Belgikan gobernuak milioika larrialdi-maskara harrika bota zituen 2019an

  • Belgikan, Europako beste herrialde askotan bezala, tartean Euskal Herrian, babes maskarak ezin eskuratuan desesperatzen dira koronabirusaren kontrako lanean ari diren profesional eta boluntarioak. Aurreikuspen faltagatik? Belgikan ikusi denez, politika neoliberalek muturreraino eraman dituzte osasungintzan ezarritako murrizketak eta orain dagokigu ondorioak pagatzea: Belgikak maskara stock handia zeukan, milioika batzuetakoa, baina 2019an suntsitzea erabaki zuen gobernuak horien ordez berririk erosi eta metatu barik.


2020ko martxoaren 26an - 14:00
Babes maskarak zamatzen Liejako portuan. (Argazkia: Belga)

Belgikako Irrati Telebista publikoak plazaratu duenez, gaur Belgikan Covid-19ari aurre egiteko inondik eskuratu ezin dituzten maskarak bezalakoetatik, efikazia handikoak, milioika zeuzkan gobernuak eta 2019ko otsailean suntsitu egin zituen, Osasunerako Mundu Erakundeak ezarritako irizpideei amore eman gabe. Hamabi hilabete geroago, alferrik galdutako haien faltan, korrika eta presaka ibili da mundu osoan aztarrika Maggye De Block osasun ministro flamandarra, tartean hanka-sartze galantak eginez: Turkian erositako batzuk ez ziren Belgikaraino iritsi iruzur bat tarteko, Txinatik urgentziaz ekarritakoak kalitate txarrekoak atera zaizkie...

Belgikak 2019 hasieran suntsitzera eramandako milioika maskara haiek erreserba estrategiko bat osatzen zuten, FFP2 tipokoak ziren, isolatzeko gaitasun handiena daukatenak. Belgikako Irrati Telebista publikoak iturri fidagarritzat erabili duen Le Vif magazinean Nicolas De Decker kazetariak azaldu duenez, Belgikaren stock estrategiko horretan betidanik zeuden milioika batzuk maskara. 2006an Osasun ministro Rudy Demotte zenean, kirurgiarako 32 milioi maskara eta FFP2 bereziki isolatzaileetatik beste 6 milioi erosi zituen gobernuak. Eta biltegi hori 2009an eguneratu eta berritu zuten A/H1N1 hegazti gripearen mehatxua zabaldu zenean, 9 milioiko kostez. Gaur egun presaka eta muturka gastatu beharrak diren dirutzen aldean irrigarria dirudite orduko 9 milioi haiek baina...

Maskara mordo hura guztia suak suntsitu zuen 2019an. Edo 2017an... kazetariek –Belgikako Arriskuen Kudeaketa Batzordearen bilkura baten aktaren kopia erakutsiz– aipatu duten data eztabaidatzea baizik ez baitzaio iruditu Maggie De Block egungo Osasun ministro liberalari. "Metatutako stock hori iraungitze datara iritsia zen eta joan den urtean suntsitua izan da" irakur daiteke larrialdi batzordearen aktan, zalantzak uxatzeko moduan. Hala ere, dio ministroak: "Stock hori Defentsa ministerioak zeukan bilduta baina ez baldintza onetan. Maskarak erabil ezinak ziren eta 2017an izan ziren suntsituak". De Block ikasketaz familiako medikua da.

Maggie De Block mediku eta politikari flamandar liberala, Belgikako Osasun ministroa.

2017ko data hori egia balitz ere, kontua da geroztik hiru urte pasatu arren Belgikako Gobernuak ez zuela antolatu babes maskarazko biltegi berririk. "Eten gabe berrituz joango zen stock bat antolatu nahi genuen, eten gabe stockaren zati bat saldu eta biltegia berritzeko, gordetako tresneria iraungi ez zedin", desenkusatu da ministroa. Egia izan ala aitzakia, zezenak ez baina Txinatik etorritako Covid-19 dragoi txikiak harrapatu du Bruselasko gobernu neoliberala, Europako beste batzuk bezala. Horren aurretik agintariok ezarria baitzuten –oroitarazi du Nicolas De Deckerrek– arau zorrotza estatuaren aurrekontuetan: Osasungintzarako aurrekontua urtean ezin zen hazi %1,5 baino gehiago: "Hazkunde hori ez zen iristen osasungintzako profesionalek beharrezkotzat jotzen duten mailara eta, hori gutxi balitz, urtero ez ziren %1,5eko hazkunde horretara ere iritsi".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude