Emakumeak gizonenak ziren lekuak hartzen

  • Bizikleta hartu eta errepidera ateratzeko gogoa. Olatu gainean surf egiteak zein sentsazio eragiten duen probatzeko irrika. Mendirik mendi ibiltzearen plazera sentitzea. Mendian, hainbestean, baina emakumeak ez du erraza izan gizonenak izan diren kirol eremuetan sartzea. Bizikletako, mendiko eta surfeko esperientziak jaso ditugu erreportaje honetan. Emakumeak ahalduntzeko egitasmoen beharra azpimarratu dute. Helduenek taktika sinpleagoak irakatsi dizkigute: 
    ez egin kasurik gizonen (eta emakumeen) aurreiritzi eta esamesei.

Emakumea* surflari

2025eko abuztuaren 11n - 07:00
Azken eguneraketa: 13:45
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ainhoa Ostolazak (Urnieta, Gipuzkoa, 1973) badaki zer den kirol bat egin eta jendeak arraro begiratzea, baita gutxietsia sentitzea ere. 12-13 urte zituela, auzoko mutil batzuekin hasi zen bizikleta probatzen. Akordatzerako Espainiako selekzioan zegoen. Ingurukoek ontzat hartu zuten Ostolazaren ibilbidea, ikusita maila handiko ziklista bihurtu zela: 15 urterekin Moskura eraman zuten Munduko Txapelketa jokatzera eta brontzezko domina lortu zuen junior mailan. Eliteko kirolaria izanda ere, gutxiespen nabaria bizi izan zuen. Txapelketen adibidea kontatu du: gizonezkoek sukaldaria, mekanikaria eta masaje-emailea eramango zituzten, “eta selekzioko presidenteak andrea ere eramango zuen. Gu, berriz, mekanikaririk edo masajistarik gabe joaten ginen”. Hau ere esan du: “Gizonek txuleta jango zuten eta guk ogi birrinetan pasatako xerra edo ogitartekoa”. 1992an Bartzelonako Olinpiar Jokoetan gertatutakoa bereziki mingarria da: beka bidez hamar bat gizon eta bi emakume aritu ziren prestatzen Bartzelonarako. Jokoetarako hainbat hilabete falta zirela jakinarazi zieten bi emakumeei ez zituztela eramango Bartzelonara, (nahiz eta sailkatuta zeuden), “ikusi baitzuten lehenengo postuetan ez ginela egongo! Ekonomikoki zer kostako zitzaien bada gu hara eramatea?”. Erdi pipertuta dio hori, baina nabari zaio oso kontziente dela garai hartan emakumeek kirolean bizi zuten diskriminazioaz.

Ainhoa Ostolaza, txirrindularia: “Lasterketa zikloturistak gizonezkoei begira egindakoak dira, emakumeek parte hartzeko egokitu behar dira”

‘EMAKUMEAK ERREPIDERA’ EGITASMOA
Emakume txirrindulariak, gizonak bezala, errepidean ikusi nahi ditu, gutxietsiak izan gabe, bai elitekoak baita lehia helburu ez dutenak ere. Hala, poz-pozik aritu da 2023tik oraintsu arte Emakumeak errepidera proiektuan. Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu eta Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak gauzatu duen egitasmoa da, 2022an hasitakoa eta jarraipena izango duena. Ez da eliteko emakumeentzako programa. Helburua da emakumeen artean errepideko txirrindularitza bultzatzea, emakumeak ahalduntzea. Ostolazak asteburuetan irteerak antolatzen zituen eta ezaugarri askotako emakumeak gerturatzen ziren. Bi profil izan dira ohikoenak: bere kabuz edo taldean aurrez ere errepidera ateratzen ziren emakumeak, eta bizikletan hasiberriak. Ostolazak parte-hartzaileen ezaugarrien arabera diseinatzen zituen ibilbideak: esperientzia handiena zutenek 70-80 kilometro egiten zituzten eta hasiberriek 30-40 inguru. Batez beste dozena bat emakumek hartzen zuen parte. Asko azpimarratu du Ostolazak, bestelako helburuak dituztela emakumeek, gizonekin alderatuta, bai behintzat egitasmo horretara gerturatutakoek: “Ikusi dut adin bateko emakumeek [bere adin bueltakoak, mende erdiaren inguruan], gehienek behintzat, ez dutela lehiatzeko asmorik, 80 kilometrorekin asetzen dira. Bizikletan bakarrik ibiltzen dira agian, eta nahi dute jendea ezagutu, taldean atera, esperientziak partekatu... Askatasuna bilatzen dute, estresari aurre egitea... gozatzea”. Ohikoa da irteera horietan elkar ezagutu eta handik aurrera errepidera ateratzeko planak egitea elkarrekin. Errepidean gizonak, bakarka eta multzoan, ikustea oso ohikoa da, baina emakumeak, bai bakarrik bai taldean, ateratzea azken urteotako kontua da. Urte luzez emakume bakanak ibili dira gizonekin. 

 Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioa

Hasiberriek, berriz, kezkak eta beldurrak izaten dituzte. Ahalegin berezia egin du Ostolazak aldapan behera jaisten laguntzen, taldean joaten, frenatzen eta kanbiatzen irakasten... azken finean, bizikleta kontrolatzen irakasten: “Kirol oinetako arruntekin etorri denik ere izan da. Oso egoera desberdinetako emakumeak etorri dira eta ni egokitzen nintzen horretara”. Gizonak ere joan izan dira irteeretara, ez baitituzte izan ateak itxita, baina emakumeentzako egitasmoa izan da: “Gizonak, bestela ere, badabiltza errepidean”. Dena ez da izan bizikleta gainean ipintzea. Ostolazak oso gogoan ditu babes ondo gutxirekin ziklista izan zen garaiak; orduan emakume izatearekin lotutako gaiak ia ez ziren lantzen. Hala, irteera aurretik elikaduraz hitz egin dute, hilekoaz, nola eseri bizikletan kontuan hartuta emakume gorputzaren berezitasunak... Mekanika ere ikasi dute, ahalik eta autonomoen izateko.   

Ostolazari lasterketa zikloturistetako antolatzaileek behin baino gehiagotan esan diote gustura nahiko luketela irteera puntuan emakume gehiago egotea, baina ez dutela lortzen. Ostolazaren susmoa da lehentxeago esan duena: “Adin bateko emakumeek gozatzea nahi dute eta nahikoa dute 80 kilometrorekin. 120koa eta aldapaz jositako ibilbidea jartzen baduzu? Lasterketa zikloturistak emakumeek parte hartzeko egokitu behar dira eta emakumeen beharrak eta interesak kontuan hartu behar dira. Lasterketa horiek gizonezkoei begira egindakoak dira”. 

Ez dauka ahazteko Emakumeak plus egitasmoa. Donostiako Amara auzoko elkarte batekin elkarlanean egin zuen. Emakume gehienak jatorri atzerritarrekoak ziren eta ez zekiten bizikletan ibiltzen edo urte asko zeramatzaten halako baten gainean eseri gabe. Ostolazaren ustez, oso egitasmo aberasgarria izan zen, emakume horiek, bizikletan ikasita, lortu zutelako askatasun bat, autonomia, hirian batera eta bestera beren kabuz ibiltzeko aukera. Gustura errepikatuko lituzke horrelako ekimenak tokian tokiko emakume elkarteekin elkarlanean. 

EMAKUMEA* SURFLARI
Ia mende erdi jaio zen Zumaian. Surflariak, ia denak gizonezkoak, ikustera oso ohituta bazegoen ere, duela hiru urtera arte ez da ausartu ohola hartzera. “Ez dut inoiz surfa egin eta orain nola sartuko naiz ba?”, zioen bere artean Estik. Kirolaz eta naturaz gozatu nahi zuen, eta halako batean, surf ikastaro batean izena eman zuen. Ondo moldatu zen; baina benetan harrapatu zuen egitasmoa geroago ezagutu zuen. Emakumea* surflari proiektuaren webgunean sartu zen eta “lehenengo ikusi nuen argazkian emakume oso desberdinak agertzen ziren, kristoren irribarrearekin, eta erakargarria egin zitzaidan”. Ikastaroetara joaten hasi zen, eta gaur arte. Emakumea* surflari egitasmoa izen bereko elkarteak jarri zuen abian 2014an. Sortzaileek ikusten zuten emakumeek itsasora hurbildu nahi zutela, baina zailtasunak zituztela. Proiektuaren helburua da emakumeen ahalduntzea itsasora ere eramatea, emakumeak espazio horretan eroso sentitzea. Asmo gehiago ere baditu: gozatzea, jendea ezagutzea, bizipenak partekatzea, itsasora elkarrekin joateko lagunak egitea, surf eremuko joko arauak ezagutzea eta errespetatzen ikastea... Alegia, kirolaren teknika ikastetik askoz harago doa: “Gurea ere baden itsaso batean gozatu nahi dugu. Ikastaro mistoan aritu nintzen eta gustatu zitzaidan, baina ez nintzen guztiz eroso sentitu, zeren azkenean teknika pixka bat lantzen duzu, eta kito”. 
Emakumea* surflari-n ikastaroez gain, topaketak egiten dituzte, eta baita kanpaldiak ere udan eta udaberrian. Estik hiru aukerak probatu ditu eta horiei esker hainbat surflari ezagutu ahal izan du. Itsasoan sartzeko lagunak egin ditu. Bere ustez, hiru aukerak aproposak dira egitasmoaren filosofia eta balioak lurreratzeko. 

Elkarrizketa aurrera doan heinean, Estiri galdetu diogu ea benetan horrelako egitasmoen beharra dagoen emakumeak uretan lasai eta konfiantzaz sar daitezen. Erantzun digu baietz: “Emakumeok, orokorrean, joera hori daukagu, ez dugu gure sentitzen [itsasoa] eta taldearen indarra behar dugu gure sentitzeko”. Kirola egiteko inguru berezia da itsasoa eta azpimarratu du errespetuz jokatu behar dela, bai itsasoarekiko baita beste surflariekiko ere, “baina ohikoa da itsasoan gaudenean eta beste batzuk etortzen direnean hastea pentsatzen, ‘hauek badatoz, guk baino gehiago dakite, baztertu egingo gara’. Joera hori badaukagu”. Ziur dio horrelako taldeen beharra badagoela, eta berak egitasmo horretan parte hartu izan ez balu argi du ez zuela jarraituko surf egiten.

Esti, surflaria: “Gurea ere baden itsaso batean gozatu nahi dugu”

Zer gertatzen da, bada, itsasoan?
Estik uste du surflariek inbasiotzat hartzen dutela ondoko herrietakoak beraienera joatea, zumaiarrak hala sentitu du, behintzat. Itsasoan gero eta emakume gehiago dagoela azpimarratu du. “Inbasiotzat hartzeak esan nahi du ez daudela prest lekuak eta denborak besteekin konpartitzeko. Igual ez gara herri horretakoak, eta ez gara txikitatik surfeatzen ari, baina itsasoa eta surfa gustuko dugu, eta guk ere nahi dugu itsasoaz gozatu”. Gipuzkoako hondartza batean gertatutakoa kontatu digu: Bakarrik zebilen surflariek oso gogoko duten toki batean, olatu handiak hartzen, eta talde bat sartu zen uretan. Pentsatu omen zuen kontuz ibili beharko zuela, bera maila baxukoa eta besteak ‘pro’ zirelako. Larritzen hasi zen, bat aurrean gurutzatu zitzaion, ia eman zion, eta alde egin beharko zuela pentsatzen hasi zen. Taldeko batek esan zion han gaizki zegoela eta ur izkinan hobeto ibiliko zela. Zer egin zuen Estik? Alde egin: “Traba egiten ari nintzela sentitu nuen. Itsasoak zure lekuan jartzen zaitu zure trebeziaren arabera, baina espazio konpartitu batean norbait etortzen denean zuri esatera zein den zure lekua, ba horrek deseroso sentiarazten zaitu". Emakumeekin halakorik gertatu zaion galdetu diogu eta ezetz erantzun digu: “Begirada ere desberdina da. Nik uste dut goi mailako emakumeei gustatzen zaiela emakume hasiberriak ikustea. Gizonezko batzuek ere tratatu naute horrela, baina kontrara ere bai”.   
 
Arrakasta du Emakumea* surflari proiektuak. Hamar urtean 2.000 pertsonak hartu dute parte, hasi 16 urtekoetatik eta 65era artekoek. Surflari faltarik ez dute, baina irakasleak lortzeko zailtasunak bai. Monitore gizonezko ugari dagoela dio Estik, emakumeak ere gero eta gehiago, “baina ikuspuntu feministatik saioak eskaintzeko gai direnak oso gutxi”. Hamarkada bete duen egitasmoak hori du erronketako bat. 

