Hautsak harrotu ditu Barrionuevoren aitortzak

  • Espainiako Gobernuak gerra zikina egin zuela aitortu du José Barrionuevok, Felipe Gonzálezen PSOEren gobernuan Barne ministro izan zenak (1982-1988), El País egunkariari emandako elkarrizketa batean. Zenbait agintarik eta elkartek larritzat jo dute Barrionuevok estatu terrorismoa normalizatzea, eta zigorgabetasuna salatu dute.


2022ko azaroaren 07an - 12:22
Azken eguneraketa: 14:57
Jose Barrionuevo Guadalajarako kartzelaren atarian, Felipe Gónzalez presidente ohiarekin, 1998an.

Maider Garcíak, GALek hildako Juan Carlos García Goenaren alabak, adierazi du unea dela Pedro Sánchez Espainiako presidenteak “behingoz barkamena eskatzeko eta aitortza egiteko”. Salatu du José Barrionuevo Barne ministro ohiak estatu terrorismoaren biktimak “umiliatu” dituela, El País egunkariari emandako elkarrizketan, eta PSOEren erantzukizuna azpimarratu du: “PSOEren siglak zikinduta daude”. Pili Zabala, GALek hildako Joxi Zabalaren alaba, “minduta” agertu da GALen biktimek duten “segurtasun juridiko faltagatik”.

Bide beretik hitz egin du Maria Jauregik, ETAk hil zuen Juan Maria Jauregiren alabak: “Tripak nahasi dizkit Barrionuevoren elkarrizketa irakurtzeak. Gerra zikinak ez du justifikaziorik. Ez dute ezer esatekorik Sánchezen gobernuak ezta PSOEk ere?”, zuzendu zaie Twitterren.

Hain zuzen, Iñaki Galdos EAko legebiltzarkide ohiak gogorarazi du aitortzak egin baino astebete lehenago Barrionuevo PSOE Espainiako Gobernura iritsi zeneko 40. urteurren ospakizunetan egon zela, alderdiko hainbat kiderekin batera.

PSOEren gobernutik adierazpenak egiten lehena izan da Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa. Barrionuevoren hitzak "oso larriak" direla nabarmendu du, eta gaitzetsi egin ditu "GALen ekintza terroristak", EITBk jakinarazi duenez.

PSE-EEko kide eta Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko diputatu Rafaela Romerok ohartarazi du Barrionuevok “biktimak umiliatu” dituela, “ongietorri batek ETAko biktimak umiliatzen dituen bezala”. Barne ministro ohiaren hitzak delitu gisa ikertzeko eskatu du, Radio Euskadin egindako adierazpenetan. “Ezin da indarkeriaren apologia egin komunikabide batean”, azpimarratu du, eta gaineratu du “erakutsitako harrokeria ikaragarria” iruditu zaiola. Ez du beharrezkotzat jo Sánchezek zerbait esan dezan, “gobernuko ordezkariren bat izan daiteke”.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak iritzi bera plazaratu du komunikatu batean, eta zera azpimarratu du: "GALen ekintza terroristek beti jasoko dute PSE-EEren gaitzespen irmoa". Aldi berean, kritikatu du eurei azalpen eske aritzea "oraindik ETA gaitzetsi ez dutenak".

Umiliazioa gaitzetsi

Beste hainbat erreakzioren artean, Eusko Jaurlaritzako ordezkari batzuek ere erantzun dute, nahiz eta Iñigo Urkullu lehendakariak oraindik ez duen hitz egin gaiaz. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaitzespena azaldu du: “Ezin dira kalifikatu José Barrionuevo sozialista ministro ohiak estatu terrorismoa justifikatzeko egindako adierazpenak, edo, hobeto esanda, egindako aitorpenak. Terrorismo guztiak gaitzesten ditugun sentsibilitate politiko guztien erantzuna jasotzea espero dut. Estatu terrrorismoaren biktimekiko enpatia eta elkartasun osoa”.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak Radio Euskadin azaldu du “bakarrik umiliazioa” sentitzen duela GALen biktimen azalean jarriz gero: “Barrionuevok esan dituen gauzak eta erabili duen tonua oso mingarriak dira biktimentzat”. Gaineratu du “ETAren indarkeria justifikatu izan duten herritarrak” gogora etorri zaizkiola ministro ohiaren adierazpenekin.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Espainiako Gobernuari zuzendu zaio: “Noizko estatuaren urriaren 18ko adierazpena?”. “Marey askatzea agindu bazuen, izan zen Larretxea ere bahitzen saiatzea agindu zuelako, eta gainerakoak hiltzea GALen izenean”, azpimarratu du Twitter bidez.

Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusi eta Eskubide Sozialen ministroak gaitzetsi du estatu terrorismoa “normaltzat jotzea”. Halaber, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari ohi eta Espainiako presidenteorde ohiak estatuak “terrorismoa” egin izana salatu du: “Barrionuevo hiru hilabetez soilik egon zen kartzelan. Felipe Gonzálezek aldarrikatu zuen eta Mariano Rajoyk Barrionuevo lagundu zuen. Justizia boterea dutenen nahikeria arrazionalizatua da? Argi eta garbi”, berretsi du.

Oroimenerako elkarteen salaketa

Egiari Zor Espainiako estatu terrorismoaren biktimen fundazioak Barrionuevoren hitzen zigorgabetasuna salatu du eta "Justizia desorekatuta" dagoela ohartarazi. Salatu dute gerra zikinaren egileek ez dutela kartzela zigorrik izan.

Fernando Buesa fundazioak onartezintzat jo du elkarrizketan esandakoa: "Iraingarria eta mingarria da elkarrizketa irakurtzea GALen biktimentzat eta jendartearentzat. Guztiz onartezina da gerra zikina defendatzea herrialde demokratiko batean. Akatsa izan zen, justifika ezina".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guda zikina
Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu

Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.


2023-09-26 | Axier Lopez
Xabier Kalparsororen hilketa argitzen laguntzeko egitasmo herritarra aurkeztu dute

Gaur 30 urte Espainiako Poliziaren eskuetan hil zen Xabier Kalparsoro Golmaio militante zumaiarra. Anuk.eus webgunea zabaltzearekin batera ekitaldia egingo dute gaur, irailak 26 . Ekimena bultzatu duen Hegiak elkarteak dioenez, urteak beste zalantza daude Anuken heriotza... [+]


Gobernura iristean tortura geldiarazteko agindu zuela dio Belloch ministro ohiak

1993an Barne Ministro ere izendatu zuten Juan Alberto Belloch ordura arteko Justizia Ministroa zena. Orduan Guardia Zibilaren buruzagia deitu zuela esaten du El Periódico de Aragón-en egindako elkarrizketan, eta agindu zuela “sarera ihes egitea” bukatu... [+]


Hondarribiko Asturiagako segadan eraildakoak omenduko dituzte larunbatean

Larunbatean 49 urte beteko dira Espainiako poliziak eta Guardia Zibilak Jose Luis Mondragon eta Roke Mendez Asturiaga hondartzan hil zituztenetik. Omenaldia egingo dute hondartzan.


Eguneraketa berriak daude