Ertzaintzak, Etxebizitzak eta EHUk izango dute igoera handiena Jaurlaritzaren aurrekontuetan: “Herritarren kezkei erantzuten diete”

  • Noel D'Anjou sailburuak 2026ko aurrekontu proiektua aurkeztu du, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluan onartu ondoren. Inoizko aurrekontu handienak izango dira eta horretarako zorpetzea %81 handituko du Lakuak.

Maria Ubarretxena Gobernantza sailburua eta Noel D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseilu osteko prentsaurrekoan, aurrekontu proiektua aurkezten. Irekia

2025eko urriaren 29an - 09:48
Azken eguneraketa: 13:29
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak EAEko 2026rako aurrekontu proiektua onartu du eta astearte honetan eman ditu xehetasunak Ogasun eta Finantza sailburu Noel D'Anjouk. Aurreikusitako diru kopuruak nabarmen egingo du gora, 16.378 milioi eurokoa izango da, iaz baino %4,1 gehiago.

Igoera hori batez ere defizitaren bidez egingo du Jaurlaritzak: 2.324 milioi euroko zorpetzea aurreikusi du, %81 gehiago. Hortik, 935 milioi euro Industrian gastatzeko "salbuespenezko" zorra izango dira. Hain zuzen, AHT eta antzeko azpiegitura handietarako inbertsio nagusienak ere zorpetzean oinarrituko ditu Pradalesen gobernuak, horietara bideraturiko Madrilgo eta Europako funtsak gutxitu direlako.

"Herritarren kezka": segurtasuna, etxebizitza...

Atalez atal, igoera nabarmenena izango dutenak Segurtasuna (+%6,4), Etxebizitza eta Hiri Agenda (+%6,8) eta Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza (+%6,6) izango dira. D'Anjouk azaldu duenez, aurrekontuek gaur egun "herritarrek dituzten kezkei erantzuten" diete, eta hortik datoz igoera horiek. 

Segurtasunaren atalean, Ertzaintzaren ibilgailu parkea berritzeko, ziberzaintzarako, larrialdi egoeretarako neurketa meteorologikoak egiteko eta Ertzaintzaren komunikazio-sarea hobetzeko egingo dira inbertsio nagusienak.

Segurtasunaren atalean Ertzaintzaren ibilgailu parkea berritzeko, ziberzaintzarako, larrialdi egoeretarako neurketa meteorologikoak egiteko eta Ertzaintzaren komunikazio-sarea hobetzeko egingo dira inbertsio nagusienak 

Etxebizitzaren arlorako 482 milioi euro aurreikusi ditu gobernu autonomoak datorren urterako, hortik zati handiena gazteei bideraturiko bizitokientzako dotazioak izango dira. Nolanahi ere, etxebizitza politikarentzat aurreikusitako diru kopurua, sail horrek gaur egun duena baino 14 milioi euro txikiagoa da, Naiz.eus-ek nabarmendu duenez –%6,8ko igoera 2025eko aurrekontuekiko kalkulatu baita–.

EHUk 337,4 milioi euro jasoko ditu datorren urtean. Hain justu, Joxerramon Bengoetxeak gidatzen duen unibertsitateak alderdiekin egindako errondan adierazi du bere aurrekontu-beharrak 607 milioi eurokoak direla, oraingoaren bikoitza: "Bizirautea ezin da helburu izan", azaldu dute EHUtik.

Beste atalei dagokienez, Osasun eta Hezkuntza sailetara bideratuko da aurrekontuaren erdia inguru, eta horiek ere igoerak izango dituzte –%4,1eko eta %3koa, hurrenez hurren–. Kultura eta Hizkuntza Politikak %5eko igoera izango du. Aldiz, aurrekontua apalagoa izango dute Ongizate eta Gazteria sailak (-%4,5), Elikadura eta Landa Garapenak (-%2,6), Ogasunak (-%4,2) eta Turismo eta Merkataritza sailak (-%2).

EH Bildu: "Gure proposamenek ez dute erantzunik jaso"

Aurrekontu proiektuak, behin Gobernu Kontseiluaren baiezkoa jasota, tramite parlamentarioari ekingo dio eta ostegun honetan erregistratuko dute Eusko Legebiltzarrean. EAJren eta PSE-EEren Eusko Jaurlaritzak ez du beste talde politikoen botoen beharrik aurrekontuak aurrera ateratzeko; hala ere, D'Anjou prest agertu da oposizioko alderdiekin biltzeko.

Horren harira, Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak sare sozialen bidez Eusko Jaurlaritzari egotzi dio beraiek egindako proposamenei "ez erantzutea", nahiz eta aurrekontua onartu aurretik "alderdi politikoekin lantzeko konpromisoa hartu zuen". EH Bilduk, besteak beste, Etxebizitza Publikoa Sustatzeko Funtsa sortzea proposatu du. "Sinesgarritasuna eta zintzotasuna ezinbestekoak dira konfiantza politikoa eraikitzeko", esan du Otxandianok.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eusko Jaurlaritza
2025-10-29
Joxerramon Bengoetxea, EHU-ko errektorea
“Jaurlaritzaren aurrekontu hauek EHU paralisira daramate”

Eguneraketa berriak daude