GAL

"GAL auzian isiltasun ziniko bat da Frantziarena"

  • Hilotza armairuan gorde arren kiratsa zabaldu egiten da.

Dani Blanco

25 urte iragan dira GALen garaitik, eta apenas idatzi eta ikertu den Frantzian. Zergatik hain interes eskasa?

GALena da Aljeriako gerraz geroztik Frantziako Estatuan gertatu den atentatu olde odoltsuena, eta hala ere, Frantzian inor ez da hortaz mintzo, inori ez dio barne-arrastorik laga, erabateko ezjakintasuna da nagusi. Garaiko artxiboetan atentatu bakoitzak badu bere kronika, iluntzeko albistegi nagusiko parte zen, baina ohiko aferen gisan lantzen zen gaia, banden edo korsikarren arteko kontu zuritzeak balira legez. Inork ez zuen hemengo gatazka ulertzeko, atentatu sortari tratamendu jarraiki eta iraunkorra emateko, eta gibelean zegoena ikertzeko temarik izan. Atentatu bakoitza ohiko kasu isolatu bezala aurkeztea zen gakoa, olde sentsazioaren zabalpena ekiditea. Euskal gatazka ez mediatizatzeko borondate politiko irmoa zegoen Parisen, ez zuten Euskal Herriko gatazka Frantziako lurretara inportatu nahi, eta ederki baliatzen zuten kazetarien nahasmen eta ezjakintasuna tiroen oihartzuna itotzeko. Beste garai batzuk ziren, atentatu guneetara inongo ministro, legebiltzarkide edo auzapez mugitzen ez zen sasoia, eta kamerak politikariekin eskuz esku ibiltzen zirenez... Aferaren konplexutasunak eta borondate politikoak bat egin zuten, eta denak keari begira geratu ziren, sutara egurra nork botatzen zuen aztertu beharrean.  

Nahi dutenean estatuek fiteago erreakzionatzen dute erre usainaren aurrean.

Jendeak uste duenaren kontra, GALek arazoak sortzen zizkion Parisi, oinetakoan zeramaten hartxintxarra zen. Frantziari ez zitzaion gustatzen beste estatu batek bere zorrak kitatzeko Frantziako lurrak erabiltzea, eta tentsio hori sekula mediatizatu ez bada ere, GALen urteetan biziki arantzatsuak izan dira Paris eta Madrilen arteko harreman diplomatikoak. Frantziak etengabe hartzen zion kargu Espainiari, eta Espainiak inplikazio eta kooperazio antiterrorista sendoagoa eskatuz ematen zion arrapostu. Frantzia harrapatuta zegoen, ordea. Batetik, ez zuen Euskal Herriko gatazkaren parte sentitu nahi, eta bestetik ez zuen Europar Batasunaren ateetan zegoen Espainiako demokrazia gaztea salatu eta toki txarrean utzi nahi. Auzoko herrialdea beti da partaide ekonomiko eta politiko garrantzitsua gisako egituretan, eta estatuek inork baino hobeki dakite hobe dela lagunak zaintzea etsaiak sortzea baino.  

Estatu arrazoi horiek ez al dira aitzakia hutsa? GALen metodoek gutxi zuten demokratikotik.

Isiltasun ziniko bat da Frantziarena. Espainiar demokrazia jaioberriaren hondoratzea saihestearen izenean, Espainiari eskuak libre laga dizkio arlo diplomatikoan, guda-zelaian kontra egin arren. Paris saiatu da GALen aurka egiten, mertzenarioak atxilotu eta epaitu ditu, GALen atentatu zenbait eragotzi... Inork ez zuen hildakorik nahi frantses lurretan, inork ez zuen frantses nazionalitateko hilotzik nahi. Alta, Frantziaren ikerketak guda-zelaian hasi eta bukatzen ziren, hortik landa ez zuten deus jakin nahi, ez zuten hariei tiraka segi eta gorengo arduradunengana iritsi arteko mataza askatu nahi. Hiltzaileak, mertzenarioak, atxilotzen zituzten, baina bazekiten hariei tiraka jarraitzea Espainia ipurdi-bistan uztea zela. Ulertu behar dena da, GAL ez zela sortu Frantzia Espainiarekin kooperatzera behartzeko eta Euskal Herriko gatazka esportatzeko. Oso testuinguru berezian iritsi zen González agintera. Tejeroren estatu kolpea gertatu berria zen, komisariak zein kuartelak garai zaharren nostalgiaz amorratuta zeuden, eta ETAren biktima gehienak poliziak eta militarrak ziren. PSOEk ozen aldarrikatzen zuen benetako demokrazia nahi zuela, baina uniformedunek ez zuten ezer jakin nahi. Begia begi truk logikan zebiltzan, ez zuten demokraziak ETA garaitu zezakeenik sinesten, eta beste estatu kolpe baten mehatxua oso gertu zegoen. Ingurumaria horretan, GAL Espainiaren barne politikaren ikuspegitik hartutako neurri bat zen, ETAren aurka egiteko balio zuena, baina batez ere kuartel eta komisariak lasaitzeko bazka. Hori fite ulertu zuen Frantziak, eta erabaki bertutetsua izan ala ez, bazekien Espainia publikoki salatzeak plantan ezartzen ari zen demokrazia betiko kaltetu zezakeela.

Hariari azken muturreraino ez tiratzea ez al da kolaboratzea?

GALi buruzko lehen ikerketa zantzuak 1984ko ekainean agertzen dira. Mertzenario batzuk atxilotzen dituzte, eta horietako baten etxean euskal errefuxiatuei buruzko informazio eta dokumentuak atzematen. Horri esker lehen jazarpenak bideratzen dira, eta ustezko susmagarri frantses batzuei segika, Dantxarienean mertzenarioen eta agintarien arteko zita baten argazkiak lortzen dituzte. Oraindik ez dakite argazkitan agertzen den gizonetako bat Amedo dela, baina darabilena Bilboko komisariako poliziaren auto bat dela ohartzen dira. Hor hasten dira galderak eta errezeloak. Uda hartan bertan, Pierre Joxe, Frantziako Barne ministro izendatu berria, Madrilera doa, eta bere bizkartzainak Felipe Gonzálezen bizkartzainak “GAL, gu gara!” aitortu diola kontatzen dio. Joxeri ileak kizkurtzen zaizkio, eta lehendik adiskide duen Gonzálezi kontuak eskatzen dizkionean, honek dena ukatzen du. Berriz ere estatu arrazoiarekin egiten dute topo: eskandalura jo eta Espainiako demokrazia arriskuan jarri, edo pribatuan kargu hartu eta publikoki ezkontza perfektua antzezten segi.

1986an, alta, Parisek GALekin finitzeko zortzi egun eman zizkion Madrili, eta hortxe bukatu zen dena. Zergatik? Orduan ez zegoen estatu arrazoirik?

1986an, Charles Pasqua eskuindarra iristen da Barne ministeriora. GAL, islamistak, korsikarrak... Frantzian ez da egun bat pasatzen atentaturik gabe, eta hauteskunde kanpainaren gai izarra barne-segurtasuna da. Kargua hartzean, “terroristak terrorizatuko ditugu!” dio Pasquak. GALen aurka egitea berez ez zen lehentasun, baina terroristen zakuan sartzen zenez lehentasun bihurtu zen, eta Pasquak ez zeukanez inongo harreman pertsonal nahiz politikorik Espainiako agintariekin, berdin zitzaion eskandalu diplomatiko bat sortzea. Gainera, Espainiako testuingurua ez zen 1982koa, demokrazia sendotuago zegoen, kuartel eta komisariak sosegatuago, eta hori baliatuz, Pasquak elkarrizketa batean “onartezina da beste estatu batek bere kontuak gure lurretan zuritzea!” marmarkatzen du. Madrilek fite konprenitzen du gauzak aldatu direla, GAL arazo bilakatu daitekeela euren harreman diplomatikoetan, eta Parisen izandako bilera pribatu baten ostean, Madrilek txekeak komunetik behera bota eta GAL desegiten du. Trukean, Pasquak 39 errefuxiatu kanporatzen ditu, eta kooperazio eta inplikazio antiterrorista izugarri azkartzen. Hori ikusita pentsa liteke, espainolek nahi zutena lortu zutela, baina Mitterranden kabinete buru Gilles-Ménagek garbi dio GAL egon ez balitz bi estatuen arteko kooperazioa askoz lehenago indartuko zela.

Zein da polizia frantsesaren papera GALen?

Batetik, GALen mertzenarioak atxilotzeko misioa duten brigadak daude, eta bestetik oso fite ohartzen dira GALeko mertzenarioek polizia frantsesen konplizitatea zutela. Polizia frantsesaren baitan ardi galduak zeuden. Batzuek ideologikoki egiten zuten bat GALekin, tximetaraino baitzeuden geldi egoteko agindua zeukaten bitartean, hegoaldeko enpresariak zerga iraultzailea euren sudur-puntan kitatzen ikusteaz. Bestetzuk ustelak ziren, informazioa diru truke saltzen zutenak. Charles Saenzek, barnealdean ETAren aurkako borrokaren ardura zuen jendarmeak, argi kontatzen du berak idatzitako txostenetatik eratorritako notak kausitu izan dituela GALen mertzenarioen patriketan. Parisek agintzen edo baimentzen ote zuen gisako kolaboraziorik? Guk frogatu ahal izan dugun bakarra konplizitate indibiduala da. Hendaian, esaterako, polizia ustel bat baino gehiago zegoen aberasteko asmo bakarrarekin errefuxiatuen argazki eta informazioa erregularki saltzen zuena. Horregatik diot GAL konplexua dela, ez dela dena zuria edo dena beltza.   

Baina zer egiten zuen Frantziak ardi galdu horien aurka?

Frantziako justizia GALen amaieran hasten da benetan lanean. Normala denez aferak gorpuzteko denbora behar da, Amedoren izena ez da berehala azaleratzen, eta zinezko zantzu serioak 1986-1987an agertzen dira, GAL bukatu eta Pasquak “zuek GAL bukatzen baduzue gu moldatuko gara auziek ez dezaten inor gehiegi zipriztindu” ulertarazten duenean. Hala, Frantziak ez du ahalegin handirik egingo ardurak eta erruak egozteko. Pentsa, epaile talde zintzo batek bere lana biziki ongi egiten du, korapiloak askatzen ditu, baina aurrera jotzeko baimen eske joaten diren bakoitzean traba eta frenoa baizik ez dute topatzen. Riberolles eta Seyts jujeen lanari esker lehertu da eskandalua Espainian, eurek dute Amedo zepoan harrapatu, eta alta, orduko Frantziako justizia administrazioaren jarrera lotsagarria izan zela diote. Izugarrizko zailtasunak zituzten ikertzeko, ikerketan aurrera egin ahala baliabideak murrizten zizkieten, eta Charles Saenz polizia-buruak azaltzen duen gisan, behin edo beste hiltzailearen datu guztiak eta bere aurkako frogak agertzen zituen txostenak egin arren, ez zen deus mugitzen. Frantziak ez zuen arazorik nahi. Ez zituen arduradun espainolak eta polizia frantses salduak akusatuen aulkian eserarazi nahi. Dena egin zuten, ohiko aferen itxura mantentzeko: mertzenarioak atxilotu, epaitu, eta hortik landa, begiak itxi. Horregatik diot Frantzia eta Espainiaren artekoa ez dela konplizitatea, zinismo mota bat baizik.

Justiziak ikertu ez zuena ez al luke kazetaritzak ikertu behar?

Niri ikerketa gustatzen zait, ikusten ez dena agerian uztea, erakusleihoa ahantzi eta zakarretan arakatzea. Futbol partida bat komentatzen duenak ere kazetaritza egiten du, baina ez da ofizio bera. Nirea ikerketa da, eta zentzu horretan, GAL gai liluragarria da. Espainiako demokraziaren eskandalurik gorena da, Barne ministroa eta polizia-buruak epaitu eta kondenatu dituzte, eta atentatu guztiak Frantziako Estatuan gertatu arren Frantzian erabateko ezjakintasuna da nagusi. Madrilek GALen izan duen papera ezagutzen dugu, X jaunarena ez da misterio bat, polizia eta guardia zibilaren inplikazioa zalantza izpirik gabekoa da, baina Frantziaren rolaz inork ez dio ezer, inork ez daki deus. Hor eremu arrakalatu bat dago, eta arrakala da ikerketaren premisa. Zergatik uste duzu lortu dugula poliziaren atzaparretatik ihes egin zuen Francis mertzenario famatuarengana iristea? 25 urte pasa direlako, preskripzioak gainean daudelako, jende batek hitz egiteko beharra daukalako, eta kazetariekin poliziarekin baino errazago mintzatzen delako. Ez pentsa polizia ez zela behar beste saiatu, edo kazetariak polizia baino hobeak garenik. Ez, ziurtatu dezaket tipo abila bezain diskretua delako salbatu zela Francis, baina era berean, orain denbora alde jarri zaigu, eta kazetaritzak justizia egin ezin badu ere, egia jakinarazteko betebeharra du.

Aitzitik, egungo kazetaritza ez al dago egia kontatzearekin zerikusi gutxi duten betebeharretan itota?

