‘Aiaraldeko emakume* erreferenteak’ lantzeko gida didaktikoa, sarean

  • 10 urtetik gorakoekin eskualdeko emakume erreferenteak landu eta ezagutarazteko dinamika jarri du abian Bor-bor Aiaraldeko Feminismo Elkarteak.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2024ko otsailaren 21ean - 05:01
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Aiaraldeko emakume* erreferenteak ugaritu, aniztu eta aitortzea. Hiru helburu horiek betetzeko prestatu du azken asteetan eskualdeko emakume* erreferenteen lanketa soziala eta akademikoa egiteko bitarteko sorta Bor-bor Aiaraldeko feminismo elkarteak. 

16 orriko gida didaktikoa zabaltzeaz gainera (ohar honekin batera deskargagarri duzue) 2023an ondutako ‘Aiaraldeko emakume* erreferenteen mapa’ jendarteratu du tokiko eragile euskaradun eta feministak. Ariketek Lehen Hezkuntzak 5-6 mailetatik aurrerako ikasleak dituzte oinarri, eta adin-etapa bakoitzerako dinamika ezberdinak zehaztu dituzte dosierrean.

Era horretan, LH, DBH, Batxilergo zein euskaltegietako irakasle zein ikasleentzako material hezitzaile, erakargarri eta interesgarria jarri du komunitatearen eskura Bor-borrek, euren ustetan.

Ez da, ordea, tokiko ezagutza feminista jorratzeko lehenbiziko ekimena izan. 2022an ekin zion Bor-bor elkarteak tokiko memoria historiko feminista lantzeari, Aiaraldeko Mugimendu Feministaren historia ikerketarekin batera unitate didaktikoa eta erakusketa ibiltaria plazaratuta; eta iaz heldu zioten ‘Aiaraldeko emakume* erreferenteen mapa’ dinamikari.

Hala, parte hartze prozesu digital eta sozial baten bidez bailarako 60 emakume* erreferenteren proposamenak jaso zituen elkarteak, eta taula formatuan bildu ordez mapa itxura eman zioten proiektuari. Aurten, koska bat harago joan eta heziguneetan landu ahal izateko ikas materiala sortu eta zabaldu dute.

Material didaktikoak hainbat eranskin eta formatu uztartzen ditu. Batetik, irakasleentzat bideo tutoriala osatu dute; bost minutuan geletan lantzeko ariketa guztiak azaltzeko.

Bestetik, karta formatua uztartuta, “Aiaraldeko emakume* erreferenteak” lana osatzen jarraitzeko deia zabaldu dute, proposamen berriak jaso eta datozen urteetan bitarteko berriak diseinatze aldera. Modu horretan, 60 pertsonako datu basea handitzea espero dute, baita lanketa eta aitortza soziala handitzea ere.

Egitasmoa Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntzari esker garatu da. Informazio gehiago eskuratzeko borborelkartea@gmail.com helbidearen bitartez jarri zaitezkete harremanetan.


Feminismoa kanalean gehiago
2026ko abuztuaren 4
Basauriko Hamaikak
Abortuaren jazarpena, epaitua

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...