Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu zituzten Europako, eta kolonietako, gizon gazte haiek eliteen mesedetan hiltzera.
Gerra Handiaren jatorriari eta hasierari buruzko liburu bikainetako bat Cristopher Clark-en The Sleepwalkers (Sonanbuluak) da. Clarken aburuz, gerra ez zen saihestezina. Aurreko urteetako lehia inperialistak, armagintza lasterketak eta aliantza diplomatikoek dinamika korapilatsu batean kateatu zituzten Europako potentziak. Politikari eta militarrek erabaki klabeak itsu-itsuan hartu zituzten, ondorioak zeintzuk izan zitezkeen kontuan hartu gabe, lo-ibiltariak bailiran. 1914ko udaren hasieran kontinenteak bakean zirudien, baina oreka oso hauskorra zen eta aste gutxitan sarraski lazgarri batean murgildu zen. Gatazka hark arrasto sakona utzi zuen Ipar Euskal Herrian; 45.000 soldadu mobilizatu zituzten eta 6.000 euskal herritarrek bizia galdu zuten; Eneko Bidegainen arabera, orduko biztanleriaren %3-4.
Clarken aburuz, gerra ez zen saihestezina. Aurreko urteetako lehia inperialistak, armagintza lasterketak eta aliantza diplomatikoek dinamika korapilatsu batean kateatu zituzten Europako potentziak
Azken asteetan gerraren mehatxua berriz ere gure gainean dugula ematen du. Potentzien arteko lehia, diskurtso militaristak, gatazkak Ukrainan eta Palestinan, … Testuinguru horretan Ursula Von der Leyenek ohartarazi digu gerrarako arriskua benetakoa dela eta nahitaezkoa dela prestatzea. Europako Gobernuek esan dute prestatu beharra dagoela eta aurrekontu militarra handitu beharra dagoela. Politika horrek, ziur aski, Europako industria zaharkitua berriz ere martxan jartzeko beharrari erantzuten dio. Baina gauza jakina da armetan inbertitzen denean, lehenago edo beranduago, arma horiek erabili beharra dagoela.
Gure amak uste du egun jendea ez dutela hain erraz konbentzituko, Europako klase ertainak asko baitu galtzeko eta ez dela gerrara joateko prest agertuko. Ni ordea ez naiz fio. Ez al dira ari agintariak, sonanbuluak bezala, gerrako bidea irekitzen! Ez al gaituzte berriz ere konbentzituko propaganda nazionalista eta militaristaren bidez! Honezkero, behintzat, errusofobia muin-muinera sar dakigun lortu dute.