Gobernura iristean tortura geldiarazteko agindu zuela dio Belloch ministro ohiak

  • 1993an Barne Ministro ere izendatu zuten Juan Alberto Belloch ordura arteko Justizia Ministroa zena. Orduan Guardia Zibilaren buruzagia deitu zuela esaten du El Periódico de Aragón-en egindako elkarrizketan, eta agindu zuela “sarera ihes egitea” bukatu egingo zela aurrerantzean.


2023ko ekainaren 26an - 14:21
Azken eguneraketa: 18:16
Belloch, eskuinean, Felipe González Espainiako Gobernuko lehendakari ohiarekin. (Argazkia: Vanity Fair)

“Sarera ihes egitea” kontzeptu horrek ['escapadas a la red' erabiltzen du berak] zer esan nahi duen ere azaltzen da elkarrizketan: tratu txarrak eragitea atxilotutako militanteei, horrela haien buruzagitza harrapatu ahal izateko. “Deitu nuen Guardia Zibilaren komandoa eta esan nion nirekin bukatu zela sarea. Erantzun zidan horrek eragotziko liekeela ETAren aurka eraginkorrak izatea, eta nik erantzun nion orduan eta orain pentsatzen dudana: torturak ez duela ezertarako balio eta kalterako dela, eta berdin GAL, eta eskala moral berean”, zehazten du Bellochek. Esan gabe ere, argi uzten du bere aurrekoek tortura ahalbidetzen zutela; baina orduko salaketek eta testigantzek, eta egungo ikerketek, argi uzten dute bere garaian ere Espainiako segurtasun indarrek torturatzen jarraitu zutela.

Berak idatzitako memoria liburuan aletzen ditu aldez aurretik ere hedabideetan hainbatetan jorratutako gaiak, adibidez, GAL, tortura, Enrique Rodríguez Galindo jenerala edo Luis Roldán Guardia Zibileko zuzendari ohiaren atxiloketa. Elkarrizketan zehar argi ikusten da ez duela damurik egindakoaz eta, areago, hainbat jokaera errepikatuko lituzkeela, esate baterako Rodríguez Galindo jeneral izendatzea.

1995ean izendatu zuen jeneral Rodriguez Galindo, dagoeneko Lasa eta Zabalaren tortura eta hilketan zerikusia zuela zantzu handiak zirenean. 1996 maiatzean atxilotu eta kartzelatu zuten jenerala, eta 2000. urtean 75 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Bakarrik lau bete zituen.

Ea Galindo berriz jeneral izendatuko lukeen galdetuta, “bai, zalantza barik” ihardesten du tinko, “berak zituen emaitzarik onenak eta berak biltzen zuen informazio gehien”. Bellochek dio argi zuela bereizi behar zirela Galindoren merituak eta epaiketaren kontua, horregatik izendatu zuela jeneral: “Baina pasatu zen. Delituak egin zituen eta epaitua izan da”.

GALi dagokionez, zehazten du orduko gizartean jendea ez zegoela haien aurka, eta hori bazekiela, inkesta horiek Barne Ministeriotik bideratzen zirelako. “GAL baldarkeria itzela izan zen, eta ez bakarrik egindako akatsengatik, Espainiaren eta Frantziaren arteko konfiantza galera eragiten zuelako baizik”, eta bere ustez “Frantziak argi zuen” hori estatu terrorismoa zela. Bere aburuz, argi dago GALek “gobernuaren zarpazikin batzuen sostengua izan zezakeela”, baina hori ez zen terrorismo instituzionala, “bestela eraginkortasun handiagoarekin egingo zen”.

GALi buruzko X ospetsuaz ere mintzo da, baina Felipe González PSOEko buruzagi ohia talde horien buruzagitzatik aldentzeko. “Julian San Cristobal izan zen GALeko X?”. Erantzuna: “Ez dakit, segurtasunez dakidan bakarra da Felipe González ez zela izan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
2024-05-05 | Castillo Suárez
Eguna, ordua eta tokia

Tarteka bizitzak ekarrarazten dizkizu ahaztuta nahiko zenituzkeen oroitzapenak. Xafan-ekin geratu naiz gaur kafea hartzeko, Xabier Mendigurenen Oso latza izan da liburuari buruzko solasaldia dugulako gero, eta konturatu naiz inoiz ez diodala ezer galdetu aztnugal hitzarekin... [+]


Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Joxe Arregi oroitu dute heriotzaren 43. urteurrenean, Zizurkilen

Torturapean hil zuten zizurkildarra gogoratzeko ekitaldia egin dute igandean. Tortura aitortu eta erreparatzeko bitarteko gehiago eskatu dituzte.


Euskal Herriko torturatu guztiak saretzeko ekimena aurkeztu dute Torturaren Aurkako Egunean

Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak aurkezpen agerraldia egin du Bilbon. Torturatu guztiak batuko dituen sare bat osatzeko lan egingo dute, eta topaketa bat iragarri dute urtebete barrurako. Torturaren aitortzan torturatuak agente aktibo izate aldarrikatu... [+]


Eguneraketa berriak daude