AHT Nafarroan: nori komeni zaio hitzarmen hau?

  • Nafarroako Prestazio Handiko Trenaren Korridorearen (AHT) bultzadaren antzerkiaren aurrean gaude, zaharkituta eta iraungita dagoen Abiadura Handiko Trenarena alegia, oraingo Nafarroako Gobernuak modu tematian berrizendatu nahi duenarena. Hizkuntzaren jokoaren ondorioak dira, gauzak bere izenarekin ez deitzeareana: Castor proiektua, Sanferminetako museoa, Los Arcoseko zirkuitoa, Navarra Arena, eta orain Prestazio Handiko Trena (AHT).


2017ko maiatzaren 30an - 13:09

UPN/PSNren proiektu zaharretik ez da koma bat ere aldatu, eta Ingurugiro Eragin Txostena 2004. urtekoa da (orain dela 13 urtekoa, ez da makala!). Zer aldatu da hamahiru urte hauetan?

Badirudi PP eta Geroa Bai Nafarroan garatu nahi duten trenbide ereduarekin orain ados daudela. Hura bultzatzeko lanak ere banatu dituztela dirudi: Geroa Bai Iruñerrian egiteaz arduratuko da, eta UPN/PP Castejonetik Campanaserako zatian, Tafallatik pasatuz.

Nola daiteke, tamaina horretako proiektu bat bultzatu baino lehen, errentagarritasun soziala edo ekonomikoa aztertzen duen ikerketa bakar bat ere ez egitea? Agian uste dute, azken finean dirua publikoa denez, ez dela beharrezkoa. Horretan ez da ezer aldatu hamahiru urte hauetan.

Urte hauetan zehar Nafarroan Abiadura Handiko Trenaren edo Prestazio Handiko Trenaren lanak ez abiarazteko hainbat arrazoi azaldu dira, eta baita gure Komunitatearentzat, bere baliagarritasuna, errentagarritasun sozioekonomikoa, eta lurraldearen zein ingurumenaren eraginaren azterketa sakona egitea ere eskatu.

Hala ere, Nafarroako Erdialdean gertatuko dena ikaragarria da, Tafallan, Erriberrin, Martzillan, Villafrancan... gaur egun dituzten trenbide loturak galduko dituzte. Madrilera bidaiatzeko gaur egun baino denbora luzeagoa beharko dute, Iruñeraino kotxean joan beharko dute, aparkalekua ordaindu,

AHT berria hartu, eta Erdialdetik berriz pasatu, tiketa gehiago ordaintzeaz gain. Hau da, denbora luzeagoa beharko dute, arrisku handiagoa izango dute eta garestiago aterako zaie. Norbait ausartzen da erabaki horren logika azaltzera?

Iruñeko trenbidearen saihesbideari dagokionez, beste tokietan, hosgabetzen, hesitzen edo herriguneetatik pasatzen diren trenbideak isolatzen inbertitzen da dirua, arriskuak eta eragozpenak gutxituz. Hemen, dagoena alde batera utzi eta azpiegitura berri batean dirua xahutu nahi da. Bestalde, ez dago mugikortasun eta diru aldetik plangintza on bat duen hiririk bere geltokia erdigunetik urruntzeko euro bat gastatuko duenik, kontrakoa, Europan geltokiak hiriaren erdialdean kokatzen dira. Ez da interes ekonomiko berezirik egongo geltoki berria Etxabakoitzen kokatzeko?

Hori dena jakinda, oraingo Nafarroako Gobernua tematzen ari da eta AHT/PAT eraikitzeko lanekin jarraitzeko hitzarmen bat sinatzeko negoziazioa abiaraztea erabaki du.

Orain dela gutxi, Iñigo de la Serna Espainiako Gobernuko Ministroaren (PP) eta Manu Ayerdiren Nafarroako Gobernuko lehendakariordearen (Geroa Bai) artean izandako bilera argigarria izan da, itxurakeriak alde batera utzita: ados daude.

Teknikoki, gaur egungo azpiegitura hobetzeko aukerak aztertu gabe jarraitzen dute, eta ekonomikoki, ministroak argi utzi zuen: aurreikusitako 675 milioi euroak orain “800 bat milioira” handitu nahi da, “eta behar bada 1.000 milioira handituko dugu”. Horrela hartzen dira erabaki politikoak, eta horrela xahutzen da diru publikoa, ez da hobeki azaltzen ahal batzuen eskuetan egosten ari dena AHT/PATari buruz ari garenean.

