Donostiako metroaren pasantea gelditzeko eskatuz 8.916 sinadura aurkeztu ditu Satorralaiak

  • Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimenduak Donostiako alkate Eneko Goiari zuzendutako idatzi bat aurkeztu du asteazken eguerdian udaletxean, 8.916 donostiarren sinadurekin batera. Bertan eskatu diote metroaren pasantea gelditzeko, Donostiak behar duen garraio-ereduaren inguruan prozesu partehartzaile bat irekitzeko, eta herri galdeketa bat egiteko. "Herritarren eskaerak aintzat hartu eta Udalari bere jokabidea alda dezala" eskatu diote.

8.916 sinadura eman dizkiote Goiari metro pasantearen aurka.

2017ko ekainaren 14an - 13:04

Alkateari zuzenduriko deian azpimarratu dutenez, "udaletxeak ezin du ezjakinarena egin Metroaren pasantearen aferak hiriko herritarren artean sortarazten duen ezinegonaren eta desadostasun sozial nabariaren aurrean, ezta Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki egindako inkestan azpiegitura honek jaso duen suspentsoaren aurrean ere".

Idatzian gogoratu diete 2016ko otsailaren 9an Eneko Goia alkatearekin bildu zirela, Metroaren pasantearen auzian herritarren partaidetzarako bideak ireki eta herri galdeketa bat egin zezaten Udalaren konpromisoa eskatzeko. "Udalak afera honetan inongo eskumenik ez duela erantzun zigun orduan Alkateak, nahiz eta herritarren partaidetzarako bideak irekitze aldera egin genion eskaera Eusko Jaurlaritzari helaraziko ziola hitzeman zigun. Alabaina, erakundeei egin dizkiegun eskaera guztiak paperontzira joan dira eta Jaurlaritzak proiektua era zeharo inposatzailean ezartzen jarraitzen du, herritarren partaidetzarako bideak irekitze aldera inongo konpromezurik ez delarik bete", diote.

Metroaren pasantea ezin dutela "indarrez inposatu" adierazi dute azpian osorik irakur daitekeen gutunean. Salatu dute "onartezina" dela "eraikuntza-lanak berriki nola esleitu dituen, proiektuak Kosten baimenik izan gabe eta Ingurumen-Inpaktuaren Adierazpenaren inguruan EAEko Auzitegi Nagusiak eman behar duen epaia itxaron gabe".

"Gaitzesgarria deritzogu Udalak eztabaida publikoari uko egitea eta proiektuak aurrera jarrai dezan erraztasun guztiak ematea, arrazoi faltsuak eta zuzentzen ez diren argudio okerrak erabiltzea bezalaxe", adierazi dute prentsaurrean.

Deialdiak Antiguan eta hitzaldia Bidebietan

Antiguako auzoan datozen egunetan bi ekimen antolatu ditu Satorralaiak Metroaren pasantearen kontrako mugimendua suspertu asmoz:

-Larunbata ekainak 17: Matia kalean kalejira aldarrikatzailea eta informazio banaketa egingo dute. Irteera: 12:00etan elizaren ondotik.

-Asteartea ekainak 20: Asanblada, 18:00etan Sert Plazan.l

-Asteazkena 21: Hitzaldi informatiboa Bidebietan, Satorralaia eta Dbus-eko “Kurpil” langileen elkartearen eskutik.

Segidan Eneko Goia alkateari eman dioten gutuna

Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimenduak idatzi hau aurkezten du, 8.916 donostiarren sinadurekin[1] batera, Metroaren pasantea gelditzea, Donostiak behar duen garraio-ereduaren inguruan prozesu partehartzaile bat irekitzea, eta herri galdeketa bat egitea eskatzen dutenak.

Ikerketa Informatiboaren arabera (“Estudio Informativo”), proiektu horrek Donostiari modu bereziki nabarmenenan eragiten diola bistakoa da, funtsezkoak diren arlo ezberdinetan: azpiegituraren inpaktu fisikoa dela eta ondasunen eta eskubideen gainean eragingo lituzkeen afekzioak, baita udal saneamendu-, drenaje-, ur-horniketa, argiztapen publiko, semaforizazio eta komunikazio sistemetan eragindakoak ere; halaber, azpiegituraren ibilbidearen gainean edo hurbiltasunean dauden hainbat etxebizitza eta eraikinetan eragindako inpaktua arduragarria da (aurreproiektuak 311 eraikineko zerrenda bat aurkezten du, trazatutik hurbil daudelako kalteak nozitu ditzaketenak), obra honek Kontxako hondartzako jabari publikoko itsas-lurren eremuan duen eragina ahaztu gabe. Bestalde, Metro-pasanteak Dbus-en hiriko garraio publikoaren sisteman eragingo lituzkeen ondorioak aipagarriak dira, baita Donostiako hirigintza-planifikazioaren arloan eragingo lituzkeenak ere.

Buru zaitugun udal erakundeak ezin du ezjakinarena egin Metroaren pasantearen aferak hiriko herritarren artean sortarazten duen ezinegonaren eta desadostasun sozial nabariaren aurrean. Besteak beste, proiektuari 400 alegazio baino gehiago aurkeztu izanak; helegiteak jartzeak; mobilizazioak, hitzaldi informatiboak eta kaleko ekintzak antolatzeak; gizarteko arlo ezberdinetan aritzen diren 70 pertsonalitate baino gehiagok izenpeturiko manifestua kaleratu izanak; Metro-pasantea gelditu eta Donostiak behar duen garraio ereduaren inguruan erabaki prozesu partehartzaile bat ireki dadin, baita egitasmo horren inguruan herritarrek duten iritzia ezagutzearren Donostian herri galdeketa bat egin dadin eskatzeko milaka sinadura bildu izanak; etxeetako balkoietan banderolak jartzeak; edota Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki egindako inkestan azpiegitura honek 4’8ko nota kaxkarrarekin jaso duen suspentsoak , eskaera hau egiteko zilegitasun osoa ematen digute.

2016ko otsailaren 9an, Eneko Goia alkatearekin bildu zen bizilagunen mugimendu honen ordezkaritza bat, Metroaren pasantearen auzian herritarren partaidetzarako bideak ireki zitezen eta herri galdeketen udal arautegiaz baliatuz herri galdeketa bat egin zedin Udaletxearen konpromezua eskatzeko. Udalak afera honetan inongo eskumenik ez duela erantzun zigun orduan Alkateak, nahiz eta herritarren partaidetzarako bideak irekitze aldera egin genion eskaera Jaurlaritzari helaraziko ziola hitzeman zigun. Alabaina, erakundeei egin dizkiegun eskaera guztiak paperontzira joan dira eta Jaurlaritzak proiektua era zeharo inposatzailean ezartzen jarraitzen du, herritarren partaidetzarako bideak irekitze aldera inongo konpromezurik ez delarik bete.

 Euskal Gobernuak ezin du Metroaren pasantea indarrez inposatu. Gainera, onartezina da eraikuntza-lanak berriki nola esleitu dituen, proiektuak Kosten baimenik izan gabe eta Ingurumen-Inpaktuaren Adierazpenaren inguruan EAEko Auzitegi Nagusiak eman behar duen epaia itxoin gabe --aipagarria baita horren eraginkortasuna zalantzan jartzen duen helegite judizial bat abian dela joan abenduaz geroztik.

Udalari dagokionean, gaitzesgarria deritzogu eztabaida publikoari uko egitea eta proiektuak aurrera jarrai dezan erraztasun guztiak ematea, arrazoi faltsuak eta zuzentzen ez diren argudio okerrak erabiltzea bezalaxe: hala Metroaren pasanteak Dbus-en eragingo lituzkeen ondorio galgarriak ezkutatzen dituenean, nola azpiegitura honen eraikuntza-lanek hirigunean izango luketen eragin handia isiltzen duenean, edota marketing kutsu nabariko adierazpenak egiten dituenean Metroak aldaketa klimatikoaren aurka izango lukeen ustezko ekarpenaren inguruan --jakin badakienean azpiegitura honek ez lukeela hirian autoz egiten diren joan-etorrien %1’5a baino bereganatuko, Jaurlaritzaren azkerketen arabera.  Azkenik, gezurra dela nabarmendu nahi dugu Amarako EuskoTrenen geltoki zentrala Topoaren frekuentziak handitzeko kendu behar denik: izan ere, Easoko geltokian egun dauden instalazioekin 7’5 minutuko tren-maiztasunak ahalbidetzen dira, hau da, Metro-pasantearen egitasmoan aurrikusitako frekuentzia bera; hortaz, aitzakia faltsu bat erabiltzen ari dela salatzen dugu Easoko geltokia eraisteko asmoz, zeinak hirirako sarbide bikaina eskaintzen duen: egiazki, Metro-pasantearen egitasmoaren errentagarritasun ekonomiko eta sozial zalantzagarria eta obra finantzatzeko dauden zailtasunak direla eta, Easoko geltokiaren eraispenarekin dirua lortzeko operazio urbanistiko espekulatzaile bat sustatu nahi dute (30 milioi euroko etekinez hitzegiten da). Altzako geltoki “mamuak” agerian utzi du, bestalde, azpiegitura honek ez dituela bere bultzatzaileen aurrikuspenak urrundik ere betetzen.

