"Apur bat primitibo jarri behar dugu: gorputzak eta buruak behar dutena elikatu"

  • Etxean geratu garenon eta lantokira joan behar dutenen egoera psikologo eta emozionalaz galdetu diogu Aldaketa Psikoguneko Maite Elizondo psikologoari, bakarrik bizi diren adinekoez, umoreaz eta seme-alabei kontatu beharrekoaz. Erritmoa jaisteko aholkatu digu: “Garuna zenbat eta oxigenatuagoa izan, orduan eta errazago gaindituko ditugu informazio latzenak”.


2020ko martxoaren 24an - 08:13

Itxialdian gaude eta ezinegon handia nabari da giroan, jasotzen ari garen informazio uholdea eta whatsapetatik-eta zabaltzen diren mezu ilunak tarteko. Nola egin aurre antsietate horri?

Intentsitatea gakoa da halakoetan: egun osoa baldin banago koronabirusaren inguruan informazioa jasotzen eta jasotzen dugun informazio hori ez baldin bada esateko zer egin dezakegun hau hobeto eramateko, baizik zein ezintasun eta estutasun bizi dugun, oso zaila da urduri edo itota ez sentitzea. Erabaki dezagun noiz informatuko garen eta zein informazio iturri erabiliko dugun. Whatsaparekin berdin.

Oso inportantea da informazio hori jaso aurretik eta ondoren zer egiten dugun. Bereziki aurretik, garuna zenbat eta oxigenatuagoa izan orduan eta errazago gaindituko ditugulako informazio latzenak. Egun osoa beldurrez ematen badut eta bat-batean albisteak entzuten baditut, baliabide psikologiko eta emozional gutxiago izango ditut irizpide propio batetik horri aurre egiteko. Aurreko ordu horietan garuna libre badut, koronabirusarekin zerikusia ez duten gauzetan, hobea izango da nire ondorengo erantzuna.  

Alde horretatik, gure buruarekin dugun barne-elkarrizketan inportantea da ikustea zein punturaino ari garen elikatzen beldurra edo ezintasuna sortzen duten pentsamendu obsesiboak, eta zein punturaino elikatzen ditugun lasaitzen lagunduko diguten pentsamenduak. Kontua ez da egoera arin hartzea eta “ez da ezer pasatzen” esatea, baizik pentsatzea: gaur zer egin dezaket? Egunez egun, gure burua zerbaitetan gai ikusteko, gure sormenetik eraikiz, ziurgabetasun handiko egoera honetan gure buruaren kontrola izan dezagun, bestela txotxongilo sentitu gaitezke. Eta hor errutina oso lagungarria da: pauta batzuk ezartzea gure buruari, higienearekin, elikadurarekin, ariketa fisikoarekin…

"Gure buruarekin dugun barne-elkarrizketan inportantea da ikustea zein punturaino ari garen elikatzen beldurra sortzen duten pentsamendu obsesiboak, eta zein punturaino lasaitzen diguten pentsamenduak"

Egoera ezezaguna izateak eta sortzen duen ziurgabetasunak ez baitu laguntzen.

Hala da, baina astebete pasa da dagoeneko eta norberak badaki aurreko astean egin dituen gauzetatik zerk ekarri dion onuraren bat eta zerk alderantzizkoa, beraz balia dezagun hori.

Gehienok oso azeleratuta hasi dugu itxialdia; jaitsi dezagun erritmoa. Honi guztiari oso plano kognitiboan ekin diogu, “zer egin, zer egin” pentsatuz, eta beharbada behar duguna da gutxiago egin. Azken finean, lau pareten artean gaude eta gorputza eta burua ere egokitu behar dira erritmo berri honetara.

Itxialditik harago, egunero lanera atera behar duten langile askoren egoera gogorra da, emozionalki gaindituta dago jende asko.

Bai, eta psikologikoki eragin bat edo bestea izateko, inportantea izan ohi da egiten ari garenari ondorio positiboak ikusten dizkiogun ala ez. Osasun arloan ari direnek, adibidez, estres eta frustrazio handia sentitzen ariko dira, baliabide urriekin ari direlako gainera, baina aldi berean ikusten ari dira egiten duten lanak balio izugarria duela eta prozesu honetan oinarria direla. Horrek, gutxienez, satisfakzio puntu bat ematen du, motibazio bat, nahiz eta kudeatu behar dituzten momentu asko emozionalki zailak izan.

Beste langile mota bat da ikusten duena momentu hauetan bere lana hain beharrezkoa ez den arren eta adituek etxean gelditzeko esan arren, behartu egiten dutela lanera joatera, eta alferrikako arrisku bat hartzen ari dela, kutsatu daitekeelako eta gero etxera bueltatu behar duelako bere seme-alaba, bikotekide edo dena delakoarengana. Hemen sortzen den talka emozionala, haserrea eta amorrua, handia da.

"Ziurgabetasun handiko egoera honetan gure buruaren kontrola izan dezagun, bestela txotxongilo sentitu gaitezke"

Umeentzat ere gogorra da itxialdia. Noraino eta nola azaldu behar zaie egoera berezi hau?

Galdetzen dutenari erantzun behar diogu, beraiek ulertu dezaketenaren neurrian, baina informazioz saturatu gabe eta helduok ditugun angustiak eta kezkak transmititu gabe. Zer esan garrantzitsua da, baina haurrek bereziki barneratzen dutena da nola esaten diegun: eduki bera urduri edo lasai esan, gauza bat edo alderantzizkoa transmitituko diegu. Eta berdin haiekin ez gaudenean: helduon artean hitz egiten duguna, telefonoz besteren batekin komentatzen duguna… ere barneratzen ari dira umeak, beraiekin zuzenean aritu ez arren; etxeko giroa berehala xurgatzen dute.

Beste hainbat jende bakarrik bizi da eta horietako asko adineko jendea da. Ez dute egoera erraza.

Gainera adinekoek dute arrisku gehien eta identifikatuta sentituko dira hedabideetan ikusi eta entzuten dituzten hainbat albiste latzekin. Askok ez du izango euren kezka eta beldurrak zeinekin partekatu, eta horregatik inguruko adinekoei arreta eskaintzeko ardura hartu behar dugu, bideo-deien bidez edo bestela.

"Helduon artean hitz egiten duguna, telefonoz komentatzen duguna… ere barneratzen ari dira umeak; etxeko giroa berehala xurgatzen dute"

Umoreak balio terapeutikoa omen du halakoetan.

Barre egiteak ondorio terapeutiko bikainak ditu, jakina da hori. Baina batzuei eta besteoi ez digute gauza berdinek barre eginarazten, ikusi behar dugu zerk funtzionatzen dion norberari barre egiteko. Esan nahi dut, agian pertsona bat oso une delikatuan dago eta txantxa jakin batek ez dio batere onik egiten; egoera hauek baliatu behar ditugu  bestea entzuteko, ondokoa nola dagoen eta zer behar duen jakiteko.

Gure burua eta ingurukoak zaintzeko unea dela entzuten ari gara. Zein da hori egiteko modu onena?

Ondokoa zaintzeko lehenengo gure burua zaindu behar dugu eta horretarako apur bat primitibo jarri behar dugu: oinarrizko beharrak bete behar ditugu, gorputzak eta buruak behar dutena elikatu, eta hortik aurrera segi eraikitzen, baina iruditzen zait alderantziz hasi garela, etxea teilatutik hasi dugula.

"Lanera behartuta doan eta alferrikako arriskua hartzen ari dela ikusten duenaren kasuan, sortzen den talka emozionala, haserrea eta amorrua, handia da"

Aurreikusi behar dugu hain egoera ezohikoak ondorio psikologiko eta emozionalak ekarriko dituela gerora?

Kasuistika oso zabala da eta ez da berdina izango itxialdia bizi-esperientzia bat bezala igarotzen duenaren kasua, ekonomikoki zulo handia jasango duenarena, hurbileko heriotzak egokituko zaizkionarena… Faktore horiek guztiek asko baldintzatuko dutela aitortuz, gero etorriko denari baliabide hobeekin egingo diogu aurre ibilbide hau eramateko modua bat ala bestea izan, ahulago edo indartsuago iritsiko garelako prozesu honen bukaerara. Hasieran nioen bezala, norbere buruaren kontrola izatea funtsezkoa da horretarako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude