiten zen zinemari, eta orain akaso gehiago begiratzen diogu Portugalgo zinemari eta nazioartean dauden abangoardiei.

Nork osatzen du Novo Cinema Galego delakoa?

Tira, ez da elkarte edo klub bat, ez zaio eskatzen inori bazkide txartela, baina paradigma aldaketa bat izan da, gure aurrekoekin alderatuz, ez diogu erreparatzen Madrilen egiten den zinemari. Hor gaude Berto Gracia, Lois Patiño, Diana Saucedo, Eloy Enciso, Eloy Dominguez, Saxo Baño, Xurxo Chirro, Andres Goteira… Duela 10-15 urte panorama askoz ere okerragoa zen; Madrilen egiten zen zinema egiten zen, eta Madrilen egiten zen AEBetan egiten zenaren kopia… Gu ari gara barrura begira, ez horrenbeste kanpora. Hala ere, nazioarteko abangoardia garaikideak jarraitzen ditugu, ezagutzen dugu zer egiten ari diren kanpoan ere. Kanpoan ikasi dugu eta itzuli egin gara, eta landa gunera hurbildu gara, era berean. Naturara. Eszeptikoagoak gara modernitatearekin, hiriaren eta garapenaren mitoarekin. Inoiz ez da egon Galizian hainbeste ahots bildu dituen une eta arte mugimendurik, eta nazioartean ere oihartzuntxoa izaten ari gara. Nos belaunaldia izan zen literaturan, baina orain zerbait ederra eraikitzen ari gara zineman.

Zer sentitu zenuen galizieraz egindako film batek oihartzuna eta laudorioak jasotzean nazioartean, Cannesen adibidez?

Gauza ederra izan zen. Uste dut galiziarrok badugula gauzak bere neurrian hartzeko joera-edo; periferian egoteak eraginda. Badakigu ez nabarmentzen, badakigu hiltzen, nolabait. Urguilua, harrotasuna, ez da niri gehiegi gustatzen zaidan balio bat, baina polita izan zen Canneskoa, kontuan izanik galiziera hizkuntza gutxiagotu bat dela. Uste dut Galizian eragingo duela zirrararen bat, berregituraketa psikologiko-sozialen bat. Filmatu dugun lekuko jendea zoriontsu dago filmarekin, Oso leku degradatua da, eta zoriontasun horrek asko betetzen nau.

Nola sentitzen da zu bezalako zinemagile bat. zinema konprometitu bat, soilean konplexua, planteatzen duena, Zinemaldia bezalako ikuskizunaren gune batean?

Beno, denerako espazioa dago. Zaila izan da halako eskaparate batera iristea, ni egoskorra izan bainaiz nire zinemarekin. Ondo joan zait nazioartean, eta horrek eraman nau beste lekuetara, baita Donostiara ere. Ia gehiena distrakzioa da halako ekimenetan, baina nahiago dut egotea, mundu honetakoa izan behar da izan gabe ere. Ez da errealitatea baina egon badago, eta hortaz, onartzen dut, onarpen aske bat da hori ere (barreak).

Soslaia

Aire eta zapore berrituz datorren Novo Cinema Galegoko erreferentzietako bat da Oliver Laxe (Paris, 1982). Frantziatik Galiziarako bidea hartu zuen sei urte zituela, gurasoak bertakoak zituenez. Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean egin zituen zinema ikasketak. Cannesko zinema jaialdia izan du bidelagun eta babesle nagusia. Todos vós sodes capitans (2009) lehen film luzearekin (Magrebeko haur txiroentzako prestaturiko zinema tailer batetik sorturiko filma) Fipresci saria eskuratu zuen Cannesen, 2010ean. Han estreinatu zuen Mimosas bigarren lana ere, eta aurten jaialdi bereko Un Certain Regard saileko epaimahaiaren saria jaso du O que arde filmarekin. Mundua “zatika erortzen” ari dela dio, eta geratzen den aukera bakarra mundu hori berriro “liluraz eraikitzea” dela uste du. “Sinesten dut zinemak baduela hori egin ahal izateko dimentsio popularra, bestelako arte zenbaitek ez duena; arte askoren elitismoa oso da autista, beren baitara bildua. Zinemak goi kultura eta kultura herrikoia nahasten ditu, eta hori oso da potentea”. Ez hori bakarrik, Galizia, galiziera, bertako paiasia, jendea eta kultura bihurtu dira bere sorkuntzaren ardatz nagusi.



Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


2024-03-03 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Komunak

Otsaila da iaz ekoiztutako pelikula uzten sari banaketaren hilabetea. Zinemara joateko aitzakiarekin, arkitektura eta hiria oinarri dituen Wim Wenders-en Perfect Days ekarri nahi dut hizketaldira.

Pelikularen sinopsi zabalduan irakurri daiteke komun publikoetan garatzen dela... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


2024-02-19 | Euskal Irratiak
Graxi Irigarai: «Merkatua oztopo bat da Euskal Zinema Iparraldean hedatzeko»

Hizkuntza gutxituak eta eta Frantziako zine-sistema hartu ditu ikergai Graxi Irigarai baigorriarrak bere tesian. Abenduan aurkeztu zuen bere ikerketa, eta ordutik hamaika mintzaldi eskaini ditu. Oro har, Euskal Zinemak Ipar Euskal Herrian dituen zailtasun eta oztopoak eman ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude