Hedabide erdaldunen zakua, gero eta gizenago


2025eko abuztuaren 20an - 06:30
Azken eguneraketa: 09:56
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hedabideen artean erakunde publikoek urtero publizitatearen bidez banatzen duten diru-zakua milioika eurotan zenbatu daiteke. Baina sistema garden eta justu baten faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten dira banaketa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren publizitatearekin ere hala gertatzen da.

Aurreko urteetan bezala, Jaime Gómez-Obregon ekintzaileak Jaurlaritzaren memorien barrenak hustu ditu eta datuak agerian jarri ditu Gobiernovasco.marketing webgunean. Emaitza betikoa: Vocento, Noticias eta Prisa taldekoentzat da hedabide pribatuen artean banatutako diruaren %80 inguru. Eta zein da ondorioa? Betikoa ere bai: botere mediatikoak eskuindarra eta erdalduna izaten jarraitzeko publizitate publikoa tresna ezin hobea da.

EiTBko hedabide publikoak alde batera utzita, gaztelaniazko hedabideek diruaren gehiengo oso handi bat jasotzen dute, %93 ingurukoa, eta euskaldunek %7 inguru baino ez. Correo egunkaria da errege, 9.237.603 euro baitauzka jadanik zakuan pilatuta Gómez-Obregonek aztertu duen 2018-2024 urteen arteko epealdian, eta El Diario Vasco-k jarraitzen dio, 6.128.575 eurorekin. Kontuan izan behar da Vocentoko hedabideen kopuruak handiagoak direla beste enpresa batzuk dituztelako (adibidez autobusetako pantailen edukiak kudeatzen dituztenak), eta horien eskutik ere dirutza jasotzen dute.

Galdera ezinbestekoa da: bidezkoa ez den banaketa horrekin, hau da, diru gehien dutenen zakua gehiago gizenduta, zer ari da baldintzatzen Jaurlaritza hedabideen ekosisteman?

Aldiz, ARGIA ez da 145.000 euro jasotzera iritsi urte guzti horietan iragarkien bidez. Bere aurretik ditu Tele7, Expansión, Estrategia Empresarial, Cope edo Cadena 100, batzuk aipatzearren. Are gehiago, multinazionalen menpe dauden sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram…) askoz gehiago inbertitzen du Jaurlaritzak euskal kazetaritza independentean baino.

Euskarazko hedabideak zigortzen dituen banaketak agerian uzten du Jaurlaritzak gaztelaniazko hedabideen alde egiten duela apustu eta euskaldunak gaztelaniaz irakurtzera bultzatzen dituela. Galdera ezinbestekoa da: bidezkoa ez den banaketa horrekin, hau da, diru gehien dutenen zakua gehiago gizenduta, zer ari da baldintzatzen Jaurlaritza hedabideen ekosisteman? 

Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2025 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Eguneraketa berriak daude