“Momenturen batean lortuko dugu antiespezismoa ofizialki hezkuntzako curriculumean txertatzea”

  • Animalia-etikaz mintzatuko dira EHUko ikastaroetako batean. Leire Morras Aranoak, ikastaroaren zuzendariak, hezkuntzan antiespezismoa lantzeko dauden hutsuneak eta aukerak nabarmendu ditu.

Leire Morras Aranoa

2025eko ekainaren 13an - 07:10
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Poliki-poliki bidea egiten ari da antiespezismoa akademian ere. Horren adibide da Animalia Etika gizartean: Ikasgeletan bidegurutze teorikoei eta aplikazio praktikoei buruz hausnartzen udako ikastaroa. Animalia Ikasketa Kritikoak taldeak eta EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) sortu du, eta ekainaren 30etik uztailaren 1era izanen da, Donostiako Miramar Jauregian. Ikastaroaren zuzendariak, Leire Morras Aranoak (Iruñea, 1995) nabarmendu du gogoetarako eta jakintza teoriko eta praktikoak eskuratzeko espazioa izango dela. Morrasek hezkuntzan dauden hutsuneak azaldu ditu. Halere, beste ertz askotatik landuko dute anitespezismoa; hala nola komunikabideak, literatura eta ikus-entzunezkoak aztertuko dituzte.

Zeren arabera desberdintzen dituzue animalia-etika eta antiespezismoa?

Animalia-etika gizakiz besteko animaliekin ditugun harremanak nolakoak diren aztertzen dituen filosofiaren adar bat da. Euren interesak, agentzia eta subjektibitatea kontuan hartuz, eurekiko zer-nolako jarrera moralak izan behar ditugun hausnartzen du. Antiespezismoa, berriz, espezismoaren aurka egiten duen mugimendu politikoa da. Antiespezismoaren erdigunean dagoen etika da ez antropozentrista, eta animalia-etikatik lantzen da.

Animalia Ikasketa Kritikoen EHUko I. kongresua antolatu zenuten 2024an, eta aurten udako ikastaroa. Zerk piztu du antiespezismoa akademiatik zabaltzeko beharra?

EHUn eta Euskal Herriko unibertsitateetan orokorrean edo akademia mailan, animalia-etika eta antiespezismoa zabaltzeko, interes horiek dituen jendea ezagutzeko eta sareak sortzeko sortu genuen taldea. Ordura arte oso isolatuta geunden, eta bakoitza bere kabuz lan egiten ari zen. Kongresuan animalia-etika lantzen zuten pare bat pertsona egon ziren, eta ikusi genuen jendea egon badagoela eta jarraitu behar dugula sustatzen. Horregatik, bi urtetik behin kongresu bat antolatzeko asmoa dugu. Aurten ez denez tokatzen, iruditu zitzaigun udako ikastaroak sare horiek lantzen jarraitzeko aukera ona zirela. Hasieran soilik euskaraz izatea nahi genuen, baina azkenean, ezinezkoa izan da.

Xede taldeetako bat irakasleak dira. Zein leku dauka antiespezismoak hezkuntzako curriculumean?

Iruditzen zait antiespezismoa ez dela alor hegemoniko bat eta ez dagoela hezkuntzako curriculumetan txertatuta. Behintzat, nik ezagutzen ditudanetan formalki ez. Egon daiteke irakasleren bat kasualitatez antiespezista dena, eta klaseetan horren inguruan hitz egiten duena. Hala ere, ez dago irakasgai bat propio sortua. Horregatik, ikastaroaren helburuetako bat da irakasleek oinarrizko ezagutza eskuratzea. Horretarako, Aula Animal taldekoek tailer bat eskainiko dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara bideratutako jarduerak egiten dituzte ikasleak eta nerabeak animalia-etikara hurbiltzeko. Aukera ona da irakasleei erakusteko zein materiak dauden eta zer egin daitekeen sisteman txertatzeko.

"Ariketak daude galdera hipotetikoen bidez hausnartzeko, begirada aldatzeko, enpatia lantzeko eta animalien lekuan jartzeko"

Zer-nolako euskarriak daude? Pentsatu duzue unitate didaktikorik egitea?

Euskaraz esango nuke ez dagoela ezer. Gaztelaniaz, Aula Animal taldearen La voz de los animales [Animalien ahotsa] dago. Olatz Aranceta Reboredok eta biok euskarara itzuli dugu, eta laster kaleratuko da. Oso baliabide ona iruditzen zaigu institutuetan lantzeko.

Nondik hasi daitezke irakasleak antiespezismoa lantzen?

Hizkuntzari erreparatzea abiapuntu bat izan daiteke. Animalien kontrako biolentzia ezkutatzen duten hitz asko daude, baina oso normalizatuta ditugu. Adibidez, ‘haragia’, hildako animalia baten gorputza da. ‘Zoo’ hitza dibertitzearekin lotu dezakete ume askok, baina atzean dagoen errealitatea oso latza da. Irakasleek kontuan hartu behar dute zein hitz erabiltzen dituzten eta nola irudikatzen dituzten animaliak. Beste helduleku bat lehen aipatu dudan liburua izan daiteke. Bertan, zenbait ariketa daude galdera hipotetikoen bidez hausnartzeko, begirada aldatzeko, enpatia lantzeko eta animalien lekuan jartzeko. Begirada ez antropozentrista batetik animaliei buruzko informazio orokorra landu daiteke ere. Haurrentzat lehoiak oihaneko erregeak dira eta beti ehizatzen daude. Horrelako gauzak aztertzen dituen jendeak salatzen du dokumentaletan beti modu bortitzean islatzen direla lehoiak, baina errealitatean ordu gehienak lasai edo jolasean ematen dituzte. Dibulgazio lana ere egin daiteke estereotipo horiek lantzeko.

Aipatu duzu irakaslearen esku egon ohi dela antiespezismoa lantzea; zer dago horren atzean?

Alde batetik, bazterreko diziplina bat izan denez beti, ez du lekurik izan curriculumean. Adibidez, genero ikasketen kasuan, nik literatura eta generoa ikasi dut, baina agian duela hamarkada batzuk pentsaezina zen. Uste dut antiespezismoak eta animalia-etikak oraindik ez dutela onespen handirik. Bestetik, horrek esan nahi du gizartea sakonki espezista dela. Dena den, baikorra naiz! Momenturen batean lortuko dugu antiespezismoa ofizialki hezkuntzako curriculumean txertatzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antiespezismoa
Eguneraketa berriak daude