Presio politikoak baino, presio komertzialak itota gabiltza. Hedabide batek publizitatea saldu behar du, eta ondorioz, askoz errentagarriagoa da bi orrialdeko ikerketa seikoa baino. Baina jakina, bi orrialdetan apenas sakonduko duzun ezer, eta soldata ere araberakoa da. Ikerketa hiltzen ari bada ekonomikoki errentagarria ez delako da, edo bestela esanda, medioek errentagarriagoak diren beste arlo batzuetan inbertitu nahi dutelako. Bestalde, denborarekiko harremana izugarri aldatu da, eta denboraren azkartze zoro honek informazioaren hierarkizazioa kondenatu du. Berehalakotasunak agintzen du, notizia batek ehizatzen du bestea, eta deus aztertzen eta sakontzen ez duen albiste lasterketa bilakatu da kazetaritza. Guk 18 hilabete pasa ditugu GALi buruzko ikerketarekin, baina 52 minutuko dokumentala entregatzeagatik kobratu dugu, ez 18 hilabeteko ikerketagatik. Bi astean Hendaiako kanpinari buruzko erreportajea landu bagenu, berdin-berdin kobratuko genukeen, eta hori bai dela benetako presio eta mehatxua ikerketa kazetaritzarentzat. Baina niretzat hortxe datza kazetaritzaren esentzia, ez auskalo noren auzia twitter-en kontatzean. Horrexegatik diot, ene ustez, egungo kazetaritzaren erronka nagusia gertaerak esplikatu, ikertu eta hausnartzen dituen kazetaritza tradizionalaren eta berehalako aktualitateari lotutako kazetaritzaren arteko oreka aurkitzea dela.

Nortasun agiria

Euskal Herrian bizi den freelance kazetari hau Maisons Lafitte-n sortu zen 1971ko azaroaren 14an. Historian eta kazetaritzan lizentziatua, prentsa idatzirako (Science et vie, L'Express, Le Parisien, Sud-Ouest...) zein telebistarako (Arte, Canal+) egiten du lan. No Low Cost eta Complocratie liburuak idatzi ditu, eta oraintsu emititu berri den GAL: des tueurs d’Etat dokumentalaren egilea da Xavier Muntzekin batera.

OFF THE RECORD Lo eta mehe

Oraindik inputatuta ez dagoen pare bat auzitan Amedo inputatzeko moduko frogak eta testigantzak, orain arte inork inoiz aurkitu ez duen Francis ezizeneko mertzenarioaren lekukotasun zitala, Felipe Gonzálezek GAL parlamentu aurrean asumitu zezakeela onartzen duen Rafael Veraren hausnarketa... Hori eta gehiago dakar GAL: des tueurs d’Etat dokumentalak. Alabaina, Parisen lehen bezalaxe egiten du euria, Madrilen inork ez du karkaxarik bota, eta Euskal Herrian... Horixe, egon hadi lo eta jango dunk mehe.


ASTEKARIA
2012ko ekainaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: GAL
Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu

Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.


Gobernura iristean tortura geldiarazteko agindu zuela dio Belloch ministro ohiak

1993an Barne Ministro ere izendatu zuten Juan Alberto Belloch ordura arteko Justizia Ministroa zena. Orduan Guardia Zibilaren buruzagia deitu zuela esaten du El Periódico de Aragón-en egindako elkarrizketan, eta agindu zuela “sarera ihes egitea” bukatu... [+]


2022-12-05 | Leire Artola Arin
Euskal herritarrak torturatzeko Espainiako Barne Ministerioaren baimena zuen Galindok, Belloch ministro ohiak aitortu duenez

Juan Alberto Belloch Espainiako Barne eta Justizia ministroa izan zen Felipe Gonzálezen agintaldiko azken urteetan. Elkarrizketa batean adierazi du Galindo "onena" zela "terrorismoaren aurkako borrokan", eta bere ideia izan zela Guardia Zibilaren... [+]


Barrionuevoren adierazpenen harira, "eragindako minak aitortzea" eskatu dio Espainiako Gobernuari Egiari Zor fundazioak

Prentsaurrekoa egin berri du Espainiako eta Frantziako Estatuen indarkeriaren biktimak biltzen dituen Egiari Zor fundazioak. GALek hildako Santi Brouarden alaba Edurne Brouardek eta Xabier Galdeanoren alaba Begoña Galdeanok egin dituzte adierazpenak. Espainiako Gobernuak... [+]


2022-11-07 | Leire Artola Arin
Erreakzio bilduma
Hautsak harrotu ditu Barrionuevoren aitortzak

Espainiako Gobernuak gerra zikina egin zuela aitortu du José Barrionuevok, Felipe Gonzálezen PSOEren gobernuan Barne ministro izan zenak (1982-1988), El País egunkariari emandako elkarrizketa batean. Zenbait agintarik eta elkartek larritzat jo dute... [+]


Eguneraketa berriak daude