Txantrea: konfliktiboa, eta zer!

Auzoaren 75. urteurreneko parodia. Foku

2025eko abuztuaren 19an - 07:03
Azken eguneraketa: 09:25
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da, ausartu zaitez aurreiritzien gainetik ezagutzera.

1) Lehen harria 

75 urte bete ditu aurten Txantreak. 1950eko martxoaren 19an jarri zuten lehen harria, orain Berrioplano kalea dagoen horretan. Francisco Franco Patronatuak etxebizitzak sustatzeko –eta operazioarekin poltsikoa betetzeko– Ezkabako harrobiko materiala eskaini eta herritarrek auzolanean eraiki zituzten etxeak. Handik bi urtera Francok berak inauguratu zuen auzunea. Urteurrena kari Felix plazan egindako parodian, txantrearrek Patxi berpiztu eta honek auzoa nola aldatu den ikusita “harridura” azaldu die bere “produktoreei”... Jendartetik ohiu batek eten du: “Langileei!”. Etorri bezala bota dute.

2) San Miguel kolonia

Txantrea fasez fase eraiki zen, baina aurrekari bat izan zuen, San Miguel kolonia, 1947an proiektaturiko urbanizazioa. Auzoa handitu ahala, batez ere Nafarroako beste herrietako langile ugari jarri ziren bizitzen, eta Nerea Pérez Ibarrola historialariak azaldu duen moduan, “klase komunitate” bat eratu zen bere baitan, lan kolektiboa oinarri zuena. Dena zegoen egiteko. Gezurra dirudi orain peatonalak diren San Miguel koloniako kaleetan auzotarrak golfera jokatzen zirenik, zuloz josita zeudela-eta irudimenez protesta egiteko. 

Txantreako hasierako koloniak, airetik hartutako argazki batean. Nafarroako Artxiboa

3) Azokaren defentsan

Jende xumea babak eltzetik ateratzen ohituta dago, eta Txantrean traste zaharrak salgai jartzea zen moduetako bat. Hala sortu zen 1977an auzoko bigarren eskuko azoka edo rastroa, Txantrea plaza inguruan. Ez zen edozelakoa: izaera herrikoia eta kulturala zuen, eta kontzertuak ere eskaintzen ziren. Txantreako igandetako azoka 1980ko hamarkadan 40.000 lagun biltzera iritsi zen; Auzotegi auzo elkarteko batzorde bat arduratzen zen dena antolatzeaz. Baina saltzaileen gaineko kontrol poliziala areagotu egin zen, eta 1991n UPN agintean jartzean azoka beste eremu batera eraman zuen, herritarrak ados egon ez arren.    

Bigarren eskuko azoka edo "rastroa" auzoaren bihotzean egiten zen. Iruñeko Udala

4) Ludoteka 

Osasun etxea, liburutegia, eguneko zentroa, zinema... Eta ludoteka bat ere sortu zuten txantrearrek, Zarata izenekoa. Beste inon oraindik halakorik existitzen ez zenean, haurrentzako jolas txoko elebiduna ireki azuten 1980ko hamarkadan hainbat gaztek. Txantrean asoziazionismoa erraietan daramate, eta sozializatzeko esparruak hasieratik bilatu zituzten, Felix taberna esaterako. Egun makina bat elkarte, proiektu eta gazte taldek ematen die bizia auzoari.

5) Auzo gatazkatsua

Auzo umiletan eraikinek eta espaloiek baino, horiek zapaltzen dituztenek garrantzia handiagoa dute. Ondare immaterialak. Eta Txantrean barrena joanez gero, ez dago musika-kaskoetan Barrio conflictivo (Auzo gatazkatsua) abestia jartzea bezalakorik ondare horretaz gozatzeko. Barricada taldeak 1982tik aurrera rock panorama astindu zuen, eta tartean euren auzoari eskainitako abesti hori egin zuten: “No! No nos vamos a dejar!” (Ez! Ez gara utziko!). 

Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2025 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Eguneraketa berriak daude