Madrilgo saltsa hau Nafarroara ekarrita, hainbat bertsio eta irakurketa agertzen dira, aste honetan bertan Gobernuaren bozeramaileak, Maria Solanak emandakoa, eta Manu Ayerdi lehendakariordeak emandakoa, badirudi kontraesanak daudela. Futbolean baloirik gabeko lasterketa izango zen, aurkariak jarraitzeko, hura despistatu eta gero gola beste aldetik sartu.

Kasu honetan barraskiloaren lasterketa izango litzateke, emeki-emeki, euria egiten duenean eta eguraldiak laguntzen duenean, burua atera eta AHTa eskatu Madrilen, Madrilek Nafarroan onartu ez daitekeen hitzarmen bat jartzen du mahai gainean, Nafarroako Gobernua babesten duten partiduak horrelako diru xahutzea eta aurrekontuan utziko duen itzala ez dutenez onartuko, orduan, oraingo Nafarroako Gobernuak itxura eginez, amore emango du harreman onak mantentzeko, eta barraskiloari adarrak ukitzen zaizkionean bezala eginen du, adarrak bilduko ditu baina ez du bere posizioan atzera eginen.

Zer gertatuko da? Estrategia eta antzerkia aurrera doazela, Nafarroako Gobernuak ez du Madrilek mahai gainean jarri dioen hitzarmena onartuko, Nafarroako Erdialdeko gatazka soziala Madriletik kudeatuko dute, ez da hitzarmena onartuko eta Madrilek “utzitako eskumena” berreskuratuko du,erakargarriago den interes bat baitago, Etxabakoitzeko garapen urbanistikoa eta geltoki berria eraikitzea.

Kasu honetan, estrategia ez da Nafarroarentzat eskumen gehiago eskatzea, baizik eta “utzitako eskumena” lagatzea gatazka txiki bat gainetik kentzeko eta aldi berean Etxabakoitzeko goxokiarekin gelditu, proiektu osoa bultzatuz.

Nola bultzatu UPN/PSNk planteatutako proiektu zaharra oraingo Nafarroako Gobernua babesten duten partiduekin, Nafarroako Erdialdearen kontura eta eskuak zikindu gabe? Ba modu honetan, emeki-emeki, barraskiloa bezala eta behar denean adarrak gordez. “Kalapita” dator, baina Shakespearen antzezlan melodramatiko hoberenetan ere, parte hartzen dutenak antzezten ari dira.

Antzerkiarekin edo gabe, hainbat gauza ez dira hainbeste aldatu, hamahiru urte eta gero hemen jarraitzen dugu, galdera gehiegi jarraitzen dute erantzunik gabe. Zein da Castejonetik Campanasera egin nahi den zatiaren aurrekontua, 675, 800 edo 1.000 milioi euro? Trenbide eredu merkeago bat behar dugu, Suitzakoaren antzekoa, egituratua eta lurraldearen arabera antolatua? Edo trenbide eredu garestia, elitista, zentralizatua, errentagarritasun azterlanik gabekoa, irizpide politikoekin diseinatua?

Sustrai Fundaziotik, Nafarroako jendartearekin dugun konpromisoa berresten dugu, gure hitza ematen dugu, oraindik justifikaziorik ez duen proiektu honetan gastatzen den euro bakoitza ikuskatuko dugu.

Nafarroan, Nafarroatik eta Nafarroarentzat nahi dugun garraio ereduari buruzko prozesu partehartzaile gardena eta erreala eskatzen jarraituko dugu. Gertatzen dena gertatzen dela, urteak joan ahala, kudeaketa ez eraginkor honengatik aurreikusten dugun hondamendi ekonomiko, politiko eta soziala ikuskatu eta salatuko dugu.

AHTak errentagarritasun sozial eta ekonomikoa duten zerbitzu publikoetan ordea, murrizketak ekarriko ditu nahi eta nahi ez: murrizketak osasungintzan, hezkuntzan, beketan, ikerketan, desgaitasunean, genero

politiketan, doako justizian, kulturan, enplegu publikoan, pentsioetan, unibertsitate publikoan, lehenengo sektorearen diru-laguntzetan, laborategi publikoetan, enplegu berezietako zentroetan, suhiltzaileetan, ospitaleko larrialdietan, ingurugiroan, eta beste hainbat esparrutan, non inbertsioak aski justifikatuta dauden.

Ez dugu Navarra Arena berri eta dotorerik nahi. Madrilek ordaindu edo Nafarroak ordaindu, diru publikoa da eta azkenean guztiok ordainduko dugu.

Nerea Martiarena Vallejo (Sustrai Erakuntza Fundazioa)

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude