Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke gida-liburuetan agertzen ez diren toki horietara hurbiltzea, jende xumeek gastaturiko espaloiak zapaltzea. Bost hiriburutako bost auzotan barrena ibiltzeko proposamena duzu honakoa. Horkotarrei ez die inork ezer oparitu, periferiako ezlekuak zirenak, auzolanean, borrokaz eta duintasunez egin dituzte euren bizileku. Segidan duzue serie honetako lehena, Bilboko Errekalde auzoa.
Bilbok badu beste alde bat, Guggenheim, Zubizuri edo Isozakin barrena doazen turista oldeetatik aldentzen dena. Errekalde da toki horietako bat, langile auzo historikoz osatutako barrutia. Bere kale, aldapa eta eskaileratatik gora abiatzea, herritar xumeen duintasun borroka koskaz koska ezagutzeko aukera zoragarria da. Hemen bost geldiune.

1) Gordoniz kaleko garbilekua
Errekaldeberriren bihotzean, eraikitako-orubeek itotako Gordoniz eta Anboto kaleen bidegurutzean, kostako zaizu imajinatzea 1960ko hamarkada arte garbileku publiko bat martxan egon zenik. XIX. mende amaieran Bilboko Udalak debekatu egin zuen arropak itsasadarrean eta errekastoetan garbitzea, eta garbileku publikoak ugaritu ziren hirian barrena. Baina Errekaldeberrin ez. Azkenean, auzoko 6.000 biztanleen protesten ondorioz ireki zuten halako bat 1931. urtean. Hiruki formako eraikin horretatik, emakumeak terreinak karga-karga eginda abiatzen ziren euren adreiluzko eta latorrizko etxeetara.
2) "27" autobusa
Errekaldeko magaletan, Uretamendi eta Betolaza langile auzoak hedatu ziren frankismo betean. Euren kabuz altxa zituzten etxeak, eta beste zerbitzuak lortzeko ere gogor lan egin zuten. Asfaltatu gabeko kale maldatsu horietara ez zen garraio publikorik iristen, agintarien arabera ezin omen zelako. Baina 1978an, posible zela erakusteko, auzotarrek autobus bat “bahitu” eta Uretamendiraino igoarazi zuten: 27. lineako autobusa. Handik astebetera gauza bera egin zuten, baina Betolazaraino eraman zuten. Geroztik autobusa sigi-saga igo eta jaisten da errepidetik, guk orain egin dezakegun bezala. El 47 film ezagunaren historiak badu aurrekari bat Euskal Herrian.
3) Autopista... EZ!
Duela 50 urtetik Errekalde hormigoizko mamu batek erdibitzen du: saihesbidearen biaduktuak. Bilborentzako sarbide berria egiteko asmoa 1960ko hamarkadatik zetorren, eta bizilagunek oposizio irmoa erakutsi zuten, batez ere Errekaldeberriko Familia Elkartearen bidez. Biaduktua eraikitzeko etxebizitzak, elizak, saltokiak, ikastetxeak... eraitsi edo kaltetu zituzten. Autopista 1975ean inauguratu zuen Pilar Careaga Bilboko alkateak, eta egun hartan Errekaldeko haurrak ez ziren eskolara joan protesta moduan. Hortik gutxira Careagak dimisioa eman behar izan zuen herritarrek egindako presioaren ondorioz. Gaur, biaduktuaren azpitik pasatzea, itxi gabeko zauri bat gurutzatzea bezalakoa da. Bizkaiko Foru Aldundiak hitz eman du eraitsiko duela, baina errekaldetarrak oraindik zain daude.
4) Plaza duina
1983ko abuztuko uholdeek auzoa txikitu zuten. Errekaldeberritarrek abagune hori aprobetxatu zuten, elkartasunez auzoa berreraiki eta aspaldiko aldarrikapen bati bultzada emateko: plaza duin bat izatea. Hala, hasiera batean Gotzaindegiak eliza bat eraiki nahi zuen "zelaia", orain auzoko berdegune nagusi da, erdian Josu Muguruza GALek hildako errekaldetarraren omenezko eskultura ageri dela.
5) Kukutza
Adreiluz tapiatutako hormetan "salgai" afixak leitu daitezke garai batean Kukutza gaztetxea egon zen etxebizitza eraikin berriaren azpialdean. Bilboko zentro soziokultural autogestionatu garrantzitsuena izandakoa 2011n eraitsi zuten, poliziak indarkeria handiz desalojatu ondoren. Zea Maysek kantatu bezala, Errekalde auzotarrek "ezerezatik osotasunera" autoeratutako eremua dela erakusten duen enegarren sinboloa zen Kukutza.