Estatu terrorismoa harro babestu du Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak

  • Espainiako Gobernuak Euskal Herrian burututako gerra zikinaren aitortza eta babesa egin du José Barrionuevo Barne ministro ohiak asteburuan, El Pais egunkariak argitaratu duen elkarrizketan. Bere parte hartze zuzena utzi du agerian. Barrionuevo 1982-1988 artean izan zen Barne Ministro, Felipe González buru zuen PSOEren gobernuan. PPek indultatu zuen auzitegiek Segundo Mareyren bahiketagatik zigortu ostean.


2022ko azaroaren 07an - 11:11
'El País' egunkariko elkarrizketaren pasarte batIrudia: youtube

Estatu terrorismoan izandako parte hartze pertsonalaz hainbat datu eman ditu Barrionuevok asteburuan. Adierazi du agindua eman zuela ETApm-ko kide José María Larretxea bahitzeko, “atxilotu eta Espainiara ekartzeko”, bera jotzen zutelako Alberto Martín Barrios kapitainaren bahiketaren operazio arduraduna: “Harrapatu zuten, baina tipo handia zen, erresistentzia jarri zuen eta ez zen maletategian sartzen. Borrokan ari zirela, Frantziako Polizia iritsi zen, eta bahiketa zapuztu zuen”. Bahiketa saiakera haren inguruko zehaztasunak eman zituen Larretxeak berak 1996an Egunkaria-ren elkarrizketa batean, Kuban deportatu zegoela.

Aldiz, Segundo Mareyren bahiketa ez zuela berak agindu ziurtatu du. Bahiketa Espainiako Poliziaren talde batek egin zuela azaldu du, ETAren buruzagi bat zelakoan, eta berak bahiketaren eta okerraren berri izan zuenean Marey askatzeko agindua eman zuela: "Bestela, alternatiba badakizu zein zen". Hain zuzen ere, Segundo Mareyren bahiketagatik zigortu zuen Barrionuevo Espainiako Auzitegi Nazionalak hamar urteko espetxe zigorrera, Rafael Verarekin batera.

Felipe González eta José Amedo

Bere zigorraz zera adierazi du Barne ministro ohiak: “Tiro hori ez zihoan nire aurka, baina balaren ibilbidean nengoen eta uko egin nion makurtzeari edo alde batera egiteari. Uste dut tiroaren ituan zegoena jakitun dela gauzak horrela izan zirela”. Felipe González presidente ohiak hainbatetan babestu ditu publikoki Vera eta Barrionuevo, eta Guadalajarako espetxean sartu ziren egunean ateraino lagundu zien. José Amedo Espainiako polizia ohia eta GALeko kide aitortua indultatzea proposatu zuela ere adierazi du Barrionuevok, baina gobernuak ez zuela onartu “González ausartu ez zelako”. Amedoren lana goraipatu du, bide batez: “Gauza asko egin zituen txarto, baina Herri Batasuneko exekutibako kide bat zuen konfidente gisa”.

Inpunitatea

Estatu terrorismoak izan zuen eta duen inpunitatea agerian uzten du elkarrizketak. Honakoa dio Larretxearen bahiketa saiakeraz Barrionuevok: “Nik hori nire gain hartu nuen, adierazi nuen nik agindu nuela, eta ez zen inongo ondoriorik egon, auzitegiek ez zuten deus egin...”. Mareyren bahiketaren harira, kazetariak galdetzen dio ea aske uzteko agindua emateaz harago ez ote zuen delituaren berri emateko beharra: “Nik ezin dut nire lubakitik tiro egiten ari direnen aurka egin, tiro okerren bat egiten badute ere”. PSOEren gobernu bateko ministro bezala hartu zuen parte Barrionuevok estatu terrorismoan, 1998an zigortu zuten epaitegiek hamar urteko espetxera, baina orduan agintean zen PPk indultatu eta hiru hilabete soilik bete zituen. Espetxera bueltatzeko arriskuan egon zen geroago Barrionuevo berriz ere, eta elkarrizketan adierazi du orduan Barne ministro zen Mariano Rajoyk berak deitu ziola telefonora: “Esan zidan, 'ezin dut onartu zu berriz espetxera joatea, konponduko dugu’. Eta horrela izan zen”.

Estatu terrorismoaren eraginkortasuna

Damurik batere ez du agertzen Barrionuevok elkarrizketan. Kontrara, egindakoaz harro mintzo da, irribarretsu ere hainbat pasarte lazgarriren berri ematean, eta estatu terrorismoak fruituak eman zituela azaldu du: besteak beste, Frantziako Estatua ETAren aurkako borrokan inplikatzea Ipar Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian egindako atentatuen harira Frantziako Gobernuko Barne ministro ohi Pierre Joxerekin izandako elkarrizketa bat azaldu du: “Pierre Joxek esan zidan, ‘Gauza hauek hobe da biontzat ez gertatzea, guk neurriak hartuko ditugu [ETAren aurka]’”. Zentzu horretan, Ipar Euskal Herrian estatu terrorismoak burututako atentatuak ontzat eman ditu: “Atentatuak Frantzian, ez denak egokiak, asko desegokiak, agerian utzi zuten [etakideak] Frantzian zeudela”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guda zikina
Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu

Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.


2023-09-26 | Axier Lopez
Xabier Kalparsororen hilketa argitzen laguntzeko egitasmo herritarra aurkeztu dute

Gaur 30 urte Espainiako Poliziaren eskuetan hil zen Xabier Kalparsoro Golmaio militante zumaiarra. Anuk.eus webgunea zabaltzearekin batera ekitaldia egingo dute gaur, irailak 26 . Ekimena bultzatu duen Hegiak elkarteak dioenez, urteak beste zalantza daude Anuken heriotza... [+]


Gobernura iristean tortura geldiarazteko agindu zuela dio Belloch ministro ohiak

1993an Barne Ministro ere izendatu zuten Juan Alberto Belloch ordura arteko Justizia Ministroa zena. Orduan Guardia Zibilaren buruzagia deitu zuela esaten du El Periódico de Aragón-en egindako elkarrizketan, eta agindu zuela “sarera ihes egitea” bukatu... [+]


Hondarribiko Asturiagako segadan eraildakoak omenduko dituzte larunbatean

Larunbatean 49 urte beteko dira Espainiako poliziak eta Guardia Zibilak Jose Luis Mondragon eta Roke Mendez Asturiaga hondartzan hil zituztenetik. Omenaldia egingo dute hondartzan.


Eguneraketa berriak daude