 Emakumea* surflari
 Emakumea* surflari

LAU MENDIZALE AZPEITIARREKIN
Mahaiaren bueltan lau emakume azpeitiar: Maria Jesus Dorronsoro (71 urte), Karmen Uranga (70), Lurdes Maiz (66) eta Maria Jesus Larrañaga (51). Bakoitza leku desberdinetatik heldu da mendira. Larrañaga, lauretan gazteena, aspaldi ohitu zen mutil kuadrillarekin mendira joaten, lagun emakumezkoek kirolik ez baitzuten egiten. Urangak beti izan du familiakoekin eta lagunekin inguruko mendietan ibiltzeko joera, “tontorrera igo gabe ezin utzi”. Duela zortzi bat urte hasi zen Azpeitiko Lagun Onak mendi taldearen irteeratan parte hartzen. Ez da edozein talde Lagun Onak. 1946. urtean sortu zen eta gaur egun ere erreferentea da azpeitiarren artean. Ez da kasualitatea gure lau solaskideek harreman estua edukitzea herriko mendi taldearekin. Dorronsorok bazuen nahia mendian ibiltzen hasteko, baina kezka ere bai, Lagun Onak-en beretzako moduko irteerarik egingo ote zen. Semeak eman zion irteeren informazio zehatza eta duela sei bat urte hasi zen taldearekin ateratzen. Oso gustura dabil. Maiz, berriz, gazte-gaztetatik ibili da mendian; ezkondu aurretik lehenbizi, alabaren aitzakian gero, igande goizetan beste emakume batzuekin... eta gizonak emakumeen aldean asko ziren garaian ibilaldi neurtuetara joaten hasi zen, koinatarekin batera, anaiak hauspotuta. Jakina, Lagun Onak-en irteeratara ere joaten da.

Aukeratutako giroan, eroso
Laurek azpimarratu dute gaur egun mendian ibiltzen direnean ondo sentitzen direla, gizonekin partekatzen duten eremu horretan arazorik ez dutela izaten. Ondorioztatu dugu garrantzitsua dela ulertzea mendi talde batek helduentzat antolatzen dituen irteeren filosofia eta jarduteko moduak. Azpeitian, 80 mendizale inguru elkartzen dira aldiro, eta Larrañagak esan digunez, “mendian arau bat da ez dela inor bakarrik utzi behar”. Taldearen hasieran, erdian eta bukaeran zaintzaileak edo gidariak doaz. 25-30 kilometro inguruko ibilaldiak izaten dira eta adin guztietako jendeak ematen du izena. Ia denek elkar ezagutzen dute, lagun giroa dute, nolabait esan, aukeratutako jendearekin doaz; “hara doanak badaki nora doan eta ez bazaio gustatzen joateari utziko dio”, esan du Dorronsorok. Ibilaldiok ez dira lehiarako pentsatutako jarduerak eta mendizaleen arteko lagun giroa errazten dute. Mendi lasterketak jarri dituzte konparaziorako: “Agian hor bai, gizonek sentituko dute emakumeak baino hobeto egiteko nahia, eta lehia sortuko da”. Oso eroso sentitzen dira mendi irteeratan, baina horrek ez du esan nahi bestela mendian ibili direnean, hainbat alditan gizonen aldetik ez dutenik sentitu jarrera diskriminatzailerik, edo behintzat, mesfidantzarik. Bizipenak kontatzen hasi direnean, batzuen batzuk etorri zaizkie gogora. 

Maria Jesus Dorronsoro, mendizalea: “Gizon bati galdetu genion Zelatunera aldeko bideaz, eta hark Komizolatza aldera bidaltzen gintuen. Guk bide hura ez genuen nahi, ezagutzen genuen. Gizonak bestaldera bideratu nahi gintuen, aldapa gutxiago zegoelako”

Emakumeek Corte Inglesera joatea ez al dute nahiago?
Urangak segituan esan du berari ez zaiola halakorik gertatu, baina aditu izan duela emakumeak gizonari bidea galdetu eta okerrekotik bidaltzea. Dorronsorok beste hau kontatu digu: “Gizon bati galdetu genion Zelatunera aldeko bideaz, eta hark Komizolatza aldera bidaltzen gintuen. Guk bide hura ez genuen nahi, ezagutzen genuen. Gizonak bestaldera bideratu nahi gintuen, aldapa gutxiago zegoelako”. Errazago jartzen dira emakumeen gaitasunak zalantzan, gizonenak baino, nahiz eta intentziorik onenarekin eman aholkuak. Eta adibide horri tiraka, aho batez esan dute gazteek ezetz, baina gizon helduek horrelako galderak egiten dituztela: Hauek nola bidaliko ditugu ba hara? Zergatik nahi duzue hortik joan? Larrañagak 25 urte atzera egin du, eta Guadarrama inguruan (Espainiako Estatua) gizon batek emakumeak Corte Ingles merkataritza zentrora joatera gonbidatu zituenekoa ekarri du gogora: “30 bat izango ginen, gizonak eta emakumeak erdi eta erdi. Taldeko gizonei esan zien gizon batek ea emakumeok ez al genuen nahiago Corte Inglesera joatea”. Dorronsorok ez hainbeste urte gertatutakoa kontatu digu. Azpeitia-Arantzazu ibilbidea egiteko goizeko seiretan udaletxe azpira azaldu ziren: “Gizon batek egin zigun begiratu bat... ‘atso zahar hauek nora doaz?’. Sententziatuta gelditu ginen begiratuarekin. Guk ez diegu kasurik egiten horrelakoei. Ordutik askotan egon gara berarekin eta ondo, e”. Dirudienez, bada politikoki zuzena den jendea ere, alegia, esan izan diete “zuek segi horrelaxe!”, baina gero “hauek zertan ari dira"-ka esanez ibiltzen omen dira. Bueltan-bueltan, hasierako ideia agertu da, alegia, eta batez ere antolatutako irteerei dagokienez, azpimarratu dute bakoitzak badakiela nora joaten den, “eta uste badute gu makal batzuk garela, pentsatzen dut ez liratekeela taldean apuntatuko”, dio Dorronsorok. 

Berriz ere denboran atzera egin eta Larrañaga serio jarri da. Burgoseko (Espainiako Estatua) bizikleta irteera gogoratu du lehenik. Lau neska, gazteena 15 urtekoa, Maizen alaba. Gizon batzuek, taldea ikusita harrituta, animatu egiten omen zituzten, eta beste batzuek, aldiz, ezin sinetsita, laurak “bakarrik” zebiltzalako. Pirinioetako zeharkaldian gauza bera, “bakarrik” zebiltzala. Hala dio Larrañagak: “’Bakarrik’ da hitza, nora zoazte ‘bakarrik’?"

Erreportajean solaskide izan ditugun Lurdes Maiz, Karmen Uranga eta Maria Jesus Dorronsoro. Lagun Onak Mendi Bazkuna
 Lagun Onak Mendi Bazkuna
 Lagun Onak Mendi Bazkuna

 

Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2025 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gakoak 2025
2025-08-29 | Eider Iturriaga
Musika zuzenean Eider Iturriagaren begietan

Zuzeneko musika gustatuz gero, ziur azken hamarkadan Eider Iturriagak egindako argazkiren bat ikusi duzula. Bere bi grinak uztartu ditu bermeotarrak: musika eta argazkilaritza. Eszenatoki batean hain azkar pasatzen den une hori harrapatzeko abilezia du, ikuslearen begietan... [+]


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Jon Sarasua
“Ikusi behar dugu zenbateraino komeni zaigun sententzia judizialen akzio-erreakzio jokoan sartzea”

Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]


2025-08-20 | ARGIA
Jaurlaritzaren publizitate banaketa
Hedabide erdaldunen zakua, gero eta gizenago

Hedabideen artean erakunde publikoek urtero publizitatearen bidez banatzen duten diru-zakua milioika eurotan zenbatu daiteke. Baina sistema garden eta justu baten faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten dira banaketa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren... [+]


Auzo ibilbideak (III)
Txantrea: konfliktiboa, eta zer!

Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]


2025-08-18 | Leire Artola Arin
Salpress berri agentzia
El Salvadorko gerrillaren arma ezkutua

Kontatzen ez dena ez da existitzen. Oso barneratuta daukagu lelo hori, baita informazioa boterea dela eta eragiteko gaitasun handia duela ere. Are gehiago gerra edo gatazketan, batik bat oraindik tresna digitalak asko garatu gabe zeudenean, informazioa ez baitzegoen hain eskura... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


HAMABI URTEZ ETXEA EZKUTALEKU
“Zorte asko ukan dugu, eta bizitza interesgarria”

Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]


2025-08-12 | ARGIA
GOMENDIOAK | Hiru disko fresko, gozatzeko

Goizegi Hiltzeko 
Ødei
Autoekoizpena, 2025
53 min.

Ulertzen nauten herrian ez da musika hau entzuten. Rap musikak akaso urte okerragoak izan ditu Euskal Herrian, baina oraindik ez da beste batzuen altuerara heldua. Denentzat ditu koplak Odei Barroso... [+]


2025-08-11 | ARGIA
Editoriala
Hartu edo utzi

Okindegiko ilaran, bi emakume. Itxuraz erdi-ezagunak, hitz egiteko duten moduagatik. Pareko egunkaria hartzeko keinua egin du bietan zaharrena dirudienak, eta zera esan dio besteari: “Dauden albisteekin, agian gaur nahiago izango dut animalien dokumental bat ipini”... [+]


Oholtza denontzat?
Feminista izango da, edo ez da izango

Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak,... [+]


2025-08-08 | ARGIA
GOMENDIOAK | Sei liburu uda honetarako

Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde

Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]


Eguneraketa berriak daude