Berriro diogu –eta hau errepikatzen ez gara nekatuko--: Metroaren pasantearen proiektua gelditu eta Donostiari egokitzen zaion garraio-ereduaren inguruan eztabaida eta erabaki prozesu partehartzaile bat ireki behar da. Auzi honek herritarren parte-hartze bete eta zuzena sustatzea eskatzen du, proiektuak zuzenean eragindako jendea Donostiako bizilagunak bait gara. Jendartean eztabaidatu eta adostutako diagnostikorik gabe “soluzio” bakar bat inposatu beharrean, garraio publikoa hobetze aldera dauden proposamen eta estrategia alternatibo desberdinak ebaluatu behar dira –indarrean dagoen Donostiako 2008-2024 Mugikortasun Jasangarrirako Planak, kasu, ez du inondik inora Metroaren pasantea eraikitzea aurrikusten--, era honetan eztabaida gardena izan dadin eta erabakiak modu informatuan eta askean har daitezen. Eskaera honen betekizunak ez du borondate politikoa baino eskatzen.

Dei honen inguruko erantzuna jakinarazteko, Udalari honako helbidera jotzeko eskatzen diogu:

Donostian, 2017ko ekainaren 14an.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostiako metroa?
Metroaren lanen ondorioz, atzo Donostiako eraikin batetik erlaitz eta balkoi zatiak erori zirela salatu dute

Satorralaiak mugimenduak azaldu duenez, asteazken eguerdian gertatu da Urbieta eta San Martin kaleetan. Eraikina joan den urtarrilean kalteak jasan zituen beste eraikin baten alboan dago.


Donostiako metroaren lanek eraikin batean eragindako pitzadura salatu du Satorralaiak

Donostiako Zubieta kaleko eragin baten patioan agertutako arrakala "itzel" gisa deskribatu du mugimenduak. Lanak hasi zirenetik bost urte igaro direnean, Donostiako metroaren eraikuntzan egiten ari den "baliabide publikoen xahuketa etengabea" eta obra... [+]


Metroaren lanek beste pitzadura bat eragin dutela salatu du Satorralaiak

Satorralaia bizilagunen mugimenduak Donostiako Metroaren eraikuntza lanek Loiola kalearen eta San Martinen arteko izkinan dagoen eraikinean –Erviti musika denda zegoen tokian– eragindako kalteak salatu ditu.


2021-09-15 | ARGIA
Eusko Jaurlaritza Donostiako metroaren pasantearen lanek kaltetutako bizilagunak "isilarazten" ahalegintzen ari dela salatu du EH Bilduk

Donostiako metroaren lanetan kaltetutako Zarautz hiribideko eta Zubieta kaleko eraikinetako hainbat bizilaguni kalte-ordainak eskaini dizkiete gutun bidez. Donostiako EH Bilduk salatu du haiek "isilarazteko" saiakera dela.


2021-09-02 | ARGIA
Xabier Albistur, Donostiako alkate-ohia: “Metroa alferrikako obra da”

Donostiako alkate izandako Xabier Albisturrek metroaren egungo obren kontrako iritzia azaldu du Diario Vasco egunkariak egindako elkarrizketa batean. Bere ustez proiektua ez da nahikoa “anbiziotsua, obrak suposatzen duen inbertsiorako”.


Eguneraketa berriak daude