Pfizer txertoaren ostean, bigarrena Moderna ala Oxford/Zenecarena izango da Europar Batasunean?

  • Londresko Gobernuak baimena emanik Oxfordeko Unibertsitateak eta AstraZeneca konpainia anglosuediarrak elkarlanean garatutako txertoa jartzeko, jada COVID-19aren kontrako txertaketa kanpaina betean sartuak dira Erresuma Batuan, aldi berean Pfizer/BioNTechena ere erabiltzen ari direlarik. Europar Batasunean oraingoz ez dute erabiliko bertan baimenik eskatu ere egin ez dutelako. EBean bigarren txerto izateko lehian hobeto kokatua dirudi Moderna konpainiarenak eta urtarrilaren 6an jakinaraziko du Europako Medizinen Agentziak argi berdea piztu dion honen txertoari.


2020ko abenduaren 31n - 07:05
Txertoa ezartzen egunotan Alemaniako zahar-egoitza batean. (Argazkia: Die Welt)

Britainia Handian COVID-19 pandemiaren bigarren erasoaren kontrola galtzeko zorian –eta Brexita egia bihurtzeko bezperetan– Boris Johnsonen gobernuak ekin dio Oxfordeko Unibertsitateak eta AstraZeneca multinazionalak garatutako txertoa ezartzeari. Aurretik britainiarrak erabiltzen ari baldin baziren –Europar Batasuneko gainerako herrialdeak bezala– Pfizer/BioNTechena, europarrei aurrea hartu diete beren bigarren txerto aukera baimentzerakoan. 

Gobernu britainiarrak 100 milioi dosi ditu kontratatuta multinazionalarekin, eta datozen egunetan lehen lau milioiak jasotzea espero du. Aipagarria da AstraZenekaren txertoak ez duela behar Pfizerrenak bezain logistika konplikaturik kontserbatzeko eta banatzeko. Azken hau, -70ºC-tako tenperaturan kontserbatu behar da, ultraizoztua, eta ohiko errefrigerazio batean eraginkortasuna soilik hiru egun pasatxoz mantentzen du. Aldiz, AstraZenecarena bi eta zortzi gradu arteko tenperaturan gorde daiteke, horrek azpiegitura eta kosteetan dauzkan abantailekin.

Oxford/AstraZenecarena, ordea, ezingo da banatu Europar Batasunean. Hala adierazi du Sendagaien Europako Agentziaren zuzendari exekutibo Noel Wathionek: "Oraindik ez digute baimen eskaerarik aurkeztu. Ezta baldintzapeko marketin-lizentzia bermatzeko adina ere. Txertoaren kalitateari buruzko datu gehiago behar ditugu. Eta, horren ondoren, enpresak eskaera formal bat aurkeztu behar du". Beraz, ziurtzat jo daiteke otsaila baino lehen ez dela txerto hori egongo EBko herritarren eskueran.

Aldiz, Europar Batasuneko bigarren txerto bihurtzeko aukerak dauzka Moderna konpainiarenak. Jadanik AEBetan baimendu eta kopuru handietan erabiltzen ari diren honen dossierrari erantzuna urtarrilaren 6an eman behar dio Sendagaien Europako Agentziak eta gehienek segurtzat jotzen dute argi berdea piztuko diola.

Europako Batzordeak informatu duenez, baimenetan atzera dabilen AstraZenecarena da Europak kopuru handienean erosi duena: 400 milioi dosi dauzka kontratatuta, 200 milioi herritar immunizatzeko adina (osoki eraginkorra izateko bi dosi behar ditu bakoitzak). Pfizer/BioNTechi 300 milioi dosi erosi dizkio eta Modernari 160 milioi.

Txertoen arteko ezberdintasunen artean –daukaten osagai biologikoetan eta eskatzen dituzten logistikazko azpiegituretan dauzkaten aldeez gain– prezioetan ere oso ezberdinak dira. Jada Euskal Herrian ezartzen ari diren Pfizer/BioNTechena 19,5 dolar kostatzen da dosia (beti ere denboran tartekatutako bi injekzioak kontutan hartuta, beste txertoetan bezala), Modernarena 32 euro eta AstraZenekarena 3-4 euro. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude